© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2020/07/30


Sedero Limiteko lagunen beste gozokia. Bere albokoa den “Baloo” bidea baino homogeneoago eta zuzenagoa. Inguru honetan dauden beste bi bideak gutxiagotu gabe, zonaldeko biderik politena dela uste dut. Gehiago egiteko gogoarekin geratzen zara. Arroka oso ona eta, Sendero Limiteko estiloa jarraituz, oso ongi ekipatutakoa. Ez da apururik pasatzen. L2 eta L3, zoragarriak.
Krokis originalean L3 luzeari 5b maila ematen diote egileek eta agian horregatik mailan justu dabilen norbait desanimatu egin da. Guri askoz errazagoa iruditu zitzaigun. Eman diogun maila 5a-koa da, baina lasai-lasai izan daiteke 4c. Luze oso polita da (politena). Oinez fidatu behar den itsasgarritasunezko plaka etzan bat da, baina beti dago euste leku txikiren bat oinak igotzen laguntzen dutenak. Gainera beti posizio eroso batetik txapatzen da eta pasaguneak soka gainetik dagoela egiten dira. Laburra egiten da.
R2 eta R4 bilguneak eraztunekin hornituta daude, apuru batean (ekaitza, … etab) bidea rapelatu ahal izateko. Bidearen izena parabolt batean jarritako zinta batean aurkituko dugu bidearen hasieran.

Iristeko eta hurbiltzeko:  Hurrengo sarreran dagoen informazioa irakurri.

L1 (25m, 6 aseguru, 4a). Ezker aldera igotzen den plaka zimurtsua hasieran. Bloke batzuk gainditu ondoren bilgunera iristen da (plakan, sabaitxoaren azpian dago).
L2 (30 m, 11 aseguru, 5a). Bilgunetik irteteko euste leku onak dituen sabaitxoa. Ondoren plakatik igo behar da diedro etzanera iritsi arte. Lehenengo metroetan plakak euste leku onak ditu. Zatirik finena diedroan sartzea da. Diedroa etzana igotzean euste leku onak dituzten bloke batzuk bilgunera eramaten gaituzte.
L3 (20 m, 7 aseguru, 5a).  Itsasgarritasunezko plaka etzana. Oso ongi babestua.
L4 (25 m, 8 aseguru, 4c).  Bilgunetik eskuinera irten. Plaka zimurtsu batek itsasgarritasunezko plakatxo biribildu batera eramaten gaitu. Hori gainditzean pitzadura bertikal motz bat igotzea soilik geratzen da bilgunera iristeko. Pitzadurak lur apur bat dauka, baino ongi babestua dago.
L5 (15 m, 5 aseguru, 5a).  Zati lurkara motz bat hasieran. Ondoren  itsasgarritasunezko plakatxo bat eta azkenik euste leku onak dituen horma bertikal laburra. Horman, horizontalean jarrita (nahita jarrita balego bezala), pinu txiki baino trinko bat aurkituko dugu. Oso ongi dator tarte hori gainditzeko. Azken bilgunea pinu handian.
L4 eta L5 luzeak elkartzeko aukera dago.


Jaitsiera: Oinez, zonalde honetako jaitsiera-bidea jarraituz. Mugarriak jarraituz 10 minututan “Llanos de Bozuelo”-ko soroan gara.

Materiala: 11 zinta (14 azken bi luzeak elkartzen badira) + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak soberan, ez dira beharrezkoak.
Arroka: Granitoa. Zintzoa eta itsasgarritasun handikoa.
Orientazioa: Hego ekialdea.
Iraupena: 1h30min.
Nork ekipatua: Lucas Morales, Luis Royo eta Julio Benedé,  2018.


Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario