© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2011/10/03

Pene Sarrieren hegoaldeko ertza Pirineotako klasiko handienetariko bat dugu. Patrice de Bellefon-en Pirineotako 100 igoera eta ibilbide onenen artean dago.
Bidea semiekipatua dagoenez ibilbidea babesteko ongi datoz bi edo hiru friend eta fisurero batzuk, kordadaren bigarrenarentzat gehien bat. Ekipamendua zertxobait zaharra da, ia dena spitak, baina noizbehinka parabolten bat aurkituko dugu.
Lehenengo luzea oso aereoa da. Ez da zaila, baina oso, oso aereoa da. Ertzak esku baten zabalera du eta bi aukera daude. Eskuetatik zintzilikatzea edo, agian ez dena oso elegantea, baina agian seguruena, eserita pasatzea. Hori bakarrik ez balitz, aseguruak nahiko urrun daude eta zaila da autobabeserako zerbait gehiago jartzea. Guzti horrek zati hau apur bat arriskutsua bihurtzen dute. Debekatuta dago erortzea. Horrelako ertza zorrotzetan ibiltzeko ohiturarik ez bada, benetan zirrara handia sortzen du eta estualdi apur bat pasatzen da.
Zati hori gainditu eta gero, eskalada bide gehienetan aurkitzen dugun eskalada baten antzekora hurbiltzen da. Zati batzuetan zailtasuna agian apur bat handiagoa da, baina arrisku maila ia desagertu egiten denez eskalada plazer bihurtzen da.


Iristeko: Gouretteko eski estaziora hurbildu eta bertan dauden hainbat aparkaleku horietako batean kotxea utzi.
Hurbiltzeko: Hego aldeko norabidea hartu eta eski pistetatik Pene Sarriere aldera igo. Altuera hartzen joan eta nabaria den toki batetara iristerakoan pista utzi eta ertzaren hasierara eramaten duen lepotxo batera igo behar da (1h15min inguruko igoera gogorra).

L0 (20 m, 0 aseguru, II): Lehenengo 20 metroak, bilguneraino iritsi arte, errazak dira, baina arroka nahiko hautsita dago. Ez dago asegururik eta autobabesak jartzeko aukera ere gutxi dago arrokaren kalitate txarrarengatik.
L1 (35 m, 4 aseguru, 3c): Bilgunetik irten eta 10 metrora, zatitxo aereo bat igaro ondoren, iltze bat aurkituko dugu. Ondoren erdian pitzadura bat duen hormatxo bat dator. Pitzaduran friend ertainen bat ipini daiteke. Hormatxoa gainditu eta gero dator benetan aereoa den zatia. Hurrengo asegurua ez eskura dago (eskuinean, behean) eta ondoren luzeko pasagune “gogorra” dator. Eskuinetik egiten bada, eskuetatik zintzilikatu behar da ertzetik eutsita. Hiru metrotan ia ez dago ezer oinentzat. Bigarren aukera ertzaren gainean eserita pasatzea da. Ez da oso elegantea, baina agian konfiantza gehien ematen duen modua da. Hortik aurrera arriskua jaitsi egiten da. Ertzak zorrotza izaten jarraitzen du, baina eramangarriagoa bihurtzen da. Bilgune erosoa plataforma handi batean. Luze honetarako ongi datoz zinta espres luzeak.
L2 (20 m, 2 aseguru, 4a): Bilgunetik irten eta lehenengo orratzaren oinean utziko gaituen kanal moduko batean sartu. Zati erraza, baina asegururik gabe. Orratza arroka oneko plaka trinko bat da, euste-leku onekin. Bere ezkerretik gainditzen da. Luze hau aurrekoa baino errazagoa da (psikologikoki behintzat) arrisku sentsazioa guztiz desagertzen delako.
L3 (35 m, 2 aseguru, 4a): Luze honetan 6 metro inguruko destrepe bat egin behar da. Bilgunetik irten eta lepo aldera jaitsi ertzaren eskuin aldetik jaitsiz. Berehala 3 metro inguruko soka zati bat lotuta duen spit bat ikusiko dugu. Soka dagoen lekutik jaitsi ertzaren oinarriraino. Bertan arroka-zubi bat aurkituko dugu, baina kokatuta dagoen lekuan ez du balio gauza handirako. Ongi dago, bigarrenaren jaitsiera babesteko, jaitsieran dagoen pitzaduran friend txiki bat ipintzea. Ondoren, hurrengo bilguneraino, ertza zabaldu eta horizontala egiten da. Zati erraza. Bilgunea hurrengo orratzaren oinarrian aurkituko dugu. Luze hau delikatuagoa da bigarrenarentzat lehenengoarentzat baino.
L4 (15 m, 1 aseguru, 4a): Orratzaren ertzetik terraza moduko batetaraino zuzen igo (euste-leku onak). Terraza honetan luzeko spit bakarra aurkituko dugu. Arroka kaskarra duen kanal moduko batera iristeko ezkerraldera, apur bat jaitsiz, trabesi bat egin (delikatua bigarrenarentzat). Kanaletik igo eta berehala iritsiko gara bilgunera.
L5 (30 m, 2 aseguru, II): Lehenengo 15 metroak, lehenengo spitera iritsi arte, bidezidor txiki batetik egiten dira. Zati horizontala eta erraza da. Hortik aurrera jaisten hasi behar da. Ertza zabala da eta oinez egiten da jaitsiera, baina nahiz eta erraza izan arreta apur bat jarri behar da. Bilgunea mailon bat duen spit batean egin. Spit hori erresalte txiki batean dago.
L6 (80 m, 0 aseguru, I): Leporaino plaka etzan eta zabal batzuetatik oinez jaitsi, ensanblean. Bilgunea hurrengo igoeraren hasieran, parabolt batean, egiten da. Metro batzuk aurrerago, lurrean, spit bat aurkituko dugu eta bertan ere bilgunea egin daiteke, baina deserosoa da.
L7 (45 m, 5 aseguru, 4b): Ertzaren eskuineko aldetik igo desplometxo baten azpian dagoen erlaitz handi batetaraino. Bertan iltze bat aurkituko dugu. Desplometxoa igaro ondoren (luzeko pasagune gogorra) eskuinera zeharkatu harri solteak dituen erlaitz batetik (ekialdeko klasikoan jendea bada eskalatzen, kontuz harriak ez botatzearekin) diedro-tximinia baten oinarrira iritsi arte. Bertatik igo (parabolt 1) eta gainditzerakoan eskuinera, plaka baten erdian dagoen bilgune aldera, desbideratu. Ez egin hemen bilgunea eta beste hiru edo lau metro igo gailurrera iritsi arte. Bertan askoz erosoagoa den beste bilgune bat aurkituko dugu.



Jaitsiera: Oinez ipar aldeko bidezidorretik.

Materiala: 6-7 zinta + bilgunetarako materiala. Ekipamendua osatzeko bi edo hiru friend eta fisureroak.
Arroka: Orokorrean kalitate oneko kareharria, baina zatiren batean arroka kaskarra.
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 2h15min.
1. igoera: H. Sarthou eta F. Cazalet, 1928.


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario