Bideen zerrenda

2025/05/29

Aniés - Mèche coicièe! (95 m, 6a, derrigorrez 5b/A0)

Bideen zerrendarako lotura

Bide laburra inguru eder batean. Sabelak eta tarte ia horizontalak tartekatzen dituen bidea da. Zailtasunean ez da bide oso jarraia. Bigarren luzea jarraituena eta politena. Sabelek bularrerainoko altuera dute eta denek dute pasagune fin bat (normalean, oinak asko igo behar dira eta eskuetarako gauza gutxi dago). Hala ere, A0 moduan egin daitezke. Ongi hornitua eta, oro har, harkaitza ona da, baina oraindik jende gutxi igaro dela ikusten da. Bilerak leku erosoetan.
Ez da espreski egitera joateko bide bat, baina inguruan egonez gero, aukera ona izan daiteke txoko polit eta bakarti bat ezagutzeko. Denbora izanez gero, aurreko haitzaren oinarrian dagoen San Kristobal baseliza bisitatzea gomendatzen dugu (10 minutuko jaitsiera da).
Bidearen izena arrokan barauts bat trabatu zitzaielako da. Barautsa lehenengo paraboltaren alboan dago.

Iristeko: Anies herrira hurbildu. Herria zeharkatu eta herriko irteeran pista bitan banatzen da. Eskuineko adarra hartu eta 4,5 km-tan jarraitu ermitara jaisteko bidea adierazten duen zutoina aurkitu arte.
Pista egoera onean dago ibilgailu arruntentzat. Herritik 1,5 km-ra bidegurutze bat aurkituko dugu, gora egiten duen bihurgune batean. Eskuinetik jarraitu. Herritik 1,8 km-ra iturri bat dago (80 m inguru jaitsi behar da bidezidor harriztatu batetik). 3,2 km-ra, ur-putzu baten albotik igarotzen da.




Hurbiltzeko: Ermitara jaisten den bidetik jaitsi. Lepo moduko batera jaisten da. Ezkerreko haitzera igo, baina ez igo gailurreraino. Metro batzuk lehenago, gainaldea eskuinetik inguratu behar da (ikus irudia), R3a aurkitu arte. Hortik rapelatu behar da. Kontuz! Bilera horren aurretik beste bat dago, baina beste lerro batekoa da. Autotik 8-10 minutu inguru dira.

R3ak ez du eraztunik. Gureak utzi behar dira eta bidea amaitzerakoan berreskuratu.

Jaitsiera: 60 m-ko bi sokekin tirada batean R1era jaitsi ginen (50 m inguruko rapela). Beste rapel labur batek R0an uzten zaitu. Soka laburragoekin lehenengo tirada bitan bana daiteke.

 

L1 (20 m, 2 aseguru, 4c). Bileratik ezkerrera jo. Parabolt batek babestutako erresalte bat. Asegurua dagoen lekutik igota, fina da pasaguena. Ezkerretara 2 m inguru desbideratu, sabeltxoa gainditzeko. Ondoren, erresalte labur bat, aseguruaren ezkerretara, metro batera, igota hobeto gainditzen dena. R nahikoa eskuinean (2 parabolt sokaz lotuta eta mailon bat).
L2 (25 m, 5 aseguru, 6a edo 5b/A0). Oinak asko igotzea behartzen duen sabela. Eskuentzat gauza gutxi dagoenez oinekin altxa behar da. A0 modura egin daiteke. Berehala antzeko beste sabel bat. Gero, nahiko etzanda dagoen plaka batek harri zati handiagoak dituen horma bertikal batean uzten gaitu. Tarte horretan bi pasabide fin daude. Bat, eskuinetara geratzen den erlaitz batera igotzeko (orekazko pasagunea), eta bestea, oina asko igo behar dena.
L3 (49 m, 3 aseguru, 5c edo 4b). Bileratik eskuinetik irtetea. Ondoren plataforma zabal batetik ezkerrerantz egin behar da (ibiltzen). Euria egin ondoren bustita egon daitekeen txorrotada bat gurutzatzen da. Parabolt batez hornitutako erresalte batek azken sabelaren oinarrian uzten gaitu. Sabela igotzea ez da derrigorrezkoa, eskuinetik inguratuz saihestu baitaiteke (oinez). Sabelak pasagune txiki bat du. Belauna harri handi batean jarrita (badakit ez dela oso dotorea) errazago egiten da.




Materiala: 6 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak (horiek jartzeko ere ez dago gauza handirik).

Arroka: Konglomeratua.
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Iraupena: 1 h (rapelak kontuan hartu gabe)
Nork irekia/ekipatua: Fabien Naegelen eta J.P. Rio, abendua 2019.

Cambiar idioma (Castellano)

 

 

 

 

No hay comentarios:

Publicar un comentario