© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2013/12/20

Udara honetan Italia aldetik ibili gara eta Sanfront herrian dagoen Monte Bracco izeneko hormak ezagutzeko aukera izan dugu. Lekua aurkikuntza txiki bat izan da. Gneis arrokaz osatuta dago eta oso kalitate oneko arroka trinkoa du. Bide luzeak dituzten hainbat sektore daude. Bide horietako batzuk nahiko errazak dira eta oso ekipamendu ona dute.
Beroaldi bat tokatu zitzaigun eta pena bat da. Goizeko hamarretarako bero jasanezina  egiten zuen horman eta korrika itzala aurkitzera atera behar zen. Hori dela eta, bide bakarra egiteko aukera izan genuen.
Sanfront nahiko altuera baxuan aurkitzen da (itsasmailatik 500 metro ingurura) eta Po lautadatik gertu dago. Udaberri amaierarako edo udazkenerako leku aproposa dirudi. Agian udara "arruntago" baterako ere aproposa izan daiteke. Gu oso inpresio onarekin bueltatu ginen eta seguru nago noizbait berriro bueltatuko garela.

Iristeko: Saluzzotik, SP26 errepidetik, Revello herrira hurbildu eta bertatik Sanfrontera. Herriko sarreran errotonda bat aurkituko dugu eta berehala bigarren bat. Bigarrenean eskuinera hartu (Valle Po aldera). Apur bat aurrerago, 100 metro ingurura, ia herritik irteten ari garela, semaforo bat aurkituko dugu. Bere parean, ezkerrean, errepidearen beste aldean, "Pallestra di roccia" adierazten duen kartel bat ikusiko dugu. Semaforoa pasa baino lehen eskuinean jaiotzen den asfaltatutako errepidetxoa hartu behar da. Bidea futbol zelai albotik pasatzen da eta Po ibaia bi zubietatik gurutzatu ondoren, igotzen hasten da. Asfaltatutako errepidetxoari jarraituz Miravidi aterpera iristen da (ikus mapa eskematikoa).
Aterpea xarma handiko tokia da. Berrituak izan diren etxe zaharrez osatuta dago eta 4 edo 5 kotxentzat aparkalekua du. Adineko pertsona batek eramaten du (ulertu genionez, inguruko bide gehienak irekitakoa omen da) eta asteburuetan aterpe-jatetxe modura funtzionatzen du. Astegunetan (guri tokatu zitzaigun moduan) jatetxea itxita dago, baina guri lo egiteko aukera eman zigun. Ingurune lasaia da eta bailara aldera oso bista politak ditu.
Aterpean ez bazara, ezin duzu bere aparkalekua erabili. Beraz, eskalatzea igotzen bazara, aterpera iritsi baino 100 metro lehenago dauden bi aparkaleku handietako batean utzi behar da kotxea.
Sanfront herrian bada Bread and Breakfast bat eta beste bat Gambasca herrian (Sanfront herritik 2 km eskasera dago). Herriko liburu-dendan inguruko eskalada gida eskuratzeko aukera dago.


Hurbiltzeko: Aterpeko aparkalekua baino apur bat lehenago dagoen bihurgune itxian bidezidor bat jaiotzen da (eskuinean). Hori hartu. Igotzen hasi eta 20 minutura bidegurutze bat aurkituko dugu. Gora egiten duen bidea jarraitu.


Arroka trinkoa. Ekipamendu oso ona. Motz egiten da. Bilgune erosoak katez lotutako bi paraboltez osatuta.
L1 (35 m, 7 aseguru, 4b).  Tentetzen doan plaka. Alboko bideko txapak oso gertu daude eta bide bateko zein besteko txapak erabiltzeko aukera egon liteke.
L2 (30 m, 6 aseguru, 4a). Hasieran, metro eskaseko erresalte batera iritsi arte, plaka oso etzana. Erresaltea gainditu eta beste plaka batera pasatzen da. Hau aurrekoa baino apur bat tenteago dago. Bilgunea sabaitxo baten azpian.
L3 (35 m 5 aseguru, 4b). Bilgunearen gainean dagoen sabaiaren ertzean dago lehenengo txapa. Sabaitxoa bere eskuinetik saihestu eta plaka etzan batera irtengo gara. Honek euste-leku onak dituen horma bertikal baten oinean utziko gaitu. Horma gainditu ondoren plaka oso etzan batek bilgunera hurbilduko gaitu. Azkeneko 15 metroak asegururik gabe dira, baina oso etzana da eta ia oinez igotzen da.
L3bis. Ezker aldera igo (gezi gorriak arrokan pintatuta) eta 15 metro trepatu ondoren horma bertikal baten azpian dagoen erlaitz handi batera iritsiko gara. Bertan bigarren bilgune bat aurkituko dugu. Hobe da hona igo eta hemendik aseguratzea. Elkar ikusteko eta komunikatzeko aukera hobeagoak daude soka-lagunarekin.
L4 (40 m, 6 aseguru, 4c). Euste-leku onak dituen horma bertikala. Ondoren arroka trinkoz osatutako grada moduko batzuk.



Jaitsiera: Bidetik rapelatzen.
.
Materiala:  7 zinta + bilgunerako material. Friendsak eta fisureroak ez dira behar.
Arroka: Gneis
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 2h15min.
Nork irekia: P. Clarelli, A. Bottero eta M. Becchio, azaroa 2007.




Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

4 comentarios:

  1. Oso ona! zure blog eta liburuaren jarraitzaile fidel baten partez, zorionak, eta lan eder hau egiteagaitik eskerrak.

    Proposamen bat...zergatik ez dozu blog-a honelako moduko formatuan ipintzen? lagun zaitzaket nahi ezkero. Erreza da.
    http://btemplates.com/ <- Plantilla pilloa daude.
    adibide bat: http://www.atxarte.net/

    Agurrak

    ResponderEliminar
  2. Kaixo Eneko
    Zuen (zure?) webgunea ezagutzen nuen eta benetan oso ongi dago.
    Behin baino gehiagotan nirean itxura aldatzekotan egon naiz, gauzak eskuragarriago jarri, txukunago..., baina badakizu .... denbora falta eta zergatik ez, onartu beharra daukat, pereza pixka batengatik beti atzeratu izan ohi dut.
    Hala ere ideia ona iruditzen zait eta ea behingoz jartzen naizen.
    Eskerrik asko itxuren txantiloiak dituen helbide hori bidaltzeagatik.
    Ongi izan

    ResponderEliminar
  3. Ez da zergatik,
    Nahi badozu nola egiten dan azalduko dizut. Oso erreza da. Ala ta ere, orain duzun plantilla gorde ezazu bada ez pada. Nirekin kontaktuan jarri nahi ezkero, atxarte.net en dagoen e-mail helbidea erabil dezakezu.

    Agurrak

    ResponderEliminar
  4. horrelako zerbait? pare bat minitutan egin dut...
    http://eskalatzendemo.blogspot.com.es/

    ResponderEliminar