L1 (35
m, 7 aseguru, 4b). Lehenengo asegurura iristeko apur bat estutu
behar den hormatxo bertikal batekin hasten da bidea. Gero, tximiniaren
hasierara iritsi arte, plaka etzan bat euste-leku ugariekin. Laugarren
aseguruaren alboan spit eta burilez osatutako bilgune zahar bat ikusiko dugu.
Tximinia erraza eta dibertigarria da, baina oso estua da eta gorputza ongi
ahokatu behar da igotzen jarraitzeko. Bigarren asegurutik hobe da eskuinera
irtetea. Bilgunea erlaitz handi batean. Behean, kirol-bidetan, jendea
eskalatzen ari bada, arreta jarri. Harri-txintxar asko dago eta erraza da
sokaren mugimenduarekin baten bat botatzea.
L2 (35
m, 3 aseguru, 4b). Lehenengo 20 metroak, espoloiaren oinarrira
iritsi arte, oinez egiten dira. Euste-leku onak dituen espoloi motz eta
bertikal batek gailurtxo batean uzten gaitu. Bost metro aurrerago, hurrengo
espoloiaren oinarrian, bilgunea aurkituko dugu.
L3 (40
m, 6 aseguru, 5b). Lehenengo
asegurua urruti, 7 metro
ingurura. Bilgunetik irten eta espoloitik igo bigarren asegururaino. Txapatu
eta eskuinera pasatu. Bilgunetik ikusten ez den tximinia moduko bat dago.
Nahiko eroso igotzen da eta bideko pasagune gogorrena dagoen horma bertikalaren
oinarrian uzten gaitu. Zatia motza da, ongi babestuta dago eta euste-leku onak
ditu, baina kanpora botatzen duenez apur bat estutu behar da. Pasagunea gainditu
ondoren krestara irtengo gara berriro. Hemen arroka ezin hobea da. Hala ere,
azken asegururaino distantzia handia dago, baina friendsak edo fisuak ipintzeko
pitzadura ugari daude auto-babeserako aukerak ugariak dira.
L4 (25
m, 5 aseguru, 5b). Pasagune gogorra eta apur bat luzea bilgunetik
irteteko eta gure ezkerrean ikusten den pitzatutako plakan sartzeko. Iltze
batek pasagunea ematen laguntzen du, baina asko luzatu behar da euste-leku
aproposetara iristeko. Pasagunea gainditu ondoren gauza asko hobetzen da.
Pitzaduraren laguntzaz igo eta, gainditzerakoan, eskuinera pasa krestaren
ertzera irteteko. Bilgunera iristeko azken plakatxo bat gainditzea bakarrik
geratzen zaigu. Azken zati hau erraza da.
Jaitsiera: Oinez beste 10 metro inguru igo eta beste bilgunea bat aurkituko dugu bi paraboltez osatua. Erlaitz eroso eta babestu batean dagoenez, leku aproposa da sokatik askatzeko. Bertatik jaiotzen den bidezidorrari jarraitu eta 8-10 minututan beste bidezidor zabalago batean utziko gaitu. Eskuin aldera jarraitu eta lurrezko pista batera iritsiko gara. Ezkerrera egin eta handik metro gutxira, jaitsiera guztian nabari ikusi dugun harri-txintxarrezko pistara iritsiko gara. Eskuinera hartu eta Paret de l´Os inguratuz, 20 minututan, berriro gara kotxea utzi dugun tokian.
Materiala: 8-10 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta
fisu joko bana hirugarren luzeko urrutiratze horientzat.
Arroka: Kalitatezko kareharria, pitzadura eta euste-lekuz josia.
Orientazioa: Hego-eki aldea
Iraupena: 2h
Lehenengo igoera: J.E. Farreny eta J. Vidal (urtarrila 1974)
0 comentarios:
Publicar un comentario