© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2019/10/11


“Sendero Límite” taldeko kideen azken bideetariko bat dugu hau. Hain ezaguna eta errepikatua den “Arista Mowgli” bidearen ezkerrean kokatzen da Bozuelo izenarekin ezagutzen den lautadan. Bidearen zailtasun maila neurrikoa da eta oso ongi ekipatua dago. Bideak lau luze ditu eta horietatik politenak lehenengoa eta hirugarrena dira.
Bilguneak erosoak. Lehenengo hirurak bi parabolt eta bi eraztunez hornituak daude eta beraz, bidea uzteko aukera ematen dute. Azken bilgunetik onena oinez jaistea da.
Bidearen izena bidearen oinarrian dagoen parabolt batean dagoen zinta batean aurkituko dugu.

Iristeko: Panticosako bainuetxera hurbildu eta Casa de Piedra aterpearen aurrean dagoen aparkalekuan kotxea utzi.

Hurbiltzeko: Aterpearen atzean jaiotzen den eta Bachimañako aterpera eramaten duen bidea hartu (GR11). Ordu laurden bat igaro ondoren Caldares errekaren sakaneko ur-jauzietako baten aurretik igaroko gara. Beste igoera tarte batek Bozuelo lautadan uzten gaitu. Gure ezkerrean bidea hasten den ezproia berehala identifikatuko dugu. Bidezidor baten arrastoak jarraituz oinarrira hurbildu. Igoeraren azken zatia harri pusketen artean egiten da. Kotxetik guztira 40-45 min (lasai-lasai ibilita).

L1 (30 m, 10 aseguru, 5b). Zertxobait etzana den ezproia. Arroka trinkoa da eta erdi aldera pitzadura bat agertzen du. Aipatzeko zailtasun bakarra (luzeari maila ematen diona), zortzigarren eta bederatzigarren aseguruen artean dagoen pasagune fina da.
L2 (20 m, 6 aseguru, 4c).  Zeharkaldi horizontal lurkara batek kanal-diedro motz baten oinarrian uzten gaitu. Kanal-diedroa zertxobait lurkara da eta zertxobait estutu behar den zatitxo bat dauka.
L3 (25 m, 10 aseguru, 5a).  Arroka trinkoz osatutako plaka bertikala. Plakaren irteerak zonalde oso polit bat dauka, erretilu formako zimurdura bitxi batzuekin. Benetan euste-leku horiek gozamena dira. Pinu handitik aurrera luzeak eskuin aldera egiten du. Bilgunea plataforma belartsu handi batean dago.
L4 (35 m, 8 aseguru, 4c).  Lehenengo zatia biribildutako ofitaz osatuta dago. Arrokaren ahuleziak aurkitu behar dira zig-zag eginez. Luzearen erdi aldera tarteko bilgune bat dago, baina ez dago eskura eta hobe da igotzen jarraitzea. Luzearen bigarren zatian (granitokoa) kanal-diedro etzan bat eta plaka etzan motz bat aurkituko ditugu. Plaka ezkerretik eskuinera igotzen da eta azken aseguruan, goian dagoen zonalde etzanera irteteko, pasagunetxo bat dauka. Azken 7 metroak asegururik gabe, baina oso etzana da (ia oinez igotzen da). Bilgunea zuzen igota dagoen pinu batean egiten da. Bilgunea mailon batekin lotuta dauden zinta batzuez osatuta dago.



Jaitsiera: ·Arista Mowgli” bideko jaitsieratik bistako den bidezidor batetik (mugarriak jarraitu) oinez jaisten da. Bozuelo lautadara jaisteko 10 min inguru behar dira.

Materiala: 10 zintak + bilgunerako materiala. Friendsak eta fisureroak ez dira beharrezkak.
Arroka:  Granitoa eta ofita.
Orientazioa: Hego-ekialdea.
Iraupena: 1h30min.
Nork ekipatua: Enrique Recio, Manuel Morales, Julio Benedé  eta Luis Royo,  2017.


Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario