© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2015/10/10

Aitz Txikiko lehenengo espoloiko klasikoena. Seguruenik inguru horretan gehien errepikatzen den bidea da. Nahiz eta euste leku onak izan errepikapen kopuru handi horrek harkaitza leunduta egotea eragin du.
Begi bistaz hasieran ematen duena baino bide bertikalagoa da. Ongi ekipatuta dago, baina ongi datoz friends batzuk eramatea (bigarren luzerako gehien bat). Diedroetan eskalatzeko teknika ongi menperatuta izan behar da, bestela nahi baino apuru gehiago pasako dugu.

Iristeko: Ikus hurrengo sarrera.

Hurbiltzeko: Zementuzko pistatik oinez igo eta beste 2-3 kotxeentzako balio duen aparkaleku txiki batera iritsi baino lehen poste adierazle bat aurkituko dugu. Bidezidor hori hartu eta igotzen hasi. Igoeraren 10-15 minutura, iada pagadiaren barruan, lehenengo bidegurutzean, bidezidor nagusia utzi eta ezkerreko bidea hartu behar da. Igotzen jarraitu eta basotik irten ondoren bidearen hasierara iritsiko gara. Kotxea utzi dugun tokitik, guztira, 25 min inguru.

L1 (40 m, 13 aseguru, 5b). Kimikoekin ekipatutako luzea. Hasieran, zuhaixka batera iritsi arte, diedro bertikala. Ondoren ezkerrera egin eta beste aldeko plakara pasa. Lurretik 30 metro ingurura kimikoekin osatuta dauden bi bilgune aurkituko ditugu, bata bestetik oso gertu. Hobe da hemen bilgunea ez egitea eta zertxobait gorago dagoen bestean egitea. Luze bertikala eta nahiko leundua. Kimikoekin osatutako bilgunetatik igotzeko bi aukera daude. Lehena eskuinetik. Errazagoa da, baina ez dago asegururik (hala era erraza dago autobabesteko aukera). Bigarrena ezkerretik. Bi kimikoekin babestutako plakatxo bertikal labur bat da.
L2 (35 m, 8 aseguru, 5a). Kanal-diedro luzea. Orokorrean euste leku onak ditu, baina oso leunduak. Luzea ongi ulertu behar da, batzuetan kanal-diedro barrutik joan behar delako eta beste batzuetan kanpotik. Orokorrean aseguruak urruti, baina pitzadura ugari dagoenez autobabeserako aukerak daude. Zurea ez bada diedroetako eskalada, ongi dator luze honetarako friends joko bat eramatea.
L3 (30 m, 5 aseguru, 4c). Kontuz, bilgunetik ez da gora jarraitu behar. Bilgunera igotzen garenean, gure ezkerrean, espoloiaren ertza ikusiko dugu. Bilgunetik irte eta metro bat igo ondoren espoloiaren beste aldera pasa behar da (2-3 metro inguruko pasarte horizontala eginez). Ondoren, ezker aldera diagonala eginez, gure gainean ikusten den arte handi aldera igo behar da.


Jaitsiera: Bilgunetik, oinez, lehen espoloia eta bigarrena bereizten dituen lepotxora igo (20-30 m inguru dira) eta ezker aldera jaitsi. Bidezidorra jarraitu eta ia behera ailegatzerakoan jaisteko eskuen laguntza erabili behar den zatitxo bat aurkituko dugu. Hori pasatzerakoan hormen oinarrira irtengo gara eta metro batzuk aurrerago berriro gara bidearen hasieran. Guztira 10-15 min.

Materiala: Lehenengo luzea nola egiten dugunaren arabera 10-13 zinta + bilgunerako materiala. Mailaz justu bagabiltza, bigarren luzerako friends eta fisurero joko bana.
Arroka: Kareharria. Hainbat lekutan nahiko leundua.
Orientazioa: Hego-eki aldea.
Iraupena: 2h30min.
Nork irekia: “Naufragos nocturnos”, A. Sevillano, 1984; “Kike”, Kike de Pablo eta I Zarraga, 1971.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario