Beste bide batzuekin batera, orain dela gutxi
Sendero Límite taldekoek Pared del Muro de la Cascadan irekitako eta
ekipatutako bidea. Bide horietako arrokaren kalitatearekin, ekipamen onarekin
eta aterpea gertu geratzearekin, Sendero Límitekoek inguru hau udaran
eskalatzeko toki klasiko batean bihurtzea lortuko dute.
Bide polita, sekulako granitoan eta ingurune
bikainean. Oso ongi ekipatua metrika 8ko paraboltekin. Horitako batzuk txapa
txikiak dituzte (bitxia). Ez da estutasunik pasatzen. Bilgune guztiak bi
paraboltez osatuak daude (R3 eta R5bis izan ezik) eta leku erosoetan daude
kokatuta. Hori bai, ur-jauziaren soinuarekin, bilguneen artean komunikatzeko
arazoak daude bikotea ikusteari uzten den luzeetan (ez badut gaizki gogoratzen
L3, L4, L5 eta L6 luzeak ziren). Bide guztiz gomendagarria.
Aipatzeko zailtasun bakarra L6ko hasierako horma da.
Kanpora botatzen duen bost metro inguruko horma da, baina ez dago patiorik
(erlaitz belartsu handi batean hasten da), ongi babestua dago 2 paraboltekin
eta estutasun batean, apur bat luzatuz, A0 moduan iritsi daiteke hirugarren asegurura
(irteerakoa).
Balneariotik igota bidea egunean egin daiteke
(1h20min lasai-lasai igota) edo, inguruan ekipatu diren beste bideren bat
egiteko asmoa badago, aterpean lo eginez (guk egin genuen moduan).
Iristeko:
Balneario de Panticosa delakora hurbildu eta bertan
dauden hainbat aparkalekuetako batean kotxea utzi.
Hurbiltzeko: Casa de
Piedra aterpearen atzean jaiotzen den bidea (GR-11) hartu. Pared del Muro de la
Cascadak osatzen duen zirkura iritsi arte bideari jarraitu (1h20min lasai-lasai
igota).
Aterpean
lo egiteko asmoa badugu oraindik beste hiru ordu laurdeneko igoera bat geratzen
zaigu, “Subida del Fraile” izeneko igoera ezaguna. Aterpea luxu bat da eta
bertako zaintzaileak oso jende jatorra. Gaua pasa ondoren, bidearen hasierara
jaisteak beste 30 min inguru suposatuko digu. Izena agertzen duen plastikozko
zirkulu laranja batek bidearen hasiera adierazten du.
L1
(40 m, 5 aseguru, 3c). Zimur asko dituen 3 metro inguruko hormatxo
batekin hasten da. Ondoren krestatxo batetik jarraitzen du eta azkenik,
bilgunera iritsi baino lehen, plakatxo bat. Bilgunea erlaitz belartsu handi
batean dago kokatua.
L2
(35 m, 10 aseguru, 4c). Bilgunearen ezkerretik irten eta kresta
erraz batetik igo. Ondoren, apurka bertikalagoa jartzen hasten da. Azken
metroak guztiz bertikalak dira, baina ongi babestua dago eta euste-leku onak
ditu.
L3
(35 m, 6 aseguru, 5a). Granito trinkoko bi plakez osatutako luzea.
Bigarrena gainditzerakoan 10 metro inguruko plaka oso oso etzan batetara
irteten da. Azken metro horiek oinez igo eta bideari izena ematen dion pinu
handira iristen da. Bilgunea pinuan egiten da.
L4
(30 m, 5 aseguru, 4a). Plakazko
pasagunetxoren bat duen espoloitxoa. Erraza. Bilgunea bazter batean, itzalean,
kokatuta dago.
L5
(35 m, 2 aseguru, 4b). Euste-leku asko dituen 3 metro inguruko
hormatxoa bilgunearen irteeran. Luzeko zailtasun aipagarri bakarra da hori.
Harmaila belartsu batzuetara irteten da. Gure ezkerrean geratzen den oso
espoloi lauso etzan bat hartu behar da (ez igo belarretik). Bilgunea lurrean
(zertxobait ezkutatuta), espoloiaren amaieran.
L5bis
(20-25 m).
Oinez eremu belartsua zeharkatu eta gure ezkerrean geratzen den ageriko horma
bertikalera hurbildu. Bilgunea parabolt batez osatua.
L6
(25 m, 6 aseguru, 5b). Apur bat kanpora botatzen duen, baina
euste-lekuak dituen 5 metro inguruko horma bertikala. Plaka etzan batera
irteten da eta bertatik igo behar da bilgunera iritsi arte. Estutasun batean,
plakara irteteko A0 modura iritsi daiteke hirugarren asegurura (irteerakoa).
L7
(35 m, 6 aseguru, 3b). Pasagunetxo arraroa bilgunetik irteteko.
Ondoren bi erlaitzez banandutako bi koskek plaka oso etzan batera eramaten
dute. Plaka horren amaieran, moko batean, azken asegurua aurkituko dugu eta
metro batzuk gorago, azken bilgunea (lurrean).
Jaitsiera:
Garagardo freskagarri bat hartzeko 8 min inguruko
igoeratxo bat geratzen zaigu. Denbora tarte horretan aterpean gara. Kotxera
itzultzeko igoerako GR-11 bideari jarraitu beharko diogu.
Materiala: 10 zinta + bilgunerako
materiala. Friendsak eta fisureroak soberan ez dira beharrezkoak, soberan
daude.
Arroka: Granitoa.
Orientazioa: Hego-mendebaldea.
Itzala goizez.
Iraupena: 2h15min.
Nork ekipatua: Julio
Benedé, Luis Royo eta Carlos Budría, abuztua 2014.
Kaixo Xabier: Gaur eskalatu dugu bide zoragarri hau. Eskerrikasko gurekin partekatzen duzun xehetasunez betetako informazio baliagarri honegaitik. Zure lanak ez dauka preziorik.
ResponderEliminarKaixo
ResponderEliminarEz da hainbesterako. Meritua bide horiek ireki eta ekipatzen dituztenena da. Hori bai dela lana. Nik bideak eskalatu eta horien marrazkitxoak soilik egiten ditut, batenbatentzat lagungarri izango delakoan.
Pozten naiz gustatzea.
Ahal baldin badezue, egin zazue ere alboan dagoen "Viaje por el muro". Zailtasunez antzekoa da eta kriston arroka dauka.
Ongi izan.