© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2016/01/14

2015eko abenduko azken igandean Antxon Gorrotxategi eta lagunek ekipatutako azken bidea egitera joan ginen. Bideak “Birra Moretti” du izena, Italiako ipar aldean asko edaten den garagardoaren omenez. Bidearen hasiera “Irati” bidea hasten den tokitik 50-80 metro eskuinera dago. Onena “Irati” bidearen ia hasieraraino hurbiltzea da eta ondoren bidea adierazten duen plakatxoa aurkitu arte eskuinera zeharkaldia egitea da.
Antxonek adierazten didan moduan “Irati bidea ekipatu genuenean, lekua aztertzen hastea erabaki genuen, baina ez genuen uste udazken honetan amaituko genuenik jada urria zelako eta sasoi honetan egunak motzak direlako. Izan dugun udaratxo luze honi esker amaitu izan ahal dugu”.
Nahiz eta bidea ia guztiz ekipatua egon, bere auzokidea den “Irati” bidean bezala, aseguru ugari arroka-zubietan ipinitako soka zatiak dira. Horrengatik eta zati batzuetan autobabesak ipini behar direlako, bidea semiekipatu modura sailka daiteke. Antxon eta Garoaren esanetan bide honetako ekipamendua beste bideetakoa baino urriagoa da bere arrokak fisureroen eta friendsen erabilera bultzatzen dutelako.
Ekipatzaileek garbiketa lan izugarria egin dutela nabari da. Hala eta guztiz ere badira lehenengo 3 luzeetan lurrez jantzitako zatitxo batzuk (jendeak errepikatzen duen heinean garbitzen joango da). Arrokaren kalitatea ona izan arren, bideak oraindik “basati” puntu bat erakusten du. Nabari da jende gutxik egin duela eta, hori dela eta, arreta pixka batekin ibili behar da seguruenik bloke edo harri solteren bat aurkituko dugulako. Hala ere harkaitz oneko zatietan arrokak “hozka” egiten du eta euste lekuak eta itsasgarritasuna oso onak dira. Trantsiziozko bi luze motzek (L2 eta L6) ez diote bideari xarmarik kentzen eta esan daiteke zailtasun aldetik bidea nahiko homogeneoa dela. Azken luzea, ur-tantako bi zati laburrekin, oso polita da. Sentsazio onekin utziko gaitu.
Guri haize asko egiten zuen eguna tokatu zitzaigun eta hotz handia pasa genuen. Ez genuen behar haina disfrutatu. Giro epelago batekin berriro errepikatzeko gogoarekin gaude.
Guztiz gomendagarria den bidea da. Antxonen beste ia bide guztiak bezala, klasiko handi batean bihurtuko da. Nahiz eta derrigorrezko zailtasuna handia ez izan (4c), ez dela hasiberrientzako bidea azpimarratu behar da. Fisureroak eta friendsak ipintzen ohituta egon behar da. Mendi eremuko bidea da, ez da eskalada eskola bateko bidea.
Azken aholkua. Jaitsiera harrobi barrutik egiten denez, bidea hau asteburuan egitekoa da, harrobia itxita dagoenean. Larunbata arratsaldea aproposa izan daiteke, baina hobe igandean egiten bada, harrobia guztiz itxita egoten baita egun horretan.

Iristeko eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.

L1 (40 m, 8 aseguru, 4b). Begetazioz aske dagoen lerro bati jarraituz, euste leku onak dituzten harmaila segida batetik doan luzea da. Zertxobait lurrez jantzia leku batzuetan (hala ere nabari da ekipatzaileek izugarrizko garbiketa lana egin dutela), baina jendeak errepikatzen duen heinean garbitzen joango da. Azken 10 metroak asegururik gabe zati erraz batetik, baina zertxobait lurrez jantzia eta arreta ipini behar zaion blokeren batekin. Bilgunea haritz handiaren enborrean egiten da.
L2 (25 m, 0 aseguru, II). Hurrengo luzera iristeko trantsiziozko luzea. Bilgunetik zuzen irten eta plakatxo bat bere ezkerretik inguratu. Bilgunea bi paraboltez osatua.
L3 (25 m, 4 aseguru, 4c). Gure eskuinean nabari den diedro aldera zuzen igo. Lehen asegurua bilgunetik 10-15 metrotara dago. Beraz autobabestu beharreko zatia da. Lehen asegurura iristerakoan kanal-diedrotik zuzen jarraitu. Gainditzerakoan erlaitz batera irtengo gara. Gure ezkerrean arroka trinkoa duen plaka bat dago. Bertatik igo behar da. Azken parabolta baino lehen pasagune fin bat dago, baina metro bat beharego, ezkerrean, pasagunean nahiko erosotasunez ematen ahalbidetzen duen ertz “salbatzailea” dago.
L4 (40 m, 10 aseguru, 5c). Lehenengo parabolt dagoen plakaraino iritsi arte igo kanal-diedro moduko bati jarraituz. Bilgunetik 5 m ingurura arroka-zubi bat dago, baina ez da bilgunetik ikusten. Lehenengo aseguru horretatik lehenengo parabolteraino 10 m inguru daude. Kanal-diedroa jarraitu behar da. Nahiko zati erraza da, baina autobabestu beharrekoa. Plakari ekin eta luzeko pasagune finena duen driedrora igo. Oinak ongi ipini beharreko pasagunea da. Indarra baino ezartzeak du garrantzia. Diedroak euste lekuak ditu, baina aurkitu behar dira. Bere oinarrian bigarren parabolta jartzeko pasagunea babesten duen iltze “salbatzailea” dago. Bigarren parabolt horretatik soka pasa ondoren hobe da iltzetik askatzea. Diedroa gainditu ondoren, eskuinera irten eta euste leku onak, baina zertxobait aldenduak, dituen plaka bertikal batetik igo behar da. Plaka eskuin aldetik errazago igotzen da, baina horrela aseguru batzuk ezkerrean geratzen dira, zertxobait ez eskura..
L5 (40 m, 8 aseguru, 4c). Ezker aldera irten eta euste leku onak dituen plaka bati ekin. Ondoren zertxobait atzera botatzen duen hormatxoa, baina euste leku handi eta onak dituena. Ondoren erresalte bat gainditu eta erlaitz handi batera irtengo gara. Bertatik luzeko azken plakari ekiten zaio. Plakaren irteeran pasagunetxo arraro bat dago. Parabolta txapatzeko gorputza okertu behar da. Pasagune hori gainditu ondoren, zertxobait eskuinera jo behar da. Aurrez-aurre espoloi moduko bat izango dugu (asegururik ez). Egokiena ikusten dugun tokitik igo. Arroka oneko eta euste leku oneko zatia da eta erraza autobabesteko.
L6 (25 m, 0 aseguru, 3b). Trantsiziozko luzea. Zuzen (edo eskuinetik) 5 m inguru igo eta zelai gune batera irtengo gara. Hurrengo bilgunera oinez hurbildu. Bilgunea arroka-zubi batean ipinita dago.
L7 (25 m, 8 aseguru, 4c). Bilgunetik zuzen igo eta harlauza-pitzadura gainditu lehenengo ur-tanten zatira iristeko. Eskaloi handiak eta arroka oso zimurtsua duen ur-tanten zatia da. Pitzaduraraino igo eta, berauetaz baliatuz, ezkerrera pasa eta hurrengo ur-tanten zatira hurbildu. Ekin bigarren ur-tanten zati honi eta gainditu ondoren ezker aldera egin. Bilgunea altzairuzko kablea duen arroka-zubian.



Jaitsiera: Karst ertzetik eskuin aldera (harrobi aldera) egin bidezidor baten arrastoak jarraituz. Bidea pintura gorriarekin eta mugarriren batekin markatuta dago. Hamar minututan harrobiaren goiko aldean egongo gara. Harrobi barruko pistetatik jaistea soilik geratzen zaigu. Guztira itzulerak 45 min. inguru suposa dezake.  

Materiala: 10-12 zinta + bilgunerako material. Bagak, friendsak eta fisureroak.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Ekia aldea.
Iraupena: 3h15min.
Nork ekipatua: Antxon Gorrotxategi eta Garoa Unanue (Iñaki Zuza eta Iosu Ulaciaren laguntzarekin), azaroa 2015.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

1 comentario:

  1. Gaur egin dugu (2020 11 14), eta bidearen hasieran eroria dago Birra Moretti izena zuen harria. Gainera, bidearen hasieraren ezkerraldean, bariante bat ireki dutela ematen du. Bigarren luzean ere, badirudi bariante bat ireki dutela, eta plaka hori ezkerretik saihestu ordez, zuzen egin daitekeela.
    Oso informazio ona, beti bezala, mila esker, Xabier!

    ResponderEliminar