© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2019/09/11

Sendero Límiteko lagun nekaezinen beste bide bat. Azken urte hauetan eskaladako bide onak gustatzen zaizkigunentzat erreferentzia bihurtu dira. Eskertzekoa da hartzen duten lana.
Azken bide hau GOXOKI bat da (letra larriz). Hurbilketa labur bat (15 min), zailtasuna atsegina, luxuzko ekipazioa (aseguru guztiak behar diren tokian jarrita daude; ekipazioa eskalada eskola batekoa dela esan genezake) eta aparteko kalitate duen arroka ditu.
Noizbehinka zati bertikal motz batzuk izan arren, eskalada gehiena plaka etzanetatik egiten da. Beheko luzeak zertxobait trantsiziozkoak dira, baina laugarren luzetik aurrera gauza asko hobetzen da eta luzeak oso politak dira.Pena bat da hain azkar amaitzea. Luzeak elkartzeko aukera dago. Guk L3-L4, L7-L8 eta L9-L10 luzeak elkartu genituen, baina bete aukera batzuk egon daitezke.
Asko errepikatuko den bidea izango dela uste dugu. Eskalatu ez duen jendea eramateko, bide luzeetan eskalatzen hasteko edo ikastaroak emateko bide aproposa. Ez dago altuera sentsazioa eta Bainuetxe aldera eta Garmo Negro aldera da dauden bistak zoragarriak dira.

Iristeko: Panticosako Bainuetxera hurbildu eta Casa de Piedra aterpearen aurrean dagoen aparkalekuan kotxea utzi.

Hurbiltzeko: Aterpe atzean jaiotzen den GR bidezidorra hartu eta La Reina behatokira igo (10 min). Metro batzuk aurrerago (50 m ingurura) bidegurutze batekin egingo dugu topo (zutoin bat dago).  Eskuinera hartu, errekara hurbildu eta zubia gurutzatu. Zubia gurutzatu eta berehala ezkerrera egin eta 10-15 metrora aurkituko dugu bidearen hasiera (2 pinuen alboan).

L1 (30 m, 7 aseguru, 5a). Helduleku onak dituen sabaitxoa hasieran. Zertxobait ezkerretik ekinez hobe gainditzen da. Ondoren heldulekuak dituen horma bertikal batek plaka oso etzan batean uzten gaitu. Plaka goroldio beltzez zertxobait hartuta dago, baina ez du eragozten. Bilgunea harriaren irtengune batean.
Luze hau hurrengo luzearekin elkartzeko aukera dago, baina horrela eginez bikotearen arteko komunikazioa ezinezkoa da (ez zara entzuten errekak egiten duen soinuarengatik). Hobe bilgunea hemen egitea.
L2 (35 m, 5 aseguru, II).  Belarrak eta goroldioak (ez dute eragozten) zertxobait hartutako plaka oso etzana. Plakan eskuin aldera igo behar da eta hain etzana da ia oinez igotzen dela.
L3 (20 m, 3 aseguru, 4b).  Bi paraboltekin oso ongi ekipatuta eta itsasgarritasunezko pasagunetxo bat duen plaka labur bat. Beste guztia trepada bat.
L4 (25 m, 3 aseguru, 3a).  Plakatxo labur batek helduleku  ugari dituen horma bertikal labur baten aurrean uzten gaitu. Guztiz horizontala den plataforma harritsu batera irteten da.
L5 (30 m, 7 aseguru, 5a).  Itsasgarritasunezko plaka bertikala hasieran helduleku onekin. Gero plaka etzaten joaten da.
L6 (20 m, 4 aseguru, 4c).  Hasieran zimurrez josita dagoen granitozko horma bertikal motz bat. Ondoren plaka etzaten doa.
L7 (20 m, 5 aseguru, 5a).  Bilgunetik irteteko sabaitxo bat. Bertan dago luzeko pasagunea. Ondoren plaka gozagarri bat.
L8 (20 m, 6 aseguru, 4c). Zati bertikal motz bat “s” forma duen pitzadura zabal batekin. Oso ongi babestua. Aipamen originalean egileek 5b zailtasun maila ematen diote, baina guretzat askoz errazagoa iruditu zitzaigun. L7 eta L8 luzeak elkartu genituen eta pasagunetxo zailena L7ko hasieran dagoen sabaitxoa iruditu zitzaigun.
L9 (20 m, 2 aseguru, II).  Ia oinez igotzen den plaka oso etzana. Pinu batzuk dituen plataforma belartsu zabal batera irteten da. Horietako batean bilgunea egiteko aukera dago (pinu batek Sendero Limite izena idatzita daukan zinta gorri bat dauka) edo zertxobait atzerago, hurrengo harrizko plakaren oinarrian (parabolt 1).
L10 (20 m, 2 aseguru, II).  Arre kolorea duen intrusio magmatiko batez osatutako eskailera batzuk hasieran. Ondoren pinuak  dituen plataforma belartsu zabal batean uzten gaituen plaka oso etzana. Bilgunea pinu horietako batean. Azken bi luze hauek hobe da elkartzea, ez du pena merezi bakoitza bere aldetik egitea.




Jaitsiera: Oso etzana den plaka batetik metro batzuk oinez  metro batzuk igo eta mugarri batzuk ikusiko ditugu (bai eskuinean, bai ezkerrean). Eskuin aldera jaitsi eta minutu pare batean bidezidor argi eta zabal bat ikusiko dugu (“camino Machos”). Bide hori jarraitu eta 20 minututan zubian izango gara. Beste 10 minutu beharko ditugu aparkalekura iristeko.

Materiala: 7-11 zinta (luzeak elkartzen badira edo ez) + bilgunerako materiala. Friendsak eta fiseroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Granitoa
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Iraupena: 2h15min.
Nork ekipatua: Carlos Budría, Jesús Escartín, Luis Royo eta Julio Benedé, iraila 2018.


Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario