© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2013/04/17

Udaberriko edo udazkeneko arratsaldetarako edota udarako goizetarako bide aproposa. Oso ongi ekipatua. Iparraldeko masifikazioa jasan nahi ez badugu, Gorro Frigira igotzeko modu egokia izan daiteke hau. Arroka ona  hirugarren luzean izan ezik. Luze horretan nahiko hautsita dago, baina aseguruak gertu daudenez konpromiso handirik ez du. Denboraren poderioz, garbitzen joaten den heinean, luzea asko hobetuko dela suposatzen dut. Txapa horiak. Bilgune eroso eta indartsuak 3 paraboltez osatuak.

Hurbilketa: Funikularreko goiko geltokian Sant Jeroniko bide berria hartu (ikus eskema eta Montserrati buruzko informazio gehigarria hemen). Gorro Frigiren ipar aurpegia gainditu ondoren, mendebalde aurpegia bistan dugunean, gure ezkerrean sumatzen den lepotxo batera igo. Atzeko kanaletik jaitsi (mugarriak) eta 5 minututan plaka handi baten oinarrira iritsiko gara. Bertan buril zahar batzuez osatutako lerroa ikusiko dugu. Hormaren oina ezker aldera jarraitu parabolt horiak aurkitu arte (bat lurra parean).

L1 (35 m, 16 aseguru, 5c edo 5a/A0). Horma bertikal motz bat oso ongi babestua (lehenengo hiru metroetan ezpel baten laguntza izan dezakegu). Aseguruak gertu egoteak zati hau A0 modura egiteko aukera ematen du. Gero plaka apur bat etzan egiten da, baina eskaladak modu berean jarraitzen du: euste-leku txikiak esku eta oinetarako eta eskalada teknikoa oinen gainean.
L2 (45 m, 11 aseguru, 4a). Eskuinera irten eta horizontalean 5 metro inguru egin ondoren euste-leku txikiko plaka etzan bati ekin Zailtasuna lehenengo metroetan dago, gero jaitsi egiten da.
L3 (45 m, 15 aseguru, 5b edo 4b/A0). Bilgunetik ezkerrera irten gorantz jotzen duen zeharkaldi bat eginez (zati erraza) gilbor baten azpian jarri arte. Gilborrean arroka oso txarra aurkituko dugu, baina, arrokaz ez bagara fidatzen, gertu dauden bi aseguruek pasagunea A0 modura egiteko aukera ematen dute. Gero arroka kaxkarra duen espoloitxo batetik jarraitzen du luzeak, baina aseguruak gertu daude.
L4 (45 m, 13 aseguru, 5a). Horma bertikala hasieran. Ondoren zertxobait etzan egiten da, baina ongi babestutako hormatxo bertikal pare bat gainditu behar dira bilgunera iritsi baino lehen.



Jaitsiera: Nahiko berezia da. Hori dela eta argibide zehatzagoak emango ditut. Zati batzuetan destrepatu egin behar da kate edo kable batzuen laguntzaz. Beste zati batzuk oinez jaisten dira edo destrepatu egiten dira, baina zailtasun gabeko zatiak dira. Ideia bat egiteko jaitsieraren krokisa prestatu dut.
Lehen kable zatira hurbildu eta erlaitz handi bateraino destrepatu bere laguntzaz (plaka oso etzana). Jaitsi garen noranzkoan eskuinetik jarraitu behar da. Destrepada erraza beste erlaitz handi bateraino. Bertan bigarren kablea (gero katea) aurkituko dugu. Kablea eta katearen laguntzaz jaitsi. Plaka hau aurrekoa baino bertikalagoa da, baina ongi jaisten da. Ezpelez osatutako erdiko tartera iritsiko gara. Zati hau bidezidor batetik oinez jaisten da, nahiz eta tarteren batean eskuak erabili izan behar. Kate batez ekipatutako beste plaka batera iritsiko gara. Jaitsi eta erlaitz batetik zeharkaldi horizontal bat egin behar da gure ezker aldera. Zeharkaldiak Gorro Frigi eta Magdalena superior gorroaren arteko lepoan uzten gaitu. Malda gogorra duen bidezidor batetik Sant Jeroniko bide berri aldera  jaitsi (bustia badago bidea oso irristakorra egon daiteke). Jaitsiera honek ez du inolako misteriorik. Ia amaieran inklinatutako plaka higatu bat zeharkatu behar da. Kate txiki batez ekipatuta dago eta ez du arazo  handirik. Bide nagusian 15 minututan egon gaitezke.


Materiala: 16 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira behar, soberan.
Arroka: Hirugarren luzean izan ezik, kalitate oneko konglomeratu trinkoa. Hirugarren luzeko gilborrean arroka oso txarra, baina pasagunea oso ongi babestua dago.
Orientazioa: Mendebaldea
Iraupena: 2h30min
Nork ekipatua: Guillem Arias, abuztua 2012.


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario