Aspaldi egin nuela bide hau eta oroitzapen onarekin
geratu nintzen. Beti izan dut errepikatzeko gogoa. Oroitzapenak benetan
errealitatearekin bat egiten du. Bide oso polita da luze (trantsiziokoak
kentzen baditugu) oso luze eta politekin.
Goiko luzeetan inkrustazio oso bitxiez beteta eta beti
euste-lekuak (nahiz eta txikiak izan) eskaintzen dituen arroka aurkituko dugu.
Ekipamendua egokia da. Bilguneak (azkena izan ezik)
erosoak dira eta erlaitz handietan egiten dira. Gehienak 2 eraztunez osatuta
daude eta beraz, lehenengo luzeetan bidetik jaisteko aukera dago (gero hobe
goitik irtetea).
Iristeko: Panticosa herrira hurbildu. Herrira iritsi baino lehen dagoen errotonda
pasa, zertxobait aurrerago herriko sarrera gainditu eta 50 m aurrerago gure
ezkerrean pista bat jaiotzen dela ikusiko dugu. Hoditeri handira iritsi arte
pista hori jarraitu (kotxeentzat egoera onean).
Hurbiltzeko: Hoditeriaren alboan dauden errailetatik
igo. Igotzen hasi eta 5 min ingurura mugarri bat aurkituko dugu. Mugarriak
hoditeria behetik noiz pasa behar den adierazten du. Beste aldera pasa eta
bertan jaiotzen den bidezidorra
jarraitu. Hasi eta 2 min ingurura arreta jarri behar da. Bideak aurrera egiten
duela ematen du, baina ezkerrera jo behar da (mugarria). Erresalte txiki bat
gainditzeko balio duen soka finko zahar batera iritsiko gara. Goian, ezker
aldera, erlaitz zabal batetik zeharkaldi horizontal bat egin behar da.
Zeharkaldia altzairuzko kable batekin babestuta dago. Kablea amaitzen denean 5
m igotzen jarraitu eta gure eskuinean, beste 5-8 metrotara, laranja kolorezkoa
den plakatxo batea, R0 bilgunea aurkituko dugu (1 parabolta). Guztira kotxea
utzi dugun tokitik 10 min inguru beharko ditugu.
L1 (35 m, 9 aseguru,
6a edo 5b/A0). Harmaila lurkarak hasieran. Ondoren
pitzadura bat duen plaka euste-leku onekin. Eskuinera pasa eta erlaitz batetik
sabel azpira hurbildu. Zati honetan dago bidearen pasagune zailena. Zertxobait
luzatuta A0 modura egin daiteke. Pasagunea hobeto egiten da eskuinean dagoen
ezpel aldera hurbiltzen bagara. Ondoren plaka luze bat oso polita. Lehenengo
bilgunea erlaitz handi batean.
L1bis (20 m, 0 aseguru, II). Ezpelen artean igotzen den malda etzana, zertxobait lurkara. Ez da
beharrezkoa, baina erraza izango litzateke tartea babestea ezpel horietako
batzuetan zinta batzuk jarriz. L1 eta L1bis luzeak elkartzeko aukera dago (guk
egin genuen), baina soka-kideen arteko komunikazioa oso zaila bihurtzen da (ia
ez zara entzuten).
L2 (45 m, 6 aseguru, 4c). Zimurdura
oso bitxiak dituen plaka. Igotzen den heinean plaka etzaten joaten da.
Hirugarren eta laugarren aseguruen artean urrutiratze bat dago, baina zati
horren azken zatian plaka etzaten hasten da. Luze honen azken zati plaka oso
etzan batetik doa. Bilgunea gure eskuinean dago, erresalte txiki bat gainditu ondoren, sabai nabari
baten azpian.
L2bis (15 m, 0 aseguru, II). Oinez
eskuinera 10 m inguru egin. Trepatu behar den plakatxo etzan baten azpian
jarriko gara. Bilgunea bloke handi baten gainean dago, sabai nabari baten
ezkerrean dagoen terraza handi batean.
L3 (50 m, 10 aseguru, 5a). Euste-leku
oneko plaka handi batek diedro-tximinia (2 m-koa) batean uzten gaitu. Bertan dago
luzeko pasagune zaila. Pasagunea ongi babestua dago (parabolt 1 goitik).
Gorputza diedro-tximinian ongi ahokatuta pasagunea nahiko ongi gainditzen da.
Ondoren harmaila batzuetatik azken plakaren azpian jarriko gara. Azken plaka
hori oso polita.
L4 (10 m, 1 aseguru, 5a). Harmaila batzuk euste-leku txikiak dituen plaka
bertikal labur baten (4-5 m-koa) aurrean uzten gaitu. Bilgune zertxobait
deserosoa (belaunen mailan geratzen delako).
Jaitsiera: Oinez egiten da, baina jaitsieraren zati handi bat bidezidorretik kanpo
egiten da.
Eskuin aldera 50 m inguru egin,
ezpel artean dagoen bidezidor baten hasiera adierazten duen mugarria aurkitu
arte. Ezpelen artean bidezidor estu batetik igo. Soro batera irtengo gara. Bertatik
gailurrera igo (ezkerretik). Gailurra eskuinetik inguratu eta ezproiaren
ertzetik jaisten hasi (begetazio gutxien dagoen tokitik). Gure ezkerrean
harlauza pilo bat ikusten ditugunean, hortik jaitsi soroan, behean, ikusten den
bidezidorra aldera. Azken metroak (20 m inguru) sastraka artean egiten dira eta
zerbait urratzailea da. Bidezidorrera iristerakoan hoditeri handira iritsi arte
jarraitu eta errailetatik jaitsi. Guztira 30 min inguru behar dira kotxera
itzultzeko.
Materiala: 10 zinta + bilgunerako
materiala. Fisuak eta friendsak ez dira behar, baina ongi etor daiteke baten bat L1 luzerako.
Ipintzeko aukera gutxi L2 luzean eta L3 eta L4ean ez dira behar.
Arroka: Kareharria zimurduraz
betea.
Orientazioa: Hegoa. Eguzkiak
ematen dio egun osoan.
Iraupena: 2h.
Nork ekipatua: Salvador López eta Julio Armesto, 2005.
0 comentarios:
Publicar un comentario