© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2011/02/08

Ziurrenik Etxauriko bide luze errazenetariko bat dugu hau. Bide hau luze motzak eta estilo aldetik desberdinak izateagatik bereizten da.  Lehenengo hiru luzeetan plakak dira nagusi eta azken bietan, ordea, diedro-tximiniak. Pareboltekin ongi ekipatua eta arroka oso onekoa. Goitik, azken bilgunetik, bailara aldera ikusten den paisaia zoragarria da.

Iristeko: Etxauri herrira hurbildu behar da. Herria zeharkatu eta Lizarra aldera jarraitu. Etxauriko mendatea igotzen ari garela errepide ertzean dagoen aisia-gunean aparkatu (eskalada sektoreei buruzko panel adierazle bat du). Kartelaren arabera puntu horretako altuera 558 m dira.
Hurbiltzeko: Gure bidea 10. sektorean dago. Aisia-gunean jaiotzen den bidezidorra hartu. Apur bat aurrerago, 50 m ingurura, bitan banatzen da. Eskuineko bidezidorra hartu. Kotxetik hormaren oinarriraino 15 min inguru.

L1 (25m, 7 aseguru, 4b). Bidea harkaitz-sabai bereizgarri baten alboan hasten da. Ezkerretik eskuinera doan diedro-pitzaduratxo batetik igo behar da. Zati hori gainditutakoan bideak eskuinera egiten du, ia horizontalki, hurrengo parabolteraino. Aseguru honetan zuzen, gora, egin behar da, heldulekuak dituen plaka bertikal batetik. Bilgune erosoa bi parabolt eta deskuelgez osatua. 
L2 (10m, 4 aseguru, 5c). Eskuineko parabolt lerroa hartu behar da. Babaresa duen laja baten laguntzaz gainditzen den plaka bertikala dugu. Zuhaitzera iritsi baino metro batzuk lehenago dago bilgunea. Deserosoa da eta bi parabolt eta deskuelgez osatua dago. Aukera bat zuhaitzeraino igotzea eta bertan, lekua erosoagoa baita, zinta pare batekin bilgunea antolatzea da. Bigarren aukera luze hau hurrengoarekin elkartzea da.
L3 (25m, 6 aseguru, 5a). Bilgunetik irten eta apur bat gorago, ezker aldera, arreta pixka bat jartzea eskatzen duen zeharkalditxo bat dago, helduleku txikiekin.  Pasagunea babesteko tarteko bilgunea erabiltzeko aukera dago. Luzeak plaka batzuetatik jarraitzen du eta grada batzuetatik igaroz bilgunera iristen da.  Bilgune erosoa bi arteen gerizpean.
L4 (20m, 7 aseguru, 5b). Plaka batetik hasten da eta apur bat estutu behar den diedro-tximinia batetik  jarraitzen du. Hori gainditzerakoan ezkerreko plakara pasa eta bilguneraino igo. Zuhaitzaren pare-parean dago, bere ezkerretara.
L5 (20m, 6 aseguru, 4c). Lehenengo metroak diedro-tximinia batetik dira. Gehiago da tximinia diedroa baino. Laugarren aseguruan ezkerreko aldera pasa eta bilguneraino igo. Bilgunea justu lepotxoan dago.




Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. R3, R4 eta R5 bilguneak kate batez elkartutako bi paraboltez eta rapelatzeko eraztun batez osatuta daude. 60 metroko soka batekin rapelatzeko aukera dago hirugarren luzean dagoen tarteko bilgunea erabiltzen bada (hau ere kate batez elkartutako bi paraboltez eta eraztunez osatuta).

Materiala: 7 zinta + bilgunetarako materiala. Bigarren eta hirugarren luzeak elkartzen badira 10 zinta.
Arroka: Kareharria
Orientazioa:  Hegoa
Garaia: Urte oso
Iraupena: 2h30min

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario