“Tierra de naide” bideak, orokorrean, arroka ona du
eta oso ongi ekipatua dago. Luze bakoitiak plaka etzanetatik doaz eta bikoitiak
pasagunetxo finen bat duten plaka bertikaletatik.
Bidea aurkitzeko erraza da eta hurbilketa motza du.
Mallos de Agüero ezagutzeko modu egokia izan daiteke.
Iristeko:
Agüero herrira hurbildu. Herrira iritsi baino lehen
eskuinera hartu eta kanposantu aldera igotzen den errepidetxoari jarraitu.
Etxea bat eta kanposantua atzean utzi ondoren, goiko aldetik herrira iritsi
baino 200 metro lehenago, hegaztiei buruzko poste adierazle batzuk dituen toki
batera iritsiko gara. Bertan aparkatu. Hainbat kotxerentzat tokia dago.
Hurbiltzeko: Mallos de Agüerori buelta ematen dion
bidezidorra hartu (eskuineko norabidean). Bidea eskalatzeko bidetxo batzuk
dituzten bi bloke handien albotik pasa eta erreka lehor batek sortzen duen
bailaratxo batean sartzen da. Erreka gurutzatu eta eskuin aldera pasatzen gara.
Igotzen jarraitu eta bidea bitan banatzen den toki batera iritsiko gara (lekua
erraz identifikatzen da eskuineko bidearen alboan harri-bloke handi bat
dagoelako). Toki horretan, gure ezkerrean, jaiotzen den bidezidortxo bat hartu
behar da. Bide berri hori uhartxo lehor batean sartzen da. Adi egon behar da,
uharraren erdi aldera dagoen mugarri bat aurkitu behar da eta. Mugarria dagoen
tokian, berriro ere, ezkerrera jo behar da. Erdi ezkutatuta dagoen
bidezidortxoa jarraitu eta berehala gara bidearen oinarrian. Harri-bloke handi
baten azpian dagoen aterpe naturalean itzala eta gauzak uzteko tokia aurkituko
dugu.
L1
(25 m, 7 aseguru, 4a). Esku eta oinentzako euste-leku ugari dituen
plaka etzana.
L2
(30 m, 10 aseguru, 5a). Ipurua ikusten den toki aldera, emeki eskuin
aldera igotzen den plaka bertikala. Ipurura iristerakoan norabidea aldatu eta
ezkerrera jo behar da bilgunea aurkitzeko. Sabaitxo bat dago luzearen hasieran
eta bertan dago luzeko pasagune fina. Arroka-zubi txiki baten laguntzaz
baliatuz A0 modura egiteko aukera egon legoke.
L3
(30 m, 8 aseguru, 4a). Zatitxo batzuetan arroka soltea duen plaka
etzana.
L4
(30 m, 13 aseguru, 5c). Ongi estutu behar den pasagune fin pare bat
dituen plaka bertikala. Bilgunearen gainean, eskuinean, ikusten den kubeta hobe
da eskuinetik gainditzen saiatzen bagara. Bost eta seigarren aseguruen artean urrunketa
txiki bat. Ondoren gertuago daude aseguruak. Bilgunera iristen ari garela plaka
zertxobait etzan egiten da.
L5
(30 m, 6 aseguru, 4a). Eskuin aldera zeharkaldi horizontala egin
behar da laugarren asegurura iritsi arte. Ondoren zuzen igo ipuru batean egiten
den bilgunea aurkitzeko. Azken zati honetan arrokari arreta apur bat jarri
behar zaio, zertxobait hautsita dago eta.
Jaitsiera: Lehen kanaletik jaisten zen, baina orain dela urtebete edo rapel lerro bat instalatu dute. "La vía más fácil de Agüero" bidearen azken bileraren ezkerrean dago. Rapel lerroa erabiltzea azkarragoa eta erosoagoa da (ikus irudia).
Lehen rapelak 30 m pasatxo ditu. 60 metroko soka batekin oso, baina oso justu ibiliko ginateke. 70 metroko soka batekin inongo arazorik. 60 metroko bi sokekin 2 rapeletan lurrean gara.
R1 eta R3 bertikalki lerrokatutako bi parabolt kate batez lotura, R2 horizontalki kokatutako bi parabolt bakoitza eraztun batekin. R1etik behera begiratuz harri deigarri bat ikusiko dugu. Rapel lerroa harri horretik 5-7 metro eskuinera doa. R2 erlaitx handi eta eroso batean dago.
Kontuz harriak botatzearekin behean jendea badago.
Materiala: 13-15 zinta
+ bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Kareharria (konglomeratua).
Orientazioa:
Eki
aldea. Goi-goizetik eguzkia.
Iraupena: 2h.
Nork
ekipatua:
Luis Royo, Julio Benedé eta Gonzalo Arguedas, ekaina 2010.
0 comentarios:
Publicar un comentario