© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2017/08/19

Bide honen lehenengo informazioa Rémi Thivel-en Voies Nouvelles orrian aurkitu nituen (lotura hemen) eta handik noizbait ibiliko ginelakoan gorde egin nuen.
Egileek ongi adierazten duten bezala, bide luzeetan hasteko bide egokia da. Beste erreferentzia batean gidatzaile batzuk gaztetxo talde batekin ikus daiteke.
Bidearen zailtasuna baxua da eta altuera sentsazioa eta esposizioa minimoak. Orokorrean plaka etzanetatik eskalatzen da, arroka kalitatezko granitoa da eta dauden zati bertikal motzak oso ongi babestuak daude. Ez da hara egitera joateko bidea, baina inguruan egonik, goiz bero baterako aukera egokia izan daiteke. Goiz ibiliz ia bide osoa itzalean eskala daiteke.
Egileek euria egin ondoren (ur-arrastoak sortzen dira) edo arroka bustiarekin bidea ez egitea aholkatzen dute. Azken horrekin arroka oso irristakorra jartzen omen da.
Bilgune guztiak soka lodi batekin elkartutako 2 paraboltez eta mailon batez osatuta daude. Beraz, bidea rapelatzeko prestatuta dago. Hala ere, R5etik hobe da “Gasolio & Decibels” bidetik jaistea (zuzenagoa da).
Beheko errepidea dela eta giroa zertxobait zaratatsua da. Batzuetan bikotearen arteko komunikazioa oztopatzen du. Kotxe edo kamiorik pasatzen ez den arte itxaron behar da komunikatzeko.

Iristeko: Frantziatik bagatoz Ax-les-Thermes herritik edo Puigcerdá herritik Porta herrira hurbildu. Herriko sarreran (edo irteeran, hurbilketa norabidearen arabera) aparkaleku handi bat dago. Aparkaleku hori erreferentzia modura hartuta Puigcerdá aldera 700-800 m egin. Hasieran, gure eskuinera, trenbidea alboan izango dugu. Zertxobait aurrerago zentral hidroelektriko txiki bat ikusiko dugu (ura gerturatzen dion bere hodi handiarekin). Zentral horretara sartu behar gara. Sarrera trenbidea errepidearen gainetik pasatzen den lekua baino 100 m inguru lehenago dago. Pista horretan 1 edo kotxerentzat lekua dago. Okupatuta badago trenbidearen zubia pasa eta 100 m inguru aurrerago beste pista baten sarrera dago. Bertan beste 2 edo kotxerentzat lekua dago.


Hurbiltzeko: Errepidea zeharkatu eta plaken beheko aldera hurbildu. Kotxetik 4 min eskas beharko ditugu.

L1 (40 m, 8 aseguru, 3b). Plaka hasieran. Gero oso etzana eta zertxobait belarrez jantzia dagoen zati etzana. Azkenik, bilgunera iritsi baino lehen, plakatxo bat.
L2 (30 m, 8 aseguru, 4b). Bere eskuinetik oso erraz gainditzen den sabaitxo bat hasieran. Gero, bilguneraino, plaka etzanak.
L3 (45 m, 10 aseguru, 4c). Kanaltxo moduko batzuen laguntzaz igotzen den itsasgarritasunezko plaka hasieran. Ondoren, erlaitz belartsu handi batera iritsi arte, harmailak. Azken zatia zertxobait bertikalagoa den plakaz osatua dago.
L4 (40 m, 9 aseguru, 4c). Harmailak hasieran. Luzearen erdi aldera pasagune fin bat duen hormatxo bertikala dago (aseguruak gertu). Ondoren, eskuin aldera egiten den zeharkaldi gorakorrak bilgunera hurbiltzen gaitu.
L5 (45 m, 7 aseguru, 3c). Zeharkaldi luze bat (30 m inguru) guztiz horizontala. Gero ezkerretik eskuinera igotzen den plaka etzan labur bat
L6 (45 m, 7 aseguru, 3c). Hasieran plaka etzan batetik eskuin aldera igotzen den zeharkaldi gorakorra. Ondoren zuzen igo. Zati etzan bat zeharkatu ondoren azken plaka batek bilgunean uzten gaitu.

Hartxingaditik  oinez 50-80 m inguru igo. Mugarri batzuk aurkituko ditugu bidean. Horma handiaren oinarrira iristerakoan eskuin aldera, altuera galdu gabe, 50 m inguru egin behar dira bidearen jarraipena aurkitzeko (txapak ikusiko ditugu).

L7 (40 m, 9 aseguru, 4b). Euste leku oneko hormatxo bertikal baten oinarrian uzten gaituen plakatxo bat hasieran. Hormatxoa erraz gainditzen da. Ondoren, beste hormatxo batera iritsi arte, plaka etzan luze bat dator. Bigarren hormatxo honek ere euste leku onak ditu. Lehengo bilgune bat aurkituko dugu. Hobe beste 5 m inguru igo eta bertan erlaitz handi eta eroso batean R7bis bilgunea aurkituko dugu.
L8 (50 m, 14 aseguru, 5a). Zeharkaldi motz bat ezkerrera eta euste leku oneko hormatxo bertikala hasieran. Horma oso ongi babestua dago. Gero ezker aldera igotzen den harmaila segida bat. Azken metroak oso etzana den plaka batez osatuta daude.



Jaitsiera: Bidezidorretik oinez, mugarriak eta puntu laranjak jarraituz.
Gailurretik Porta aldera metro batzuk egin eta berehala puntu laranjak ikusiko ditugu. Jaitsieraren lehenengo zatia pinudi baten barrutik egiten da eta oso ongi markatuta dago puntu laranjekin. Basotik irteterakoan ia markarik gabeko zati labur bat dago eta  beraz tarte nahiko nahasgarria da. Pinuditik irteterakoan oso ageriko pinu bakarti bat dago puntu laranja batetik. Pinu horretatik metro batzuk zuzen jaitsi behar dira eta , berehala, gure ezkerrera soka finkoaren lehenengo zatia ikusiko dugu. Hemendik aurrera, berriro, jaitsierak ez du galerarik. Oso ongi markatuta dago. 
Sokazko lehen zati hori jaitsi eta hartxingadia ezkerrerantz gurutzatu (mugarriak). Soka finkoaren bigarren zatitik jaitsi ondoren, zuzen jaitsi behar den beste hartxingadi bat dago (mugarriak). Soka finkoko azken zatia gainditu ondoren, bidearen oinean egongo gara. Guztira 25-30 minutuko jaitsiera.



Materiala: 14 zinta + bilgunerako materiala. Fisureroak eta friendsak soberan daude.
Arroka: Granitoa.
Orientazioa: Hego mendebaldea
Iraupena: 3h30min.
Nork ekipatua: Dominique Gleizes, Nicolas Bechemin laguntzarekin, urria 2013.


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario