© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2020/07/20

Aurrez Aiztondon deskribatu diren bideen antzekoa. Bidea arroka trinkoz osatutako plaka etzanetatik zehar doa. Begetaziorik gabeko kalitatezko arroka.
Bidea oso ongi ekipatua dago. Orain dela gutxi berrekipatu dute (Nafarroako Mendi Federazioko hornikuntza batzordeko kidea den Joseba Arlegik). Lehen azken metroak “Clasica sur” bidearekin partekatzen zituen. Orain bere irteera propioa du, sabai handiaren ezker aldetik.
Urte osoan eskala daiteke. Jaitsiera bidetik rapelatuz edo oinez egiten da. Bilgune guztiak eraztunekin rapelatzeko prestatuta daude.

Uharteko bideen krokis berria Mendi eta Eskalada kirolen Nafarroako Federazioko helbide honetan aurki daiteke:

Iristeko: Irurtzun edo Altsasutik Uharte Arakil herrira hurbildu A-15 autobidea erabiliz. Herria zeharkatu eta Irañetako norabidea hartu (NA-2410). Errekaren ondoan dagoen aisia-leku bat igaro ondoren ezkerrera doan pista bat hartu. Pista honek Uharte Arakil udalak eskalatzaileentzat eginiko parkingera eramango gaitu berehala (poste batekin adierazita dago).

Hurbiltzeko: Pareta dagoen aldera abiatu. Berehala bidezidor bat aurkituko dugu. Jarraitu eta 10 minututan bidearen oinean gara.

L1 (30 m, 8 aseguru, 4a): Irrintzi bidearekin batera partekatzen den luzea. Arroka trinkoz osatutako plaka etzana. Erraza, bilgunera iritsi baino metro batzuk lehenago dauden pasagunetxo batzuk izan ezik.
L2 (30 m, 8 aseguru, 4c): Ezkerrera  irten euste-leku ugari dituen harmail erraz batzuetatik. Hirugarren aseguruan ezkerrera jo (zuzen igota Irrintzi bidetik jarraituko genuke) eta ondoren igotzen jarraitu, zertxobait ezkerrera joz, euste leku onak dituen eta apur bat bertikalagoa den zonalde batetik.
L3 (30 m, 10 aseguru, 5b): Bigarren asegurura iritsi arte euste leku oneko tartetxoa. Gero euste leku onak dituen plaka bertikala. Euste leku horietako batzuk harrapatzeko apur bat luzatu behar da baten batean. Ondoren gure ezkerrean dagoen arte handira jotzen du bideak. Pitzadura-kanal etzan batetik gora emeki eginez, zeharkaldi baten bidez, artera iritsiko gara. Bilgunera iristeko azken zatia euste leku onak dituen plaka bertikala da.
L4 (30 m, 11 aseguru, 5c):  Arroka trinkoz osatutako plaka bertikala bilgunetik irten eta berehala. Bertan dago, bigarren eta hirugarren aseguruen artean (azken hau zerbait ezkutatuta), bidearen pasagunetxo teknikoena. Euste leku ona urruti geratzen da. Ez bazara altua estutu egin beharko duzu. Hori gainditu eta apur bat gorago (5 eta 6. aseguruen artean), beste pasagunetxo tekniko bat aurkituko dugu, baina hau aurrekoa baino apur bat errazagoa. Sabai handiaren ezker aldera iritsi arte, bideak euste leku pilo bat dituen zati erraz batetik jarraitzen du. Zerbait estutu behar da, baina 2 paraboltez ongi babestua dago. Bilgunea erlaitz handi eta eroso batean egiten da. “Clasica sur” bidearekin partekatzen da.
L4bis (8 m, 0 aseguru, 3b): Pitzadura-diedro bat gainditu behar da azken bilgunera iristeko. Bilgunea lurrean dago eta 2 paraboltez osatuta dago. Azken metro hauek errazak dira, baina arrokarekin arreta izan behar da.




Jaitsiera: Bidetik rapelatzen edo, erosoagoa eta azkarragoa, oinez. Metro batzuk igo eta eskuinera pasatu (mugarria). Oinez zabalgune bat zeharkatu eta gandor txiki batera igo (mugarriak). Gandorretik egokien ikusten dugun lekutik, destrepatuz (zati delikatua), Iñaki Goñi bidearen azken bilgune ingurura jaitsi. Hortik aurrera oinez jaisten da (mugarriak jarraitu).
Bidetik rapelatzen. 70 metroko soka bakarrarekin eskalatzen badugu, lau rapel beharko ditugu. 60 metroko bi sokekin bi saioetan jaisten da. Lehenengo R4tik R2ra eta bigarrena R2tik lurrera.

Materiala: 11 zinta + bilgunetarako materiala. Friend eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa
Iraupena: 1h45.

Ekipamendua: FNDME-ko Ekipamenduen Batzordeak ekipatua. 

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

1 comentario:

  1. MEKNFko hornikuntza batzordeko Joseba Arlegik hurrengoa aipatzen dit:

    "Ainhoa bideko bigarren bilera jeitsi da. Orain askoz erosoagoa da, erlaitz batean dago, baina luzeen neurria aldatu egin da: bigarren luzeak 25m inguru izango ditu, eta hirugarrenak 35m.

    Bigarren luzeko azken zatia pixka bat ezkerragotik doa, erlaitzera iristeko, eta agian 5a baino errezagoa da, beraz luzea 4c inguruan geratu da. Bilerako irteera ere pixka bat ezkerreragotik doa eta ez da lehen baino zailagoa.

    Bigarren luzeak orain txapa bat gutxiago dauka, eta hirugarrenak bi gehiago. Hirugarren bileran txapa bat gehiago dago.

    Jeitsierari dagokionez, 70mtako soka bakarra erabiltzea da egokiena, paretaren ezkerralde honetan gutxienez, alde batetik luzeen neurriagatik, eta bestetik dagoen zuhaixka eta harlauz (laja) kopurua kontutan hartuta, hobe da rapel motzagoak egin, soka korapilorik gabe joan dadin, eta hau biltzerakoan soka metro gutxiago hegan egiten ez egoteko."

    ResponderEliminar