Ahaztuak dauden orratz horietako bat dugu hau. Pistaraino
ia iristen den kanal batez bananduta Mallo Magdalenaren eskuinean dago. Orratz
honetan Gregorio Villarig eta Jesús Yarzak bide labur eta polit bat ireki eta
ekipatu dute. Denborarekin asko errepikatuko dela uste dut laburra delako, ongi
ekipatuta dagoelako, eta bigarren luzeak merezi duelako. Oraindik hainbat
tokitan nahiko harritxo solte du, baina jendearekin garbitzen joango da eta
oraindik asko hobetuko du.
Bidea paraboltekin eta harri-zubiekin ekipatua dago.
Arroka orokorrean ona da, baina adi ibili behar da lehen luzean eta hirugarren
luzeko azken zatian. Hurbilketa berez abentura txiki bat da.
Iristeko:
Riglos herrira hurbildu eta herri sarreran, eskuin aldean,
kanposantura igotzen duen errepidea dago. Hori hartu eta kanposantu aurrean
egin duten aparkaleku handiraino igo behar da. Bertan aparkatu.
Hurbiltzeko: Apur bat
jaitsi eta hormetara doan pista hartu. Lehenengo bidegurutzean eskuinera hartu,
Aguja Roja delako aldera. Metro batzuk aurrerago, lurra mugituta dagoen zati
baten alboan (10 min inguru kotxetik), bere eskuineko erpinean jaiotzen den
bidezidorra hartu. Berehala gure eskuinean geratzen den kanal zabalaren bila
egin behar da.
Kanaletik
igo, bertatik irteten lagunduko digun soka finko bat aurkitu arte. Ez egin guk
egin genuen tontakeria. Kanaletik ez irten eta bai albo batean, bai bestean
sumatzen diren bidezidor arrastoak hartzeko tentazioa izan. Lortuko dugun gauza
bakarra bidezidor labirinto batean galtzea izango da. Gero kanalera itzultzeko,
arantza artean ibili beharko dugu. Benetan deserosoa eta urratzailea.
Batzuetan
kanala itxi egiten da eta zuzen gaindi ezin diren hormatxoak erakusten ditu.
Kasu horietan zailtasunak kanaletik metro batzuk irtenik (normalean ezkerreko
aldetik) eta berehala kanalera itzuliz gainditzen dira. Kanaletik igo soka
finkoa aurkitu arte. Sokak lurrezko hormatxo bertikal bat gainditzen laguntzen
du. Kanaletik irtetekoan aurkituko dugun bidezidor garbi batek berehala uzten
gaitu Mallo de la Canal delakoaren oinarrian. Guztira pistatik 30 min inguruko
igoera gogor bat da.
Bidearen
hasiera Mallo de la Canal eta bere eskuinean dagoen orratz txiki baten (Aguja
Lázaro delakoaren) artean dagoen kanalean dago. Berehala ikusten da lehenen
txapa.
L1
(30 m, 2 aseguru, 3c). Lehenengo asegurua baino apur bat lehenago
ipurutxo txiki bat 10 metro inguruko hormatxoa. Ipurutxoak zerbait jartzeko
balio dezake. Lehen asegurua zertxobait altua (6-7 metrora). Bigarren
aseguruaren ondoren erlaitz handi batera irteten da. Arroka onetik eskuinera jo
behar da bilgunea aurkitzeko (parabolt 1). Zati erraza, baina asegururik
gabekoa. Erlaitzean solte dauden nahiko harritxo dago. Kontuz, sokarekin
bateren bat bota dezakegu eta.
L2
(35 m, 5 aseguru, 4c). Lehenengo asegurura iritsi arte bolo handiak
dituen plaka etzana. Ondoren ongi gainditzen den gilbortxoa (4c-ko pasagunea;
luzeko pasagune gogorra da). Gero, hurrengo asegurua aurkitzeko, 3 metro inguru
ezkerrera jo behar da. Asegurua apur bat ezkutatuta dago. Berriro ere eskuinera
itzuli eta kanal moduko batetik gora egin behar da. Bosgarren aseguru gainditu
ondoren emeki gorantz egiten duen zeharkaldi bat egin behar da ezkerrera
bilgunera iristeko. Arroka trinkoa da baina 8 metrotan ez dago asegururik.
L3
(35-55 m, 5 aseguru, 5b). Euste leku onak eta aseguruak gertu dituen
hormatxoa. Hormaren ezker aldean arroka apur bat hautsia dago, baina eskuinetik
bolo ederrak ditu. Hormatxoa gainditu ondoren, azken asegurua aurkitzeko apur
bat ezkerrera, ertz batengana, jo.
Hortik zinta eta mailoia duen ipuru batetaraino (35 m) edo gailurrean
aurkituko dugun ipururaino (55 m; bilgunerik gabe) ia oinez igotzen den plaka
oso etzana (nahiko harritxo solte).
Materiala: 5-7 zinta + bilgunerako
materiala. Friends bateren bat eta zinta luze pare bat ongi etor daitezke.
Arroka: Konglomeratua.
Orientazioa:
Hegoa.
Iraupena: 1h15min.
Lehenengo igoera: Gregorio
Villarig eta Jesús Yarza, 2004; 2010ean ekipatua.
Jaitsiera: Ez egin guk egin genuena. Motxilak bidearen oinarrian utzi genituen.
Hori egiten baduzue hobe da rapelatzen jaistea eta ez oinez.
Oinez jaisteko asmoa badago, gailurreko ertzari
eskuinera jarraitu rapel instalazioa duen ipurua aurkitu arte. 15 metro
inguruko rapel labur batek lepo batean utziko gaitu. Bertatik mendebaldera egin
(emeki beherantz eginez) eta Mallo Colorado delakoa inguratzen duen bidea
aurkitzera jo behar da.
Motxilak jasotzeko asmoarekin gu bide arrastoak
jarraituz jaitsi ginen. Dena oso zikina eta arantzatsua dago. Goiko lepotik
Mallo Corona eta Mallo de la Canalen artean dagoen lepora jaitsi ginen. Hortik,
bidezidorrik gabe, Aguja Lazaro orratzaren oinarria jarraituz motxilak utzi
genituen lekura. Guztira 25 minutu
landare eta arantzekin borrokatzen (krokisa ikusi). Ondoren kanaletik jaitsi
ginen eta 20 minututan berriro ginen kotxean.
0 comentarios:
Publicar un comentario