Iristeko: (Mapa eskematikoa ikusi). A22 autobian Liesa eta Ibiecako irteera hartu. Ibieca herria zeharkatu ondoren, kilometro batzuk aurrerago, bidegurutze bat aurkituko dugu. Ezkerrera hartu (Huesca hiriburu aldera) eta, berehala, 50 metro eskasera, eskuinean dagoen asfaltatutako pista hartu (Presa de Guara adierazten du kartelak). Hiru kilometro inguru aurrerago errotonda batera iritsiko gara. Bertan, San Cosme aldera doan lurrezko pista hartu behar da. Pistatik 2,8 km jarraitu ondoren La Tejería izeneko aparkalekura iritsiko gara. Bertan utzi behar da kotxea.
Hurbiltzeko: (Mapa eskematikoa eta argazkia ikusi). Aurreko pista hartu (hesia duena). Pistatik 6 minutu inguru igo ondoren basotik irtengo gara. Aurrean Vadielloko urtegia ikus daiteke eta gure eskuinean Peña Predicadera. Hemendik aurrera bideak ez du galerarik. Eskuinera hartu (San Cosme eta San Damián aldera) eta pista horizontal batetik 10 minutu egin ondoren Nocito, Ermita de Fabana eta San Cosme eta San Damián adierazten duen kartel batera iritsiko gara. Puntu honetan bi arte handien albotik igarotzen den pista hartu behar da. Bidea modu argi batean hormara hurbiltzen da. Pista amaitu baino apur bat lehenago, beheraka egiten hasten denean, gure ezkerrean, jaitsiera bidea adierazten duen mugarria ikusiko dugu. Apur bat aurrerago pista amaitu egiten da. Erreka arrastoak zeharkatu eta berehala ezkerrera jo (bidezidor arrastoak). Soka finkoak dituzten erresalte txiki pare bat gainditu. Sokak erresalteak gainditzen laguntzeko baino bidea adierazteko balio dute, erresalteak oso erraza baitira.
Azken aldiarekin alderatuta nabari da La Predicaderan jende gehiago dabilela. Hurbilketaren azken zatian lasterbideak eta barianteak ireki dira. Hemen guretzat erabilgarriak direnak aipatzen ditugu.
“Directa Eccos” edota “Espolón Guanchinfú” bideak egin nahi baditugu hobe da argazkian agertzen den A bidea hartzea. Motzagoa da. Arroilara hurbilduko gaitu zuzenean. Soka finko batekin babestutako zati horizontal motz batek “Directa eccos” bidearen oinean utziko gaitu. Soka batekin babestua ere dagoen bidezidor batetik metro batzuk igota, berehala egongo gara “Espolón Guanchinfú” bidearen hasieran.
“Espolón Estarlux”, “Afrodita”, “Jabali errante” …etab egiteko asmoa badugu, hobe da B bidea jarraitzea. Erresalteak gainditzerakoan zertxobait igo eta ondoren guztiz eskuinera egin. Zuzen igoko bagina zeharkaezina den horma batekin egiten da topo. Posible denean ezkerrera egin eta hormara hurbiltzea soilik geratzen zaigu. Bideak aurreko bideen oinarrietan utziko gaitu. Oso bide erosoa da. Hala ere, nahiz eta igotzeko aukera bat edo bestea erabili, erraza da “Directa Eccos” bidearen oinarrira jaitsi edo bertatik igotzea (rapelatu ondoren beste bideren bat egin nahi badugu, adibidez) soka finkoarekin babestuta dagoen bidezidorra erabiliz.
Eskuineko sektorera hurbiltzeko onena C bidezidorra jarraitzea da. Muinoari buelta osoa ematen zaio aldapa xume bati jarraituz.
Kotxetik, guztira, 40 min inguru.
0 comentarios:
Publicar un comentario