© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2010/10/10

Txindokik bere hormaren eskuinaldean bi bide erraz eskaintzen ditu eskalatzen egun on bat igarotzeko. Zailtasun aldetik nahiko bide homogeneoak dira. Horma plaka etzanez osatuta dago eta arrokaren kalitatea oso ona da. Petrel bidean aseguruak urrun daude eta trasteak (friendak, fisureroak edo zintak arroka-zubietan) jartzen praktikatzeko balio dezake. Patxirena bidea hobeto ekipatuta dago.


Iristeko: Amezketara joan eta bertatik Larraitz auzora igo. Bertan kotxea uzteko aparkaleku handi bat aurkituko dugu.  
Hurbiltzeko: Pistatik igo eta Txindokiko gailurrera doan bidea hartu. Oinez hasi eta handik 45 minutu ingurura iturri bat aurkituko dugu. Leku aproposa ura hartzeko. Bidea jarraitu eta iturritik 100 metro aurrerago ataka bat aurkituko dugu. Ataka zeharkatu baino lehen ezkerrera jaiotzen den bidezidorra hartu. Malda gogor batetik hormen oinetaraino igo (malda erdian hesi bat zeharkatuko dugu). Ezkerrera egin, harkaitza gorrixka duen plaka baten azpitik igaro eta berehala gara gure sektorean. Kanal batetik bideen R0 bilguneraino igo (1h25min).

Petrel (4b, 90 m, derrigorrez 4a)
L1 (35 m, 3 aseguru, 4a): Grieta-fisura batekin hasten da bidea. Plaka etzan batetik jarraitzen du (asegurua urrun). Bilgunera iritsi baino lehen horma txiki bat eusteko leku onekin.
L2 (30 m, 3 aseguru, 4a): Luzearen lehenengo zatia grieta-fisura bat da. Gainditu ondoren eskuinera pasa eta plaka etzan batetik bilguneraino igo. Plaka osoan aseguru bakarra dago, baina trasteak sartzeko eta arroka-zubiak ipintzeko aukera nahiko daude.
L3 (25 m, 2 aseguru, 4b): Bilgunetik metro pare bat horizontalki ezkerrera egin eta diedrotik igo. Lehenengo asegurutik ezkerreko hormara pasa eta ondoren zuzen bilguneraino igo. Azkeneko zati honetan asegururik ez da, baina trasteak sartzeko aukera handia aurkituko dugu.

Jaitsiera: Patxirena bidetik rapelatzen.
Materiala: 6-7 zinta + bilgunetarako materiala. Friend ertainak, fisureroak eta 2-3 zinta arroka-zubientzat.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa
Garaia: Udaberria, udara eta udazkena
Iraupena: 1h15min.



Patxirena (4b, 90 m, derrigorrez 4a)
L1 (30 m, 5 aseguru, 4b): Arroka trinkoz osatutako plaka. Pasagune fin bat bilgunera iristeko.
L2 (30 m, 5 aseguru, 4b): Bilgunetik plaka etzan batetik eskuinaldera igo. Metro batzuk gorago dagoen grieta-fisuratik igo. Azken aseguruan eskuineko plakara irten eta bilguneraino igo.
L3 (30 m, 7 aseguru, 4b): Plakatik igo. Luzearen erdialdera ongi babestutako (aseguruak gertu) pasagune fin bat dago. Eskuinetik hobeto igarotzen da. Plakatik jarraitu baino sabairaino ez igo. Luzeraren ibilbidea sabaiaren eskuin aldetik doa. 

Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. Bilgune guztiak eraztundun 2 paraboltez ekipatuak daude.
Materiala: 7 zinta + bilgunetarako materiala. Friend eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa
Garaia: Udaberria, udara eta udazkena
Iraupena: 1h15min.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

2 comentarios:

  1. Kaixo,
    Lehenik eta behin, mila esker blog honen bitartez egiten duzun lanagatik. Luzera anitzeko eskalada bideak egiten hasten ari garenontzat oso baliagarria da.
    Bakarrik komentatu, Patxirena bideko bilera guztiak errekipatu dituztela eta gaur egun (2015/09/19) eraztundun 2 paraboltez osatuta daudela (kate eta deskuelgerako mosketoirik gabe).
    Aio.

    ResponderEliminar
  2. Eskerrik asko infoarengatik.
    Eguneraketak sartuko ditut.
    Ongi izan.

    ResponderEliminar