© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2018/08/21


Sendero Límiteko kideek  Aragon bailaran dagoen Sagüeta horman pare bat bide ireki dituzte. Betiko moduan luxuzko bideak.
Horma hego-ekialdera  orientatuta dagoenez eguzkiak egun osoan ematen dio, goizeko lehen orduetatik arratsaldeko azken horietara. Beraz, bero handiko egun bat ez aukeratzen saiatu bestela bero asko pasako duzue eta.
Makurdurez osatutako lehen metroak izan ezik, bi bideak plaka handi eta jarrai bat izatea dute ezaugarri nagusia. Plaka, plaka eta plaka gehiago. Plakeroa bazara gozatuko duzu, bestela apurutxoren bat edo beste pasatuko duzu. Maila 5c duten luzeak, orokorrean, ibilbide gehiengoan 5b maila duten itsasgarritasunezko plakak dira, baina bi edo hiru pasagunetxo gogorragoak dituzte non estutu behar den. Pasagune horiek dira luzeei maila ematen diotenak.
Hasierako makurdurak A0 modura (besoetan indarra baduzu) edota A1 modura (Daisy chain eta hankentzako zinta baten laguntzarekin) egin daitezke. Makurduren tartea zertxobait zikina dago (hormatik labaintzen den urak ekartzen duena), baina ez du gehiegi trabatzen.
Plakak behetik ikusita ematen dutena baino etzanagoak dira eta oinekin ongi igotzen da. Gainera tarteka zimurdura marroi txiki batzuk agertzen ditu harkaitzak. Primerako euste-lekuak dira hankak igotzeko (igotzen jarraitzeko oinarrizko gauza).
Bideak  oso ongi ekipatuak daude paraboltekin (plaketan) eta arroka-zubiekin (pitzadura eta zuloetan). Bilguneak erosoak dira. Sendero Límite II bidean katez elkartutako  2 paraboltez osatuta daude. Gainera jaisteko mosketoia dute. Sendero Límite I bidean ere bi paraboltez osatuta daude, baina ez daude lotuta. Bi parabolt horietako batek eraztun handi bat darama.
Bi bideetako R2 eta R3 bilguneak soka estatiko batez lotuta daude eta R4 bilgunea bi bideena da. Beraz, bide batekin bestera pasatzeko aukera dago. R1 bilguneak ez daude lotuta, baina oso gertu daudenez hemen ere batetik bestera pasatzeko aukera egon daiteke.
Rapelatzeko hobe da Sendero Límite II bidetik egitea, baina Sendero Límite I bidetik ere jaitsi daiteke. 60 metroko bi sokekin bi rapel erosotan behean zara. Bi soka motzagoekin (50 m) ere jaitsi daiteke, baina sokak oso justu iristen dira R2 bilgunera.

Iristeko eta hurbiltzeko: Canfranc-Estación herritik Candanchu aldera igo eta Santa Cristina hotelera sartzeko errepidea hartu. Bere amaieraraino errepide zaharretik jarraitu. Bertan kotxea aparkatzeko tokia aurkituko dugu (5 kotxeentzako lekua egon daiteke).
Errepide nagusira irten eta bazterbidetik emergentziako balaztatze seinale batetaraino iritsi arte 100-150 m jaitsi. Bertan mugarri batzuk eta bidezidor bat jaiotzen dela ikusiko dugu. Bertatik igo eta berehala soka finko batekin aurkituko gara. Tarte malkartsu bat gainditzeko balio du. Ezpel baso batean sartuko gara. Bidea baso barrutik doa. Oso bide polita da. Hasieran oso eroso igotzen da zig-zag zabalak eginez igotzen baita. Azken partean bidea malkartsuagoa da. Noizbehinka Sendero Límite kideek jartzen dituzten ohiko perretxiko laranja batzuk aurkituko ditugu bidea adierazten. Hormaren oinarrira iristen ari garenean beste soka finko bat aurkituko dugu. Kotxetik guztira 15 min inguru behar dira bide osoa egiteko (ikus krokisa).
Soka finkoak jaisteko edo, suposatzen dut, lurra bustita dagoen kasuetarako prestatuta daude.



Sendero Límite II (6a, 105 m, derrigorrez 5b/A0/1)
Albokoa baino bide homogeneoagoa. Sarrerako makurdura azeratzeko Sendero Límite bidekoa baino gogorragoa iruditu zitzaigun.

L1 (25 m, 10 aseguru, 6a edo 5b/A0/1). Euste-lekuak dituen makurdura, baina ongi igarotzeko besoz indartsu ibili behar dena. Bosgarren asegururaino estutu behar da. Ondoren, plaka erraz batetik igotzen da. R1 bilgunera iritsi baino lehen itsasgarritasunezko pasagunetxo bat dago. Makurdura oinentzat zinta baten laguntzarekin azero modura gaindi daiteke.
L2 (25 m, 10 aseguru, 5c). Zertxobait etzana den plaka hasieran. Luzeko azken zatia bertikalagoa da. Bertikala den zati horren hasieran zimurdura marroiez osatutako tartetxo bat dago (oso polita eskalatzeko).
L3 (30 m, 11 aseguru, 5c). Plaka, plaka eta plaka gehiago. Itsasgarritasunezko pasagunetxo finen pare bat (amaiera aldera).
L4 (25 m, 7 aseguru, 5a). Itsasgarritasunezko pasagunetxoren bat duen plaka hasieran plaka. Ondoren, etzan egiten da eta euste-leku gehiago agertzen ditu.



Sendero Límite I (6a+, 105 m, derrigorrez 5b/A0/1)
Albokoa baino bide errazagoa. Sarrerako makurdura gogorragoa da, baina motzagoa ere. Hasierako sabaitxoa gainditu ondoren makurdura tartea Sendero Límite II bidekoa baino errazago gainditzen da. Oraindik ez, baina denborarekin arroka-zubietan jarritako sokak higatzen joango dira. Kasu horretarako ordezko zintak aurreikusi.

L1 (25 m, 13 aseguru, 6a+ edo 5b/A0/1). Oinentzako zinta batekin eta A0 modura gaindi daitekeen sabai motz bat hasieran. Zertxobait igo eta zeharkaldi labur bat egin ezkerrera. Azken metroak euste-lekuak dituen plaka etzan batetik egiten dira.
L2 (25 m, 11 aseguru, 4b). Euste-leku, pitzadura eta arroka-zubi ugari dituen plaka etzana.
L3 (30 m, 11 aseguru, 5c). Plaka, plaka eta plaka gehiago. Zimurdura marroiez osaturako tartea (oso polita) luzearen bigarren laurdenean. Pasagunetxo finagoren bat amaiera aldera, gehien bat harkaitza zertxobait zikina dagoelako.
L4 (25 m, 7 aseguru, 4c). Zimurdurak dituen plaka hasieran, gero etzan egiten da. Azken metroak diedro etzanaren ezker aldean geratzen den plaka etzanetik egiten dira.

Jaitsiera: Bi bideentzat berdina. Sendero Límite II bidetik raperlatzen (60 metroko bi sokekin) edo oinez bidezidorretik (20 min). 50 metroko sokekin ere rapela daiteke, baina soka oso justu iristen da R2 bilgunera (arreta izan).

Materiala: 11-13 zinta + bilgunerako materiala. Friends eta fisureroak ez dira beharrezkoak.
Arroka: Kareharria.
Orientazioa: Hego-ekialdea. Egun osoan eguzkiak ematen dio.
Iraupena: 2h inguru (bakoitza)
Nork ekipatuta: Luis Royo eta Julio Benedé, 2015.


Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

1 comentario: