© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2014/05/04

Zailtasun puntualak dituen bide luze polita. Batzuetan zailtasuna hurrengo asegurua non dagoen aurkitzea izaten da. Ez beti, baina batzuetan txapak urruti daude eta, metal kolorekoak direnez, zailak dira ikusten erraz kamuflatzen baitira arrokarekin. Orokorrean lehenengo zatian plaka etzanetan eskalatzen da (lehenengo 5 luzeak) eta apur bat bertikalagoetan azken zatian. Mantenduak diren luzeak seigarrena eta zazpigarrena dira. Zati batzuetan aseguruak urrun daude. 5a-ko zatia bilgunetik irten eta berehala dagoen 5 m inguruko hormatxoa da. Bi paraboltez oso ongi babestua dago.

Iristeko: Ikusi hurrengo sarrera (Els Ports).

Hurbiltzeko: Lliberós aparkalekutik Els Estrets-eko bidea hartu eta 20 minututan Gronsa Sud-eko mendebaldeko hormaren oinarrian gara. Materiala jantzi eta bidearen hasierara oinez igo (beste 5 min. inguru). Bidearen hasiera aurkitzeko harlauza bereizgarri batean ohartu behar gara. Bere azpian, ezkerretara, 3 metro ingurura, dago R0 bilgunea. Kubetatxo moduko batean dago.

L1 (30 m, 2 aseguru, 3b). Plaka etzana eta erraza, baina aseguruak urrun.
L2 (30 m, 3 aseguru, 3b). Plaka etzana.
L3 (35 m, 5 aseguru, 4c). Plaka etzan batetik diagonalean ezkerraldera igo. Pasagunetxo fin bat luzearen erdi aldera.
L4 (40 m, 3 aseguru, 3c). Bilgunetik ezkerrera zeharkaldi horizontal bat eginez irten. Gero bertikalagoa den plaka batetik zuzen igo. Azken metroak babesteko, ipuru batean zinta bat jartzeko aukera dago.
L5 (40 m, 3 aseguru, 4b). Ezkerrera irten eta kanaltxo moduko bat zeharkatu (parabolt batez babestutako pasagune fina). Ondoren, erlaitz handira iritsi arte, zuzen igo. Bilgunea oso eskuinean geratzen da. Zuhaitz handi baten alboan dago, diedro-tximinia baten oinarrian. Kontuz, erlaitz handiaren ezkerrean ikusten den paraboltari ez jarraitu.
L6 (30 m, 5 aseguru, 4c). Diedro-tximinia hasieran eta ondoren plaka bertikal polit bat. Luze mantendua.
L7 (40 m, 5 aseguru, 4b). Bilgunetik apur bat ezkerrera irten eta lehenengo asegurura iristerakoan zuzen igo. Azken asegurua aurkitzeko laugarren txapatik ezker aldera diagonalean igo. Arrokazko hesia bere ezkerretik igarotzen da.
L8 (35 m, 3 aseguru, 5a). Bilgunetik irten eta berehala 5 metro inguruko hormatxo bat. Euste lekuak ditu eta ongi babestua dago. Ondoren luzea asko etzaten da. Amaieran arroka ustela duen hormatxo bat dago (ez dago asegururik), baina bere ezkerrean geratzen den lurrezko kanaltxo batetik igoz saihestu daiteke. Bilgunea ipuru batean.



Jaitsiera: Oinez. Gronsa Sud-eko gailurra bere oinarritik inguratu oso nabaria den lepo batera iritsi arte. Bertatik, mendebaldera, jaisteko bidezidorraren arrastoak ikusten dira. Arantzadun zuhaixkaren bat edo izan ezik, Gronsa Sud gailurra inguratzeko ez dago aipatzeko zailtasunik. Lepotik mendebaldera jaitsi. Bidea aldapatsua da, baina arazorik gabe jaisten da. Jaitsieraren erdi aldera soka finko bat aurkituko dugu. Plaka etzan bat jaisten laguntzeko jarria dago. Errekara iristerakoan bidea adierazten duen mugarri bat aurkituko dugu. Erreka jauzi batera iristen denean, ezkerrean dauden mugarriei jarraitu. Bigarren jauzira iristerakoan, erreka Els Estrets aldera irekitzen denean, eskuin aldera erlaitz batzuetatik diagonalean jaitsi. Bidera iristeko 35 minutu inguru kalkulatu. Denbora horri kotxera itzultzeko beste 20-30  min. inguru gehitu behar zaizkio.



Materiala: 6 zinta + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak (ez dago non jartzerik).
Arroka: Kareharria (konglomeratua).
Orientazioa: Mendebaldea. Goizez itzala.
Iraupena: 2h30min.
Nork ekipatua: M. Huguet eta L. Monsonís, 2001.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario