© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2014/11/12

Gronsa Centraleko hego ekialdeko hormaren ezker aldean dagoen bidea da. Beheko aldean plaka etzanak dira, baina goian apur bat dibertsifikatzen da eta espoloi motz bat eta diedro-tximinia bat aurkituko ditugu. Azken luzeko 5c zati laburra A1 modura egin daiteke. Lehenengo bilgunea izan ezik beste guztiak, gutxienez, bi paraboltez osatuak daude. Guk ez genuen aurkitu erreferentzia batzuetan azaltzen den lehenengo luzeko aukerazko bilgunea. Bilatu, bilatu genuen. Agian pasa egin zitzaigun.
Jaisteko bidearen ezkerrean dagoen rapel lerro batetik egiten da. Leku lasaia eta jendetzarik gabe. Eguzkiak, goiz goizetik jotze du. Horman beroa pasa nahi ez badugu, ez aukeratu egun bero bat.
Eskalada erregulatuta dago. Uztailak 31 eta abenduak 15 bitartean eskala daiteke. Murrizketa errespetatu.

Iristeko: Hurrengo sarrera ikusi (Els Ports).


Hurbiltzeko: Coll de Blanco lepoko aparkalekutik ez sartu pinudian. Nahiko zikina dago eta ez dago bidezidor argirik. Hobe, argiago eta azkarragoa da errepidetik 150 metro inguru atzera egitea, hesiz inguratuta dagoen olibadira iritsi arte.
Pinudian sartu hesia beti gure eskuinean dugula. Hasieran pinudia nahiko zikina dago eta ez dago bidezidor argirik, baina metro batzuk egin ondoren bidezidor baten arrastoak aurkituko ditugu. Arrastoei jarraitu eta hesia beti eskuinean dugula “lo Paller” haitza eta Gronsa Centralaren artean dagoen kanalera iritsiko gara. Kanala nahiko garbia dago. Errazena ikusten dugun lekutik (bidezidor arrastoak) lepora igo eta beste aldetik jaitsi.
Bideak aurkitzeko, hormaren oinarrira iristerakoan, aurrez ikusiko dugun sabai handia hartu behar da erreferentzia gisa. Bere eskuinean (jaisteko noranzkoan, sabaira iritsi baino lehen), 5-10 metro ingurura, “Jo aquí no hi torno” bidearen aseguruak aurkituko ditugu. Txapak gris kolorekoak dira.
Sabaitik 10 metro ezkerrera (jaisteko noranzkoan, sabaia pasa ondoren) eta 10 metro behera ipuru bat eta mugarri bat duen erlaitza dago. Bertara hurbildu eta bertan R0 bilgunea aurkituko dugu (2 spit)

L1 (55 m, 2 aseguru, 3b). Bilgunetik irten eta zuzen igo “higatuago” ikusten den lekutik. Lehenengo 40 metrotan ez dugu aseguru finkorik aurkituko. Dauden pitzadura batzuetan friends bateren bat jartzeko aukera dago (kalitate txarreko arrokez osatutako pitzadurak). Luzearen amaieran, horma apur bat tentetzen hasten denean, agertzen dira bi aseguruak.
Harritxo solte ugari luzean. Bateren bat bota daiteke nahi gabe sokarekin. Luzearen zailtasuna bidea aurkitzean eta aseguruak ikustean dago.
L2 (40 m, 6 aseguru, 3c). Hasieran apurtxo bat bertikala den plaka motz bat. Ondoren plaka asko etzaten da eta plaka etzan batetik igotzen da plakatxo bertikal baten oinarriraino. Bertan aurkituko dugu bilgunea.
L3 (25 m, 5 aseguru, 5a). Ezkerretik eskuinera igotzen den plaka bertikal motza. Hemen aurkitzen dira luzeko pasagune zailenak, baina oso ongi aseguratuta dago (aseguruak hurbil). Plaka gainditzerakoan ongi igotzen den kanal moduko batetik jarraitu behar da. Erraza. Azken 10-15 metroak asegururik gabe. Bilgunea gure gainean, ezkerrean, nabari den lepoan.
L4 (40 m, 3 aseguru, 3c). Arroka oneko espoloitxoa. Ondoren ezker aldera eginez igo. Bilgunea eraztunak dituzten bi paraboltez osatua. Rapel lerroaren parte da bilgune hau.
L4bis (10 m). Oinez gure ezkerrean geratzen den zuhaitzera hurbildu. Enborraren alboan, horman, bilgunea antolatzeko erabil daitekeen parabolt bat aurkituko dugu.
L5 (30 m, 5 aseguru, 5c edo 4b/A1). Diedro-tximinia bat hasieran. Ongi ekipatua dago eta A1 modura egin daiteke zinta baten laguntzarekin. Zailtasun hori gainditu eta gero, eskuin aldera eginez, kanal moduko batetik igo. Laugarren eta bosgarren aseguruak nahiko bananduta.



Jaitsiera: Rapel lerrotik rapelatzen (ikus krokisa).

Materiala: 6 zinta + bilgunerako materiala. Friends ertainaren bat lehenengo luzerako (ez da derrigorrezkoa) eta zinta luzea bat azken luzea A1 modura gainditzeko asmoa badugu.
Arroka: Kareharria (konglomeratua).
Orientazioa: Hego ekialdea. Goiz goizetik eguzkiak ematen dio.
Iraupena: 2h.
1.  igoera: M. Huguet eta L. Monsonís, 2002.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario