© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2015/08/05

Bere albokoa den “Espolón del Pino” baino bide gogorragoa da. Giltza L4 luzea da. Zailtasuna mantendua duen diedro bertikala da. Beheko zatian blokeozko pasaguneak ditu eta goiko zatian plaka leun batetik igo behar da pasagune finekin. Beste krokisen batean (alloroquemedeshaderencio) 5b-ko zailtasuna ematen diote luze honi, baina guri askoz zailagoa iruditu zitzaigun, 6a-tik gertu. L5 luzeko zailtasuna 3-4 metro inguruko zati bertikal bat da, baina euste-lekuekin.
L4 izan ezin, luzeak motzak dira bikoteen artean ikusteko edo entzuteko. L1 eta L2 elkar daitezke, baina hurrengo luzeak ez elkartzea gomendatzen dugu sokaren marruskadura dela eta. L1 eta L2an aseguruak apur bat urrun daude.
Arroka orokorrean oso ona da. Salbuespena L4 luzea da. Zatiren bat du lurrarekin zikina eta blokeren bat edo bestearekin arreta izan behar da.
Azkeneko zatia belarrezko bi erlaitzek banatutako nahiko bertikalak diren bi hormek osatzen dute.

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera. Aterpetik bidearen hasierara jaisteak “Espolón de Pino” bidera jaisteko baino 10 min gehiago suposatzen du. Guztira 40 min inguru. Izena agertzen duen plastikozko zirkulu laranja batek bidearen hasiera adierazten du.

L1 (25 m, 4 aseguru, 4c). Zuloz jositako arroka trinkoz osatutako plaka. Aseguruak zertxobait urruti.
L2 (25 m, 5 aseguru, 4c). Aurreko luzearen antzekoa. Bigarren asegurua zaila da ikusten herdoilduta dagoenez arrokarekin mimetizatzen delako.
L3 (15 m, 1 aseguru, II). Harmailak. Diedro etzanean sartu baino lehen aurkituko dugun parabolt bakarrean bilgunea egin. Horrela ez bada egiten, luzea oso luze ateratzen da eta sokaren marruskadura oso handia da.
L4 (35 m, 12 aseguru, 5c+).  Diedro etzana hasieran. Ondoren diedro bertikala. Bertan, lehenengo zatian, blokeozko pasaguneren bat egin behar den eta azken zatian diedrotik aldendu eta plaka leun batetik igo behar da, pasagune finekin. Lehenengo zatian harriren batekin edo besterekin arreta jarri behar da eta lurrarekin zertxobait zikina dago. Zailtasunean luze mantendua da eta teknikoa.
Bilgunea espoloiaren ertzean. Ongi eraikia dago, baina zertxobait estu suertatzen da soka maneiatzeko eta rapela prestatzeko.

L4bis. Goitik begiratuta behe aldera, zertxobait ezker aldera egin behar den 10-15 metro inguruko rapela. R4bis erlaitz handi batean.

L5 (20 m, 6 aseguru, 5c). Bigarren asegururaino zuzen igo eta ondoren eskuin aldera, emeki gora eginez, zeharkaldia egin gilbor-hormatxoaren azpian jarri arte. Zuzen igo. Luzeko zati  zailena da, baina euste-lekuak ditu eta ongi babestua dago.
L6 (20 m, 5 aseguru, 5b). Euste-lekuak dituen hormatxoaren eskuineko ertzetik irten itsasgarritasunezko plaka batera irteteko. Lehenengo 5 metroak oso finak. Gero plaka etzan egiten da eta erosoago igotzen da. Bilgunea aurreko horman, belarrezko erlaitz zabala zeharkatu ondoren.
L7 (25 m, 4 aseguru, 4c). Plakara igotzeko pasagune arraroa. Plakazko zatitxoa eta ondoren ertz ugari dituzten blokez osatutako horma bertikala. Euste-leku oneko zatia da hau. Bilgunea aurreko horman, belarrezko erlaitza zeharkatu ondoren.
L8 (20 m, 5 aseguru, 4b). Kanal-diedrotxo etzana hasieran euste-leku ugariekin. Ondoren gure eskuinean geratzen den espoloiaren gainean dauden plaka etzanetatik jarraitu behar da. Azken zati hau likenez zertxobait hartua dago. Bilgunea lurrean.



Jaitsiera: Aterpera oinez igo eta GR-11tik jaitsi.

Materiala: 12-14 zinta + bilgunerako materiala. Mailaz justu bagabiltza, egokia izan daiteke friends edo fisureron bat L4 luzerako. Hala ere, guk ez genituen erabili.
Arroka: Granitoa.
Orientazioa: Hego-mendebaldea. Itzala goizez.
Iraupena: 3h30min.
Nork irekia eta ekipatua: Luis Royo, Carlos Budría, Carlos Roy, Gonzalo Aruendas eta Julio Benedé, 2008.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario