Rigloseko harriarekin lehenengo kontaktua izateko
aukera polita. Oso ongi ekipatutako bidea da eta Riglosen hain ohikoak diren
gilbor horietako bakarra dauka. Beste guztia plaketan zehar eskalatzen da.
Plaka horiek han-hemenka zati bertikalagoak dituzte.
Bidea aurkitzeko Anorexia bidearen ezkerrean (8-10
metrora) dagoen parabolt lerroan jabetu behar gara. Lehenengo parabolta beltza
da eta bigarrena grisa. Irakurri ditudan hainbat aipamenek zioten lehenengo eta
bigarren parabolt beltzen artean distantzia handia zegoela eta L1eko azkeneko
parabolt batek ez zuela txaparik. Bidea egin genuenean (2015/12/29) arazo
horiek konponduta zeuden. Orain lehenengo bi txapa beltzen artean beste aseguru
bat jarrita dago (txapa grisa) eta beraz lurreraino erortzeko arriskurik ez
dago. Bestalde guk goiko aseguru guztiak bere txaparekin aurkitu genituen.
Iristeko
eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.
L1
(35 m, 10 aseguru, 5c). Bideko zailtasun handiena den horretaraino
ailegatu arte zati nahiko erraza eta euste leku onekin. Laugarren aseguruaren
parean aurrez erasotzerakoan pasagune luze eta atletikoa duen gilborra dago.
Pasagunean trabatu egiten bagara, metro pare bat eskuinera mugituz errazago
irteten da. Ondoren, bilguneraino iritsi arte, arroka trinkoa duen eta harmaila
segida bat aurkezten duen plaka etzana. Azken asegurua spit bat da (zertxobait
ez eskura). Ez da zertan txapatu beharrekoa.
L2
(30 m, 7 aseguru, 5a). Lehenengo
asegururaino iritsi arte (6 m ingurura dago) blokez jantzitako plaka etzana
(erraza). Bertan horma bertikal bati ekiten zaio. Euste lekuak ditu,
baina oinak ongi ipini behar diren horietako zatia da. Ondoren arroka trinkoa
duen plaka etzanagoa. Eskuinean geratzen den zulo baten parean zati motz batean
plaka zertxobait tentetu egiten da. Riglosen hain ohikoak diren gilborrik ez
duen luzea da.
L3
(35 m, 3 aseguru, 5b). Bilgunetik irten
eta berehala horma bertikal bat. Luzeko zailtasun aipagarriena da, baina euste
leku onak ditu eta oso ongi babestua dago gertu dauden bi parabolten bidez.
Ondoren luzea asko etzaten da eta harmailetatik igoz (ia oinez igotzen da)
bilgunera iritsiko gara. Bilgunea txapa hori handi bat duen parabolt handi (12
mm) eta bakar batean egiten da.
L4
(20 m, 6 aseguru, 4b). Arroka trinkoa duen plaka bertikal batetik
doan luze motza, oso ongi babestua. Txapa beltzak eta zilar kolorekoak txandakatzen
dira. Bilgunea kate batez lotutako bi paraboltez eta eraztun batez osatuta dago.
Metro batzuk gorago (10 m ingurura) beste bilgunea dago (R4bis). Txapa horia
eta eraztun handi bat duen parabolt handi batez osatua dago.
Jaitsiera:
Oinez gailurrera igo. Bertan zinta eta kableak
dituen ipuru handi bat aurkituko dugu. Bertatik 35 metro inguruko rapel bat
egin behar da,70 metroko soka batekin nahikoa da. Ondoren bidezidor batetik jaisten da bidearen hasieraraino.
Ipuruan ohikoa izaten da jaisteko errenkadak sortzea. Jende ugari eskalatzen
dabilenean pazientzia apur bat izan beharko dugu.
Ez badugu inor aurkitzen, 20-25 minututan bidearen
oinean gauzak jasotzen egon gaitezke.
Materiala: 10 zinta + bilgunerako
materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Kareharria (Konglomeratua).
Orientazioa:
Hegoa.
Eguzkia goiz goizetik.
Iraupena: 2h.
Nork
irekia:
F. Guinda.
0 comentarios:
Publicar un comentario