Berriro
gara Sant Llorenç de Montgai herrian. Asteburu honetan eguraldiak ez du
laguntzen, baina euriak emandako atsedenekin pare bat bide egiteko aukera izan
dugu. Paret del Pont delakotik hasten gara, bertan ikusten baita lehorragoa arroka
eta. Horma honetako bideak motzak dira eta eguraldia segurua ez den unetarako
aproposak dira, hurbilketa laburra eta erretreta azkarra baitute.
Neura
bidea spitekin ekipatua dago lehenengo luzean eta paraboltekin bigarrenean.
Lehenengo luzeko hainbat tokitan arrokarekin arreta izan behar da, baina bigarrenean
kalitate oso oneko arroka trinkoa aurkituko dugu. Azken luzeak (Pim-Pam
bidearena da) gailurrean amaitzeko eta oinez jaisteko (erosoagoa eta
azkarragoa) balio du soilik.
Iristeko: Lleidatik
Balaguer aldera egin. Bertan Camarasara doan C13 errepidea hartu behar da.
Camarasa iritsi baino kilometro bat lehenago Sant LLorenç de Montgai herrira
eramango gaituen bidegurutzea dago.
Hurbiltzeko: C13ko
errepideko bidegurutzetik bagatoz, lehenengo zubiaren alboan aparkatu (bi
tokitan 4-5 kotxeentzat lekua dago). Aurrean dagoen horma da gurea. Zubia
gurutzatu eta eskuineko bidea hartu. Metro batzuk aurrerago, gure ezkerrean
dagoen hormak altuera galtzen duenean, igo daitekeen toki bat ikusiko dugu
(mugarri bat jarrita dago goian). Hiru metro inguruko hormatxoa igo (3c mailako
pasagunea) eta horma guztia inguratzen duen erlaitz handi baten gainean jarriko
gara. Ezkerrera egin eta, oinez, berehala gara bidearen hasieran. Guztira
kotxetik 5 min baino gutxiago behar dira.
L1 (40 m, 5 aseguru,
4c).
Arrokarekin arreta izan behar da luzearen lehen eta azken zatian. Erdiko
tarteak kalitate oneko arroka du. Zati bertikalera iritsi arte malda motz
batekin hasten da luzea. Luzeko pasagune zailena bigarren spitaren parean
aurkituko dugu. Pasagunea hobeto gainditzeko, hobe da metro bat ezkerrera
desplazatzea eta gero zuzen jotzea. Ondoren pitzadurari jarraitu behar zaio
ipuru handira iritsi arte. Tarte honetan, spiten artean, fisurero handi edo
friends ertain-handiren bat jartzeko aukera dago. Ipuruaren adarretara igoz
erresalte motz bat erraz gainditzen da. Hortik aurrera arrokarekin berriro
arreta izan behar da (harritxo solte asko). Bilgunea erlaitz handi batean dago.
L2 (40 m, 6 aseguru, 5a). Hasieran
tximiniako pasagunetxo bat aurkituko dugu. Oso ongi egiten da gorputza
harkaitzen artean trabatzen badugu. Ondoren plaka bat bertikalagoa den
zatitxoren batekin eta oso arroka trinko onarekin. Luze polita. Laburra egiten
da.
L3 (40 m, 2 aseguru, 4a). Berez, bidea
bigarren luzean amaitzen da, baina rapelatu
nahi ez badugu, Pim-Pam bideko azken luzetik jarraitu behar da. Tramite
hutsa den luzea da. Erdian duen hiru metro inguruko hormatxoa izan ezik, ez du inongo
zailtasunik. Hormatxoa oso erraz egiten da. Bilgunea gailurrean egiten da,
lurrean aurkituko dugun arroka-zubi batean.
Jaitsiera: Krestari
jarraitu eta atzean dagoen lepora jaitsi. Lepoan ezker aldera egiten duen
bidezidorrari jarraitu eta 10 min baino lehenago errepidean gara. Beste 5 min
baino lehenago kotxean gara berriro.
Materiala: 6-8 zinta +
bilgunerako materiala. Lehenengo luzerako friends edota fisurero ertain-handiak.
Arroka: Kareharria
(tillita). Lehenengo luzean, hainbat lekutan, arrokarekin arreta izan behar da.
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 1h20min.
1. igoera: Josep
eta Jaume Masana, 1978.
0 comentarios:
Publicar un comentario