© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2015/10/20

Sarrera 2015eko abenduaren 23an eguneratua.
Diputazioak baimena eman du eta bidea ireki zutenek birrekipatu egin dute kimikoekin. Nik dudan informazioagatik, bidearen benetako sarrera ere ekipatzeko asmoa dute, baina oraingoz ekipatu gabe jarraitzen du.
Sarrera honetan zintzilikatuta dagoen krokisa beraz zahartuta dago. Kontuan hartu beharrekoak hurrengoak dira:
1- Lehenengo luzeak ekipatu gabe jarraitzen du, baina garbiketa lan sakon bat jasan duenez garbiago aurkitzen da.
2- Nere krokiseko R1 bilgunetik aurrera bidea kimikoekin ekipatuta dago.
3- R2 bilgunea kendu da. Lepotxorako jaitsiera babestu egin da eta orain bilgunea nire krokiseko R2bis-ean egiten da.
4 - R3 bilgunea kendu da. Orain L3 eta L4 luzeak batera egiten dira.
5 - Jaisteko egiten den rapela aurreratu egin da. Kimikoekin ekipatua dago eta orain aurrekoa baino zertxobait luzeago da (32 m-koa da).
6 - OSO GARRANTZITSUA. Itzulerako bidea garbitu dute. Esan didate orain zabala eta erosoa dela.

Itsaso ertzeko marinel-giroa duen semiekipaturiko bidea. Arroka hareharria denez eta Gipuzkoako toki gehienetan nagusi kareharria izaten denez, hasieran zertxobait arraroa egiten da, baina gero asko disfrutatzen da. Bidea polita da eta itsasoa bare dagoen egun batean egiten badugu, bakardade eta lasaitasun sentsazioa osoa da. Belaontziak, txalupak eta noizbehinka itsasontzi handiak ikusten asko disfrutatzen da. Bere orientazioagatik beroa egiten duen egun horietakoentzat bide aproposa da. Gainera beti dago itsas brisa apur bat. ABUZTUAK 1etik abenduak 31 arte eskala daiteke (biak barne). 

Bideak aldeko atal ugari ditu (hareharrian eskalatzeko aukera, lasaitasuna, itsaso aldera ikuspegi zoragarria, …etab.) eta nire ustez klasiko batean bihurtuko da.

Bidearen hasiera.

 
Azken luzea.

Iristeko eta hurbiltzeko: Trintxerpera hurbildu eta Faro de la Plata aldera igo. Farora doan bidean ezin da kotxearekin ibili, debekatuta dago. Beraz bidera iritsi baino lehenago aparkatu behar da kotxea.
Faro de la Platako sarrerako hesira iristeko, errepidetik oinez, 25 min inguru behar dira. Hesia baino 20 bat metro lehenago, gure eskuinean, bidezidor bat jaiotzen da. Hasieran sasiak hartuta dago, baina gero nahiko garbia da eta itsasoko arroketaraino ongi jaisten da (10 min-ko jaitsiera). Arroketara iristerakoan ezkerrera egin eta berehala gara bidearen oinarrian. Bidearen hasiera identifikatzeko itsasoan dagoen harri handian ohartu behar gara. Bideak harri horren parean jaiotzen den espoloi etzan bati jarraitzen dio. Kotxetik, hurbilketa osoak, 40 min inguru iraun dezake.



ç
L1 (50 m, 2 aseguru, 5a). Lehenengo 40 metroak, ertzera iritsi arte, guztiz garbiak, aseguru finkorik gabe. Autobabesak jartzea derrigorrezkoa da.
Espoloitik igo (friendsak ipintzeko pitzadura batzuk) eta belarra dagoen tokira iristerakoan, eskuin aldera 8-10 metroko zeharkaldi horizontala egin (begetazioak hartutako zatia) arroka txukuna berriro aurkitu arte. Ertzera irten arte egokiena ikusten den tokitik zuzen igo. Ertzean, bilguneko bidean, bi aseguru aurkituko ditugu.
L2 (50 m, 8 aseguru baino gehiago, 5b). Bilgunetik irten eta ertzean dagoen arroka garbiko zati estutik igo (ertzeko 15 m zikinak, begetazioz hartutakoak) zulo zirkularrez jositako “Gruyer” plaka handiaren oinarrian ipini arte. Plaka ipar aldera orientatuta dago eta lirdinga pixka bat du (ez da eragozpena arroka lehorra badago) eta zuloak goroldioz beteta daude (zati honetan hezetasuna denbora luzean mantentzen denaren adierazle). Plakak bi pasagune fin ditu. Lehena plakan sartzeko eta bigarrena amaiera aldera.  Ondoren arrokaren ertzaz lagunduta lepotxora jaitsi behar da. Jendeak dio orain jaitsiera hori babestuta dagoela (baina ez dakit zenbat aseguruekin).
L3 (45 m, 12 aseguru, 5c edo 5a/A0). Itsasgarritasun handiko arroka garbia duen luzea. Ertzera iritsi arte euste leku onak dituen plaka batetik igotzen da. Eskuinera pasa eta kanal moduko batetik azken hiru metroak igo. Aseguruak gertu daude azken zati honetan (A0 modura egiteko aukera). Ondoren kanal moduak dituen arroka garbi eta itsasgarriz osatutako plaka. Hamargarren eta hamaikagarren aseguruen artean urrutiratzea dago, baina hamaikagarren asegurua baino lehen, gure ezkerrean, ertzean, autobabesteko zinta bat onartzen duen zulo handi bat dago.
L4 (45 m, 4 aseguru, 3b). Apurka etzaten doan kresta. Erdi aldera kresta zertxobait sasiz hartuta dago. Luze erraza “marinel-zaporearekin” (kaio gorotza gustuko ez duenak, ez dadila hurbildu).
L5 (45 m, 3 aseguru, 4a). Bilgunetik lepora jaitsi. Krestatik jarraitu eta 4-5 metroko hormatxo batekin topo egingo dugu. Hormatxoan pasagunea gainditzeko autobabeserako zinta bat onartzen duen zulo handi bat aurkituko dugu. Koska pare bat dituen krestatik jarraitu bilgunera iritsi arte. Luze honek autobabeserako aukerak ematen ditu nahiko zulo eta arroka zubiak dituelako.






Jaitsiera: Azkeneko bilgunetik 30 edo 35 metroko rapelak lurrean uzten gaitu. Faro aldera ez jarraitu. Bere sabaira irteten zara eta etxe barrutik jaitsi beharko litzateke. Kontuan izan eremua partikularra dela eta etxea pribatua.

Soka finkoa dagoen tokian zegoen marrazkia (abu 2023)
jaitsiera berria nolakoa den azaltzen (Argazkia: Gºli Serrano).


Materiala: 12-14 zinta + bilgunerako material. Lehenengo luzerako bagak, friends eta fisurero joko bana.
Arroka: Hareharria.
Orientazioa: Iparra eta ipar ekialdea.
Iraupena: 3h30min.
Nork ekipatua: Stig Larrañaga eta L.M. Mateos, 2014.


Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

4 comentarios:

  1. Este comentario ha sido eliminado por el autor.

    ResponderEliminar
  2. Abisua jasota.
    Hala ere komentario bat egin nahi dut. Goiko lotura horietan agertzen den dokumentuetan zera dio "Zilarraren itsasargiaren kasuan, bertan dagoen bidea eskalatzea debekatua dago, bertan kumatzen duten espezie mehatxatuei buruzko informazio gehiago izan arte behintzat (behin behineko debekua)."
    Nire ustez, eta biologoa naiz, hori erabaki duenak ez duela kontuan hartu bidearen orientazioa. Bideak ipar eta ipar ekialdeko orientazioa dauka eta ia bide osoa ertzaren ertzetik dijoa. Hegaztiak ez dira tontoak eta normalean leku babestuetan egiten dituzte habiak. Gainera ertza oso haizetsua da. Habiak seguruenik hormaren hego aldean edo ipar aldeko landareen artean egingo dituzte eta hor eskalatzaileek eragin gutxi izan dezakegu.
    Bestalde mehatxatutako espeziek ez dute Jaizkibel, Urgul...etab (eskalatzailerik ez dabilen toki guzti horietan) lekurik habirik egiteko? edo bada faro de la platako ertzean soilik ugalketa tokia duen espezie endemikorik?
    Uste dut batzuetan protekzionismoa absurdora eramaten ari garela.

    ResponderEliminar
  3. Este comentario ha sido eliminado por el autor.

    ResponderEliminar
  4. Kaixo! Bide zoragarria! Hori bai jeitsierako bidea, blogean zenion bezela, sasi eta garoz josia, askotan lurrik zapaldu gabe...baina aurretik pasatakoei eskerrak bidea antzematen zen. Blogean zure krokisa enlazatu dut. Arazorik balego, mesedez, esan eta kenduko dut.
    Mila esker.

    ResponderEliminar