© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2015/04/11

Albokoa den Xin-xan bidearen antzera, eskalada plaka etzanetan ematen da. Salbuespenak L3 osoa eta L5eko azken zatiak dira. Zati hauek bertikalak dira. Bide osoan harkaitza oso urratzailea eta itsasgarritasun handikoa da. Bidea ongi ekipatua dago eta L3ko sabaia A0 modura egin daiteke. Hurbilketa eta itzulia erosoak eta azkarrak dira.
Bilgune guztiak erosoak dira. Laugarren bilguneraino bilgune guztiak rapelatzeko prestatuta daude (eraztunekin). Hormaren oinarrian hiru bideak 5 metro inguruko distantziaz bananduta daude. Xin-xan bideko lehenengo luzea gure ezkerretik 3 metro eskasera doa. Gero banandu egiten dira.

Iristeko: N-230 errepidetik Sopeirara hurbildu eta presaraino joan.

Hurbilketa: Presaren beste aldera joan. Presaren amaieran aurkituko dugun eskailera metaliko batetik jaitsi eta eskaileretara pasa ipinita dagoen eskubandaren (soka finkoa) laguntzarekin. Eskailerak arretaz jaitsi. Jaitsiera ez da zaila, baina zati batzuetan nahiko aereoa da eta beste batzuetan eskaileraren koskak nahiko hondaturik daude. Benetan dena baino gehiago inpresionatzen du. Arreta apur batekin ez dago arazo handirik. Gainera jaitsiera guztian eskaileraren paretan alanbrezko eskubanda dago eta horrek lasaiago jaisten laguntzen du. Hogei minututan bidearen oinarrian egongo gara.

L1 (45 m, 10 aseguru, 5b): Itsasgarritasunezko plaka etzana hasieran, eskuetarako gauza gutxirekin. Ondoren pitzadura bat eta azkenik beste itsasgarritasunezko plaka bat, baina oraingoan esku eta oinetarako euste leku gehiagorekin.
L2 (30 m, 6 aseguru, 5a): Plakatxo eta graden segida.
L3 (40 m, 15 aseguru, 6a edo 5b/A0): Euste leku oneko plaka bertikala. Sabaira iritsi baino metro batzuk lehenengo arte ezkerrera jotzen duen diagonala eginez igo behar da. Pasagunetxo fin bat erdi aldera. Sabaiko zatia, apurtxo bat luzatuz, A0 modura egiteko ekipatuta dago.
L4 (20 m, 6 aseguru, 4c): Bilgunetik irten eta pasagune fin bat duen itsasgarritasunezko plakatxoa. Ondoren erlaitz batek banatutako bi plakatxo. Bilgunea zuhaitzaren alboan. Metro para bat beherago, gure ezkerrera, Xin-xan bideko azkenaurreko bilgunea dago.
L5 (40 m, 9 aseguru, 5c): Hasieran gradak. Ondoren euste lekuak dituen horma bertikala. Funtsezkoa da bertan oinak ongi ipintzea.



Jaitsiera: Oinez. Azken bilgunetik, presa aldera, goiko erlaitza jarraitu eta tunelean sartu. Barruan bi aukera daude. Eskuineko bidea hartu eta eskubanda batekin babestuta dagoen bidezidor zintzilikatu batetara irtengo gara. Bidezidor horrek, jaitsiera xume batean, presan utziko gaitu. Hortik kotxera ez dago ezer. Guztira 15 minututan kotxera itzuliko gara.

Materiala: 15-17 zinta + bilgunerako materiala.  Zinta luze pare bat zuhaixka edo arroka-zubiren batetarako.
Arroka: Kareharri marroia, oso itsaskorra eta urratzailea.
Orientazioa: Hego-mendebaldea
Iraupena: 2h30min.

1. igoera: Juan Gutiérrez eta Miguel Angel García, 2014.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario