© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2014/06/17

Txindokiko beste leku batzuekin alderatuta, agian, ez da leku hain ezaguna, baina eskalada egun eder bat igarotzeko aukera polita izan daiteke. Hurbilketa luzeak jende asko desanimatzen du eta beraz, Txindoki osoa bezala, leku lasaia da. Lehenengo luzeetan arroka oso trinkoa da eta uraren higaduraz sortutako kanaltxoen laguntzaz igotzen dira. Hasieran, ez bazaude ohitura, lehenengo luze horiek eskalatzea arraroa egiten da, eskuentzat euste-leku gutxi dituen arroka trinkoan eskalatzen ohituta ez bazaude behintzat. Eskuentzat euste-leku on bat bilatzera jotzen da, eta benetan oso gutxi daude. Oinetan “sinetsi” beharra dago.
Ekipamendua egokia da, baina batzuetan aseguruak apur bat gertuago egotea faltan botatzen da. Bilgune guztiak rapelatzeko prestatuta daude (bi parabolt eta bi mailon). Azken bilgunea inguruko bide guztion bilgunea da (katez lotutako 2 parabolt eta eraztuna).

Iristeko: Amezketatik Abaltzisketa herrira igo eta Larraitz auzoraino jarraitu. Bertan dauden aparkalekuren batean kotxea aparkatu.

Hurbiltzeko: Txindokira daraman bidea hartu. Igotzen ia ordu inguru pasa ondoren Oria iturrira iritsiko gara. Bideari jarraitu eta ataka metaliko bat zeharkatu baino lehen, kartel bat dagoen lekuaren parean, ezkerreko bidezidorra hartu. Zig-zag eginez zelaitik gora egiten du bideak. Hesi bat zeharkatuko dugu. Askoz gorago, gure bidearekiko elkarzuta den beste bidezidor batekin topo egiterakoan, ezkerrera egin. Berehala gara plaka gorrien oinarrian. Kotxetik 1h15min-1h30min inguru kalkulatu.

Peter Punk (5c, 110 m, derrigorrez 5b)
Plakako eskalada nagusitzen da bidea. Oinetan fidatu beharreko itsasgarritasunezko pasagune ugari aurkituko ditugu, eskuentzat gauza gutxi aurkituko baitugu eta. Bigarren luzeak eskalatzeko oso polita den ur-tantez osatutako zatia du.

L1 (40 m, 6 aseguru, 5a). Tentetzen doan arroka trinkoz osatutako plaka. Luzea ezkerretik eskuinera jotzen duen kanaltxo okertu baten alboaren azpitik doa. Pasagune fina laugarren eta bosgarren aseguruen artean. Lehenengo metroak nahiko etzana den plakatik egin arren, lehenengo asegurua urruti geratzen da (8-10 metrotara). Bosgarren asegurutik aurrera eta bilgunera iritsi arte, plaka asko etzaten da. Azken asegurutik bilguneraino zati erraza, baina 8-10 metro daude asegururik gabe.
L2 (45 m, 7 aseguru, 5a). Euste-leku onak dituen plaka trinko bertikala hasieran. Gero, hirugarren asegurutik bilguneraino, ur-tantez osatutako plaka. Luze oso polita.
L3 (25 m, 4 aseguru, 3b). Hasieran kanaltxo sakon baten laguntzaz igotzen den plaka. Ondoren itsasgarritasun pasaguneak dituen plaka leuna. Azken 8-10 metroak errazak, baina asegururik gabe.

Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.
Arroka: Kareharria. Arroka oso trinkoa lehenengo luzean.
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Iraupena: 1h30min.




Eskualido Karnero (4c, 105 m, derrigorrez 4c)
Plakako eskalada nagusitzen den bidea, baina hiru luze oso desberdinekin. Lehenengoan kanaltxoak dituen plaka nagusitzen da. Bigarrenean pitzadura baten laguntzaz eskalatzen da. Azkenekoan ur-tantak nagusi dira.

L1 (45 m, 5 aseguru, 4c). Hasieran bi kanaltxo paraleloak dituen plaka. Lehenengo asegurua apur bat altu. Urrutiratzeak hirugarren eta laugarren eta laugarren eta bosgarren aseguruen artean. Laugarren asegurua pasa eta gero plaka asko etzaten da. Laugarren asegurutik aurrera eskuinera argi joz  igo behar da. Ezer gutxi jarri daitekeen arroka trinkoa aurkituko dugu hor. Hala ere, ongi dator friends edo zintaren bat eramatea plaka etzan horretako urrutiratze horiek pitzadura batekin edo arroka-zubiren batekin babesteko.
L2 (35 m, 6 aseguru, 4b). Kanaltxoak dituen plaka hasieran. Pasagunetxo bat plakara igotzeko. Ondoren eskuinetik ezkerrera jotzen duen pitzadura. Babaresa moduan ongi igotzen da. Azken zatian nahiko horizontala den pitzadura-tximinia zabal bat. Zaila da erabakitzen barrutik edo kanpotik hobe den igotzea. Azken asegurua  jarri eta gero ez igo gure gainean, goran, ikusten den bilgunera. Gure ezkerrean geratzen den harri handiaren parean, metro batzuk ezkerrera desbideratu behar da bigarren bilgune bat aurkitzeko.  Bigarren bilgune hau goian ikusten den hori baino metro batzuk beherago aurkitzen da eta azken luzearekin hobeto lerrokatua dago.
L3 (25 m, 4 aseguru, 4c). Erdian kanaltxo bat duen ur-tantez osatutako plaka. Parabolt batez ongi babestutako azken sabaitxo bat bilgunera iritsi baino lehen.

Material: 6-7 zinta + bilgunerako materiala. Friends ertain edo handiren bat edota zintaren bat lehenengo luzerako.
Arroka: Kareharria. Arroka oso trinkoa lehenengo luzean.
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Iraupena: 1h30min.

Jaitsiera: 60 metroko bi sokekin R3 bilgunetik Eskualido Karnero bidearen R1 bilgunera jaisten da. Bertatik beste rapel batekin lurrean gara.
Kontuz, 60 metroko bi sokekin oso, baina oso, justu iristen da Peter Punk bidearen R1 bilgunera. Bilgunetik metro erdi eskasera geratzen zata. Aukera hori hautatzen badugu sokak korapilo batekin elkartu.

Categories: , , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario