© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2015/11/10

Harri konglomeratua. Luze motzak, baina esplosiboak. Egun erdirako bidea edota Gipuzkoan ohikoa ez den harri batean eskalatu nahi bada. Zati batzuetan zertxobati begetazioz jantzia dago, baina jendea pasa ahala garbitzen joango da. Beraz, goroldio eta garo usaina duen eskalada dugu hau. Lehenengo luzea esplosiboa eta azkena teknikoa, baina biak arroka trinkoan.
Ongi ekipatua, baina adi joan behar da zeren asegururen bat atzean utz dezakegu batzuk begetazioak erdi ezkutuan gordetzen dituelako.
Bideak ihes-bide ugari ditu. Bilgune guztietatik bidetik jaitsi gaitezke (sasi eta otearekin zertxobait borrokatuz).

Iristeko: Andoain herrira hurbildu eta bertatik Leizaran bailararen sarrerara.

Hurbiltzeko: Iñaki Zuzaren blogean bidea ongi azaltzen duen mapa on bat dago (lotura orrira).
Leizaran aldera doan porlanezko pista hartu eta, berehala, 30 m ingurura, ezkerrean, Adarra-Mandoegi kartelarekin adierazita dagoen bidezidorra hartu. Igotzen hasi eta handik 5 minutura pista batera irtengo gara. Pistatik igotzen jarraitu argigune batera iritsi arte. Zertxobait aurrerago, ertzaren parean garenean (gure ezkerrean sumatuko dugu) PR marka duen haritza aurkituko dugu. Haritz horren aurrean (beste aldean) bidera igotzeko bidezidorraren arrastoak nabari dira. Igo eta berehala (metro bat eskasera) ezker aldean dagoen zuhaitzaren aldera egin. Ez igo zuzen. Bidezidorraren arrastoak garoen artean bidearen oinarrira eramango gaituzte. Kotxetik, guztira, 25 min inguru beharko ditugu.

L1 (15 m, 6 aseguru, 5c). Erdian pitzadura handi bat duen plaka bertikala. Euste leku onak ditu, baina atzeraka botatzen du plakak. Motza, baina esplosiboa. Bilgunea mokoa gainditu eta berehala.
L2 (25 m, 6 aseguru, 5b). Goroldioz jantzitako hormatxoa hasieran. Ondoren kresta eta bere amaieran atzeraka botatzen duen sabaia. Euste leku onak dituen zati motz bat da, baina atletikoa da. Pasagunea 5c ingurukoa izan daiteke. Bere beheko partean begetazioak hartutako luzea. Bilgunea lurrean, sabaia gainditu ondoren.
L3 (25 m, 5 aseguru, 4c). Zailena (gehien bat bigarrenarentzat) lepora jaistea da. Asegururik gabeko zati motz bat da, baina ez dago asegururik (edo behintzat guk ez genuen aurkitu, eta ongi begiratu genuen) eta autobabeserako aukerak era txikiak dira.

Beraz onena R2 bilgunetik lagunaren jatsiera aseguratzea da eta gero bertan dagoen mailoiarekin lagunari jaitsi. Lepotxoa leku erosoa da hurrengo luzea gorputzetik aseguratzeko.  Nahi izan ezkero, friend txiki pare batekin, pitzaduratxo batean bilgunea antola dezakegu.
Hormatxo bat hasieran eta ondoren begetaziorik ez duen arroka zati bakarraren ertzetik igo. Euste leku onak zati honetan eta aseguruak gertu. Ondoren asegurua zertxobait ezkutuan duen beste hormatxo bat. Krestara irteten da eta bilgunerainoko azken metroak errazak dira.
L4 (20 m, 6 aseguru, 6a). Krestaren eskuin aldean dagoen plakatik jarraitzen du bideak. Plakak euste lekuak ditu, baina zailtasunean oso mantendua da. Plaka ezker aldetik eskuinera, diagonalean, igotzen da. Amaieran ez dago bilgunerik ipinita eta beraz harri handi batean egin behar da. Zinta luze pare bat eraman horretarako.



Jaitsiera: Azken bilgunetik behe aldera begiratuz, eskuin aldetik R3 bilguneraino oinez jaitsi. Beste aldera (ezker aldera) pasa eta sasi eta ote artean, bidezidor baten arrastoari jarraituz, arreta apur batekin, bidearen oinarrira jaitsi daiteke. Guztira 15 min. inguru behar dira.

Bidearen egileak, Ikerrek, esaten dit, bere iritziz, erosoagoa dela rapelen bitartez jaistea. Rapelak nondik egin daitezkeen ere adierazi dut krokisean. 
Bakoitzak erabaki dezala.

Material: 7 zinta + bilgunerako materiala. Baga handi pare bat zuhaixkaren batentzat eta azken bilgunea osatzeko.
Arroka: Konglomeratua.
Orientazioa: Iparra.
Iraupena: 1h30min.
Nork ekipatua: Iker Iriondo, 2012ko neguan; 1.igora: 2012ko apirilean.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

2 comentarios:

  1. Eguberritako sutea ta gero bertan izan ginen eskalatzen aurreko astean.
    Hurbilketako bidexka sutearen ondorioz desegina dago, basoko zatian ia ez da bide zatirik nabari. Beraz eskalatzaile gehiago igarotzean joango da bidexka eratzen berriro ere.
    Bestetik, bide oinarriko izendun harritxoa paretetik askatua dago, sutearen berotasuna dela eta.
    Azkenik, bidean zehar txilarren bat errea dago baina gainontzean arroka osongi.
    Atsaldepasa edo goizpasa polita.

    ResponderEliminar
  2. Kaixo
    Ez nekien sutea izan zenik.
    Bai, atsalde edo goizpasa polita.
    Ongi izan.

    ResponderEliminar