Krokis zaharretan oraingo azken luzea bi
zatitan bananduta agertzen da. Bidea birrekipatu denean batu egin dituztela
dirudi eta luze oso luze bat suertatzen da. Zailtasun aldetik bi zati ongi
bereizten direnez, krokisean islatu ditut. Lehenengo zatia, ertzera irten arte,
nire ustetan 5c maila du (lehenengo krokisean V maila agertzen da; beste krokis
batzuetan IV mailako bezala ikusi dut ere). Puntu horretatik aurrera zailtasuna
asko jaisten da eta lehen krokisean agertzen zenari hurbiltzen zaio (IV). Bidea
egiteko garaian guzti hori kontuan izan.
Arrokaren kalitatea ezin hobea. Gailurretik
bista zoragarriak bailara aldera.
Iristeko: N-1 errepidez Egino herrira hurbildu eta eliza inguruan aparkatu.
Hurbiltzeko:
Elizatik hormen aldera doan kalea jarraitu. Lehenengo
bidegurutzean eskuinera hartu. Ondorengoan ezkerrera. Berehala ataka metaliko
batekin aurkituko gara (argazkia). Zeharkatu eta pistatik igo. Ur-biltegiaren ondotik pasa
eta apur bat aurrerago pista bitan banatzen da. Erditik jo eta hormetara
hurbildu. Guztira kotxetik 25 min inguru.
Usoa - Dame
veneno (60m, 5b, derrigorrez 5b)
L1
(25m, 4 aseguru, 5a). Euste-lekuak dituen plaka
bertikalera iristeko plakatxo etzana hasieran. Euste-leku gehiago, baina
aseguruak urrunago dituen plaka batetik jarraitu. Lehenengo asegurua lurretik 5
m ingurura. Azken asegurutik bilguneraino urrutiratzen on bat dago. Bilgunea bi
kimikoz osatua.
L2
(35m, 10 aseguru, 5b). Ur-tantaz osatutako plaka,
pitzadura eta, ondoren, ur-tantaz osatutako 10 m inguru dituen plaka. Oso
polita. Luzea babaresan igotzen den pitzaduradun plaka batekin amaitzen da.
Bilgunetik apur bat igo eta, oinez, Usoa eta
Aztore artean dagoen sorora jaitsi. Ezkerretik igo Aztoreko ertzaren ezker
aldean dagoen arte handi baten bila. Zeharbide txiki bat egin (erraza, baina
arreta apur bat jarri behar da) eta artearen enborrean bilgunea egin. Horretarako
ongi dator zinta luze bat.
Aztorea - Hego-mendebal
ertza (100m, 5c, derrigorrez 5c)
L1
(30m, 5 aseguru, 5c). Hasieran pitzaduradun plaka
bertikala. Hemen dago luzeko zati zailena. Hirugarren aseguruan eskuinera pasa.
Hortik aurrera zailtasuna jaitsi egiten da plakak bertikalitate pixka bat
galtzen duelako eta euste-lekuak ugaritzen direlako. Lehenengo bi aseguruak
nahiko gertu. Hortik aurrera urrunago daude. Bilgunea erosoa parabolt eta iltze
batez osatua. Metro pare bat gehiago igo eta bilgunea arte eder batean ere egin
daiteke. Bigarren aukera hau egiten bada zinta luze bat eraman.
L2
(20m, 0 aseguru, 3b). Trantsiziozko luzea. Lehenengo
gerdarmera igo eta lepotxora destrepatu (3b). Ertza hasten den lekuraino oinez
igo. Bertan, ertzaren oinarrian, hurrengo bilgunea aurkituko dugu.
L3
(50m, 8 aseguru, 5c). Luzean bi zati bereizten dira. Lehenengoa
ertzaren eskuin aldetik doa, ezkerrean pitzadura-arraila bat duen plaka
batetatik. Aseguruak urrun daude eta ongi estutu behar da. Neretzat 5c on bat
da. Ertzera irten ondoren zailtasunak behera egiten da.
Bilgunetik irten eta pitzadura-arrailera
igotzeko diedro ireki bati ekin. Sarrera pasagunea apurtxo bat kabroia. Ongi
luzatu behar da euste-leku onera iristeko. Pitzaduraren laguntzarekin plakatik
igotzen jarraitu (zailtasuna aldetik zati mantendua). Hirugarren eta laugarren
aseguruen artean distantzia oso luzea. Ongi datoz fisureroak edota friend
handiak zati honetarako. Herdoildutako bi iltze badira, lehena hirugarren
asegurua baino lehen eta bigarrena ondoren, baina hobe da ez ukitzea.
Behin ertzera irten eta gero (4. asegurua)
zailtasunak behera egiten du. Ezker joera izanik igo. Luzearen bigarren zati
hau gehiago edo gutxiago etzanak dauden plakez osatuta dago. Euste-leku onak
ditu, baina aseguruak apur bat urrun aurkitzen dira.
1.
igoera: Atxo Apellaniz, Juan Oyarzabal eta Angel
Rosen, 1982.
Jaitsiera: Gailurrera igo eta gailurra osatzen duen harri-bloke handia bere
eskuinetik inguratu. Atzean 4 metroko rapel motz bat egiteko balio duen bilgune
aurkituko dugu (2 spit eta eraztunak). Lepotxora rapel motz baten bidez jaitsi.
Hemendik parabolt batekin babestutako 10 metroko zeharbidea igaro behar da.
Rapelaren bilgunetik zeharbideak zertxobait inpresionatzen du, baina gero
erraza da. Ia oinez eta eskuak erabili gabe egiten da.
Saihets bidetxo bat erabiliz (oinez) kanalaren
erdira hurbildu. Kanaletik jaitsi Usoaren pareraino. Kanalaren goi partetik
ematen du zaila izango dela jaistea, baina guztiz kontrakoa da. Oso bide erraza
da eta oinez jaisten da. Usoaren parean gaudenean eskuinera desbideratu eta
jaitsiera bidea hartu. Bidezidorraren hasiera mugarri baten bidez adierazia
dago.
Materiala: 10 zinta + bilgunetarako material. Bi edo hiru friend handi,
fisureroak eta zinta luzeak zuhaitzetan egiten diren bilguneetan erabiltzeko.
Roca: Kareharria
Orientazio:
Hegoa (Usoa) eta hego-mendebaldea (Aztorea).
Garaia: Urte osoa (arrokari lehortzeko denbora ematen baldin badiogu).
Iraupena: 3h30min
Aupa,
ResponderEliminarZure bloga oso intesgarria da eta krokis onak jartzen dituzu. Pasa den astean aztoreko bide hau igo genuen..oso ondo pasa genuen. Galdera bat, ba al dakizu aztoreko lehenengo luzean ezkerretara dagoen bidearen informazioa?
Mila esker
Aio
Ba ez eta ez dut inon aurkitu, baina nahiko gogorra zirudien.
ResponderEliminar