Autobabestu beharreko zonalde ugari dituen
semiekipatutako bidea da. Eskalatzeko luze politak, eskaladari jarraitasuna
apurtzen dioten erdi oinez, erdi trepada eginez igo behar diren zati batzuez
tartekatuta. Plakez osatutako luzeak paraboltez ongi aseguratuta daude eta
autobabesteko aukerak ematen dituzten luzeetan parabolt gutxi daude edota urrutiratzeak
daude.
Bidearen izenak orain dela urte batzuk hildako
Javier Krahe abeslariak hain ezaguna egin zuen abestiaren omenez jarrita dago.
Bidea ireki dutenen deskribapena Iñaki Zuzaren blogean aurki daiteke (klikatu hemen).
Bidea aurkitzeko erraza da. Plaka handian dagoen
zuhaitz handi bati begia bota behar zaio (ikus bidearen argazkia). Plakatxoa
izenarekin bidearen oinean.
Azken gomendioa. Jaitsiera harrobitik egiten denez,
bidea asteburuan, harrobiak lana egiten ez duenean, egitea komeni da. Larunbata
arratsaldean ongi, baina hobe igandean egiten bada, orduan harrobia guztiz
itxita egoten baita.
Iristeko
eta hurbiltzeko: Ikus hurrengo sarrera.
Hormaren oinarritik gertu gaudenean hobe da metro
batzuk beherago dagoen bidezidorrari jarraitzea. Hormaren oinarriari jarraitzen
badiogu arantzez eta sastrakaz josia dagoen eremua aurkituko dugu.
L1
(30 m, 3 aseguru, 4c). Erdiraino babestuta (arroka-zubi eta 2
paraboltez) dagoen pitzadurez eta euste lekuz betetako plaka. Luzearen bigarren
zatia autobabestu beharra dago. Fisureroak friendsak baino hobeto sartzen dira,
baina horiek ere ongi sartzen dira. Bigarren parabolta txapatu ondoren oinetan
fidatu beharreko zeharkaldi labur bat egin behar da eta eskuinera pasa.
Bilgunera iritsi baino lehen pasagune fin bat dago, baina zuhaixka txiki batean
zinta bat ipiniz babes daiteke.
L2
(35 m, 9 aseguru, 5c). Bilgunearen ezkerretik irten. Lehen asegurua
txapatu ondoren, txapa goitik dugula, pasagune fin bat gainditzen da. Ondoren
eskuinera pasa eta kanal-pitzadura okertu batetik (zikin samarra) jarraitu.
Traba egiten (nahikotxo) duen zuhaixka dago. Azken metroetan ezkerrean dagoen
plaka trinkora irten eta euste leku onak dituen arrokatik igo (begi bistaz
ematen duena baino kalitate hobeagoa du). Azken metroak etzanak, baina
arrokarekin arreta izan behar da. Azken zati honetan arroka zubiren batean
edota zuhaixkaren batean zintaren bat jartzeko aukera dago.
L2bis.
Hurrengo plakara iristeko erdi oinez, erdi trepada
eginez (II) egiten diren 25 m. Parabolt 2 lerro aurkituko ditugu. Gurea
ezkerrekoa da. Eskuinekoa Antxon eta bere lagunek ekipatu berri duten beste
bide batekoa da (bideak “Altzania” izena du).
L3
(40 m, 8 aseguru, 4c). Ur-tantaz
osatutako plaka etzana hasieran. Gero, sabaitxo batera iritsi arte,
bertikalagoa jartzen da. Ondoren plaka bertikalagoaz osatutako tartea, baina
beti euste leku eta arroka onarekin.
L4
(30 m, 4 aseguru, 3b). Euste leku onak
dituen arrokatik trepatu behar da. Arroka ona da, baina blokeren batekin arreta
izan behar da. Lau arroka-zubik (hiru luzeko lehen erdian eta bestea ia amaieran) bidea
nondik doan erakusten dute. Bilgunea gure eskuinean geratzen den gutxi
definitutako ezproiaren tontorrean aurkituko dugu.
L4bis. Erdi oinez, erdi trepada eginez (II) igotzen den 40 metroko zati
belartsua. Puntu gorriak jarraitu behar dira.
L5
(40 m, 6 aseguru, 4c). Zuzen igo eta
sabeltxo bat gainditu (parabolt batez ongi babestua). Luze osoa zeharkatzen
duen kanal-pitzadura zabal batera irteten gara. Kanalak euste leku onak ditu,
zikin samar dago, baina txapen artean fisuak edota friendsak sartzeko aukera
ematen du. Erdian bloke handi bat duen (parabolt batez ongi babestua)
tximinia-diedro labur batetik irteten da gora.
Jaitsiera:
Harrobiraino puntu gorriak jarraitu. Bertan gaudela,
harrobiko pistetatik kotxeraino jaitsi.
Materiala: 10-13 zinta
+ bilgunerako materiala. Friendsak, fisureroak eta zintak.
Arroka: Kareharria
Orientazioa:
Eki
aldea.
Iraupena: 3h
Nork ekipatutakoa: Iñaki
Gorrotxategi, Susana Agirre y Antxon Gorrotxategi, 2017.
0 comentarios:
Publicar un comentario