Paraje ederra. |
Iristeko: Briançon hiriaren hego aldean, Lac de Serre-Ponçon lakuaren goi-ibarrean Embrun herria dago. Briançon aldera kilometro batzuk aurrerago, Guillestre herrira daraman bidegurutzea dago. Bertatik Château de Queyras herrira daraman D902 errepidea hartu. Herri horretara iritsi baino lehen (1,5 km) L´Izoard mendatera doan errepidea hartu. Igotzen hasi eta berehala, kilometro bat igaro baino lehen, aurkituko dugun bidegurutzean ezkerrera egin eta Villargaudin herrira igo (D802). Herria zeharkatu eta amaiera aldera Queyron jartzen duen kartela ikusiko dugu. Asfaltatutako pistatik igotzen jarraitu. Kilometro bat aurrerago harri-txintxarrizko pista bihurtzen da. Pista amaitu arte kalitate onekoa da eta kotxeek bertatik ibiltzeko ez dute inongo arazorik. Harri-txintxarra hasi eta handik 500 metro ingurura bidegurutze batekin egingo dugu topo. Ezkerreko pista hartu (adierazia). Pista beste 2,5 kilometrotan jarraitu eta Queyron izeneko eremura iritsiko gara. Iturria, zelai handi bat, bi aparkaleku handi eta hamaiketakoak egiteko mahaiak dituen eremua da. Jende asko igotzen da hona eguna pasatzera.
Hurbiltzeko: Zelai dagoen tokitik gora
jotzen duen lurrezko pista bat jaiotzen da. Hori hartu eta gora emeki eginez
granja-txabola batera hurbilduko gaitu (bergerie de Baoude). Txabolara iritsi
baino ehun bat metro lehenago behetik (ezkerretik) inguratzea komeni da.
Horrela txabola inguruan ardiak zaintzen solte egon daitezkeen zakurrak
(mastinak) ekidituko ditugu. Zelaietatik zehar Balari lepora igo. Bertara
iristerakoan (kotxetik 45 minutu inguru), aldapa gogor batetik beste aldera
jaitsi eta pinu handi batzuk dauden toki aldera jo. Hortik eskuinera egin eta,
lehenengo kontrahorma gainditu ondoren, kanal batetik igo lehenengo asegurua
aurkitu arte. Kanala aurkitzen laguntzeko, kontuan izan pinu argal bat duela
bere goi-partean eta ia amaieran hildako enbor bat. Kotxetik guztira 50 minutu
inguru.
L1
(50 m,
6 aseguru, 4c). Belarrezko erlaitzez banatutako plaka etzanak. Zatitxoren batean
arrokarekin arreta pixka bat izan behar da. Hasiera erraza. Luzearen erdi
aldera dago zatirik zailena. Bilgunera iristeko azkeneko 15 metroak begetazioz
jantzia dagoen aldapa etzan batetik egiten dira. Erraza da, baina asegururik
gabe. Bilgunea belarrezko erlaitz zabal batean dago.
L2
(25 m,
6 aseguru, 5c). Itsasgarritasun handiko arroka trinkoz osatutako plaka. Bilgunetik
irten eta pitzatutako plaka bertikal bat gainditu. Ondoren, eskuinetik
ezkerrera igoz, organo-tubo moduko egiturez osatutako plaka zeharkatu behar da.
Euste-leku onak eta itsasgarritasun handia ditu. Hala ere, zati honetan
aseguruen artean nahiko urrutiratze handia dago. Azken zailtasuna bilgunera
iristeko gainditu behar den pasagune horizontal labur bat da. Pasagune fina eta
teknikoa, baina ongi babesturikoa.
L3
(25 m,
4 aseguru, 4c). Bilgunetik irten eta bi hormatxo gainditu behar dira pinu bat duen
terraza belartsu batera iristeko. Arroka
trinkoz osaturiko plakatxo batek jarraitzen du. Hori gainditu ondoren beste
terraza batera iritsiko gara. Terrazatik hurrengo plaka bertikalaren oinera
iritsi arte jarraitu.
L4
(25 m,
5 aseguru, 5a). Euste-leku oneko plaka bertikal trinkoa. Eskuinera pasatzeko pasagune
fina hirugarren aseguruan. Ongi babestua.
L5
(25 m,
3 aseguru, 4a). Euste-leku oneko plaka eta ondoren kresta. Arroka ona, baina ez aurreko
luzekoa bezain ona. Bilgunea gailurrera doan kresta zabalean.
L6
(30 m,
1 aseguru, II). Gailurrera igotzeko zatia. Erraza. Kresta zabal batetik doa. Azken luze
hau sokatik askatuta egin daiteke. Ez dago R6 bilgunetik, ez eta egiteko
aukerarik. Gailurra belarrezkoa da eta ez dago bilgunea osatzeko ezer.
Jaitsiera:
Krestari jarraitu. Amaiera aldera, kresta jaisten hasten denean, apur bat
eskuinera, rapel instalazioa ikusiko dugu (parabolt bakarra mailonarekin). 15 metro inguruko rapel
labur batek kanal batean uzten gaitu. Kanalaren lepotxora igo eta, oinez, gure
eskuin aldera geratzen den kresta jarraitu. Belarrezko lepotxo batera iritsiko
gara. Bertatik, arazorik gabe, granja aldera jaisten da.
Materiala: 7-9 zinta + bilgunerako
material. Ongi etor daiteke friends eta fisurero joko bana.
Arroka: Kareharria.
Iraupena: 1h45min.
Nork
irekia: S.
Pusnel eta J.P. Cherbonnier, 2012.
0 comentarios:
Publicar un comentario