© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2010/12/03

Bere alboko bideen ezaugarri antzekoak ditu bide honek. Maila eskuragarria, zailtasuna jarraitua eta, orokorrean, kalitate oneko arroka bigarren luzean izan ezik.
Bidea ekipatua dago, baina friend edo/eta fisureroekin osatu beharrekoa da, aseguru batzuen artean nahiko distantzia dago eta. Hirugarren luzeko pasagune gogorra oso ongi ekipatua dago eta, behar izatekotan, A0-n egin daiteke.

Iristeko: N-1 errepidez Egino herrira hurbildu eta eliza inguruan aparkatu.
Hurbiltzeko: Elizatik hormen aldera doan kalea jarraitu. Lehenengo bidegurutzean eskuinera hartu. Ondorengoan ezkerrera. Berehala ataka metaliko batekin aurkituko gara (ikus argazkia). Zeharkatu eta pistatik igo. Ur-biltegiaren ondotik pasa eta apur bat aurrerago pista bitan banatzen da. Eskuineko bidea hartu. Hormetara iristerakoan eskuin aldera jarraitu lehortutako erreka bat aurkitu arte (euri asko egin duenean, batzuetan, ura eramaten du). Erreka zeharkatu, ezkerrean geratzen zaigun maldatik igo eta horma eskuinetik inguratu bidearen hasierara iristeko. Guztira kotxetik 25 min inguru.


L1 (40m, 8 aseguru, 5a). Plaka batekin hasten da. Ondoren euste-leku onak dituen horma bertikalago bat. Zati hori igaro ondoren plaka apur bat etzan egiten da, baina arrokaren kalitatea okertu egiten denez arretaz jarraitu behar da. Blokez osatutako zati bat igaro behar da bloke handi batean eraikitako bilgunera iristeko. Lehenengo asegurua urruti, 7 metro ingurura.
L2 (20m, 4 aseguru, 4a). Bilgunetik lehenengo asegurura doan zatian arrokaren kalitatea txarra da eta, nahiz eta zaila ez izan, arreta handia jarri behar da. Gero gauza hobetzen doa. Luze osoko euste-leku gehienak pintza modura hartzekoak dira. Ondo datoz friend ertain edo fisurero pare bat lehenengo zati honetarako, lehenengo asegurua 4-5 metrotara baitago.
L3 (40m, 10 aseguru, 5c). Lehenengo asegurua apur bat urruti (6 metro ingurura). Zati hau nahiko erraza da, baina ongi dator zerbaitekin osatzea. Lehenengo asegurutik bigarrenera (sabaiaren azpian dagoen horretara) 10 metro inguru daude eta ez dago ezer ipinita. Tarte hori nahiko erraza da (4a), baina ongi dator friend edo fisureroren batekin osatzea. Sabaia dirudiena baino errazagoa da eta erraz gainditzen da. Gero datorren plakak arroka trinkoa du eta oso ongi babestua dago. Apur bat estutu behar den itsasgarritasunezko pasagune fin bat du, baina A0-n gainditzeko aukera dago.
L3bis (25m, 1 aseguru, II-III). Hasieran kresta zati txiki bat, erraza, baina arroka oso apurtuarekin. Krestaren lehenengo eta zailtasun bakarra ezkerretik (zuhaitza) edo eskuinetik (parabolt 1) igaro daiteke. Metro batzuetan kresta jarraitu eta gero ezkerrera egin, plataforma handi baten bila. Bertan bi arroka-zubi sendoz osatutako bilgunea aurkituko dugu.
L4 (25m, 7 aseguru, 4b). Hormatxo bat hasieran eta ondoren ur-tantez osatutako plaka polit bat. Plaka gainditzerakoan luzeak ezkerraldera egiten du. Bilgunea arte batean.
L5 (25m, 5 aseguru, 5a). Ezkerraldera trabesi horizontal batekin hasten da luzea (5 metro inguru). Ondoren zuzen igo euste-leku txiki baino onak dituen plaka bertikal batetik. Bilgunea aurkitzeko luzeak ezkerrera egiten du, ia horizontalki. Bilgunea hau Elmer bidekoa da ere.
Bilgunetik irten eta 80-100 metro eskuin aldera egin, ia horizontalean, espoloitxo nabari baten bila, bertatik jarraitzen baitu bideak eta.
L6 (35m, 8 aseguru, 4b). Arroka trinkoz osatutako plaka etzan batekin hasten da luzea. Ondoren euste-leku onak dituen plaka bertikal bat. Luzearen azken herena gorantz eta eskuinera jotzen duen trabesi bat da.
L7 (40m, 4 aseguru, 4b). Bilgunetik zuzen irten eta gure gainean geratzen den gailurtxo batetara jo. Lehenengo asegurua urrun, 15 metro ingurura. Zati hau erraza da,  baina harri  eta bloke solteren bat edo beste ditu. Arreta apur bat jarri behar da, baina zati hau bigarren luzeko zati delikatua baino askoz hobeagoa da. Lehenengo asegurutik amaieraraino luzeko arroka kalitatezkoa da. Plaka etzanean itsasgarritasunezko pasagune finen bat, baina ongi babestutakoa.


Jaitsiera: Azken bilgunetik, bide egokienetik, goraino igo (mugarri batzuk badira). Goian ezkerraldera jo eta Azor-eko bide arruntetik oinez jaitsi. Lurra bustiarekin kontuz ibiltzeko jaitsiera da. Kotxeraino guztira 50-60 min inguru.
Jaitsieraren krokis on bat hemen aurki dezakezue: http://gorobeletikmundura.blogspot.com/2011/08/bajada-egino-jaitsiera.html  
R5-etik posible da bidetik jaistea Elmer bidetik rapelatuz (bilguneak bi parabolt eta bi eraztunekin osatuak).

Materiala: 12 zinta + bilgunetarako materiala. Ekipamendua osatzeko 3 edo 4 friend ertain, fisureroak eta zinta luze batzuk.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa
Garaia: Urte osoa (arrokari lehortzeko denbora ematen baldin badiogu).
Iraupena: 3h15min
Ekipatzailea: Antxon Gorrotxategi

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario