Rigloseko eskalada mota eta arrokarekin lehen
kontaktua izateko aukera polita Mallo Coloradora hurbiltzea eta bertako bideren
bat egitea izaten da. Daudenen artean errepikatuena Anorexia izaten da. Oso
ongi ekipatutako bidea da. Dituen zailtasun aipagarriak bi zailtasun puntual
dira, biak lehenengo luzean. Bigarren luzea, zoragarria. Zailtasunean
iraunkorra, baina esku eta oinentzako euste-leku piloekin eta itsasgarritasun
handiko harkaitzarekin.
Bidea identifikatzeko lehenengo luzearen erdi aldera
dagoen harri handi berezi bat aurkitu behar da. Harri horren eskuinean, metro eta
erdi eskasera, beste harri marroi txikiago bat dago. Bidea bi harri horien
erditik doa. Anorexia bidearen txapak metal kolorezkoak dira. Ez nahastu metro
batzuk eskuinera dagoen txapa beltzeko lerroarekin.
Iristeko:
Riglos herrira hurbildu eta bere sarreran,
eskuinean, kanposantura igotzen den errepidetxoa hartu. Bertatik igo eta
kanposantu alboan egin duten aparkaleku handian kotxea utzi.
Hurbiltzeko: Apur bat jaitsi eta hormetara jotzen duen
pista hartu. Lehenengo bidegurutzean ezkerrera hartu eta berehala bidezidor
zabal eta garbi batetik igotzen hasi behar da. Hormatik gertu gaudenean, bidea
utzi eta beste bide estuago batetik hormaren oinarrira hurbildu behar da.
Kotxea uzten den tokitik, guztira, 25 min. inguru aurreikusi.
L1
(40 m, 9 aseguru 5c). Lehenengo sabaira (3. asegurura) iritsi arte,
plaka. Zuzen gogorra ateratzen da pasagunea eta hobeto da gure eskuinean,
txapatik metro eta erdi ingura, geratzen den pitzadura baten laguntzaz pasagunea
gainditzea. Hurrengo sabaia ezkerretik ingura daiteke. Zailtasuna jaitsi egiten
da sabai desplomatu batera iritsi arte. Bertan blokeozko pasagune bat dago,
baina bi aseguru gertu dituenez ongi babestuta dago. Euste-leku on batean
blokeatu, oinak igo eta txapatu. Ondoren eskuinetik jarraitzea errazago da.
Bilgunea erlaitz handi batean kokatuta dago (eraztun horiko bi parabolt).
L2
(45 m, 8 aseguru 5a). Behetik ikusita plakak ez dirudi hain
bertikala denik, baina benetan horrela da. Luze zoragarria. Zailtasun
iraunkorra, baina eskuentzat eta oinentzat euste-leku piloarekin. Arroka
itsasgarritasun ezin hobekoa da. Plaka amaitzerakoan bilgunera iristeko
espoloitxo bat gainditzea soilik geratzen da.
L3
(30 m, 1 aseguru 3b). Bilgunetik zuzen irten eta grada batzuetatik
igo (1 aseguru). Ondoren asko etzaten da eta bilguneraino ia oinez igotzen da.
Bost metro eskasean hiru bilgune daude. Bi 20 mm metrikakoak izan daitezkeen
parabolt bakar batez osatuta daude eta eskuinean dagoena metal kolorezko bi
paraboltez. Gure bilgunea hirutatik ezker ezkerrean dagoena da.
L4
(35 m, 4 aseguru 5b). Bilgunetik irten eta apur bat ezkerrera joz
igotzen hasi. Pasagune finen bat duen 15-20 metro inguruko horma bertikal bat
gainditu behar da. Ondoren plaka asko etzaten da. Bilgunea R3 modukoa da,
eraztun horia duen parabolt handi bat da.
Jaitsiera:
Oinez gailurrera igo. Bertan zinta eta kableak
dituen ipuru handi bat aurkituko dugu. Bertatik 35 metro inguruko rapel bat
egin behar da, 70 metroko soka batekin nahikoa da. Ondoren bidezidor batetik jaisten da bidearen hasieraraino.
Ipuruan ohikoa izaten da jaisteko errenkadak sortzea. Jende ugari eskalatzen
dabilenean pazientzia apur bat izan beharko dugu.
Ez badugu inor aurkitzen, 20-25 minututan bidearen
oinean gauzak jasotzen egon gaitezke.
Materiala: 9 zinta + bilgunerako
materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Kareharria (Konglomeratua).
Orientazioa:
Hegoa.
Eguzkia goiz goizetik.
Iraupena: 1h45min.
Nork
irekia:
Javier Oliván, 1993.
0 comentarios:
Publicar un comentario