Zailtasun puntualak dituen bidea. Arroka trinkoz
osatutako luze politak ditu, baina baita transiziozko luzeak eta lurrak
hartutako tarteak. Horrek bideari edertasuna kentzen dio, baina bestalde mendi
giroa ematen diote. Aparkalekutik hain gertu egonik, seguru gaude jende asko
animatuko dela egitera.
Nahiz eta Arnales-eko trokartearen albo batetik igaro bidea,
uharrak ez du molestatzen. Guk bidea maiatza amaiera aldera egin genuen, ur
asko zeraman unean eta ez zigun gehiegizko enbarazurik egin. R1 eta R5 izan
ezik, beste bilgune guztietan ikusmen-komunikazioa dago eta horrek gauza asko
errazten du.
Bideak duen beste ezaugarri bat duen altuera sentsazio
txikia da. Uharraren albotik joatean, gehienez, asko jota, lurretik 25 m
ingurura egongo gara.
Zehaztu behar den beste ezaugarri bat, bidea oso ongi
ekipatuta dagoela da. Ez da inongo estutasunik pasatzen. L1 eta L4ko pasaguneak
espresatik tiratuz egin daitezke eta hormetan A0 modura. Horma horietan gehiago
estutu behar da, baina lehenengoan, azken bi paraboltek, zintekin hornituta
daude (A0 delakoa errazago egiteko).
Bidea 8 mm-ko paraboltekin ekipatuta dago. Bilgune
guztiak, azken biak izan ezik, soka zati batekin elkartuta dauden 2 paraboltez
osatuta daude. Bilgune guztiak toki erosotan eraikiak daude.
Iristeko: Panticosa-ko
bainuetxera hurbildu eta Casa de Piedra alboan aparkatu.
Hurbiltzeko: Iraupen eskiko pistak erabiliz Arnales trokartera hurbildu. Uharra
zeharkatu baino lehen, justu bere ertzean, gehiegi zehazten ez den bidezidorra
jaiotzen da. Hartxingaditik igo mugarriak jarraituz bidearen oinarrira iritsiko
gara. Guztira kotxetik 10 min inguru beharko ditugu (5 min uharrera iristeko
eta beste 5 min hartxingadia igotzeko).
L1 (30m, 13 aseguru, 5c edo A0/4b). Harri handira igoz lehen parabolta
txapa daiteke. Lehen plakara igotzeko pasagunetxo bat (5b; A0 moduan egiteko
aukera). Lehen plaka gainditu ondoren, ezker aldera, ia horizontalean,
zeharkaldia egin behar da. Ondoren goroldio apur bat duen plaka etzana.
Goroldioak ez du trabarik egiten. Jendea pasa ahala garbitzen joango da. Azken
metroak emeki gora egiten duen erlaitz-pitzadura batetik egiten dira (ezker
aldera).
L2 (45 m, 14-16 aseguru, 5c edo A0/4c). Lehen hormara iristeko bloke handi batzuen artean
zeharkaldi moduko bat egin behar da. Horman bigarren asegururaino ongi igotzen
da. Guk egin genuenean, A0 moduan errazago egiteko, azken bi paraboltek zintak
jarrita zituzten. Ondoren eskuinetik ezkerrera igotzen den itsasgarritasunezko
plaka etzana. Bigarren horma lehenengoa baino zertxobait errazagoa (5b).
Bigarren eta hirugarren aseguruen artean pinu txikitxo bat dago zintarekin A0
moduan errazago egiteko.
L3 (50 m, 9 aseguru, 3a). Transiziozko luzea. Emeki gora egiten duen 40 m inguruko zeharkaldia lurrak hartutako zatiekin. Erraza da, oso ongi ekipatua dago, baina arroka trinkoko zati bat faltan botatzen da. Azken 5 metroak zuzen igo aldapa lurkara batetik.
L4 (40 m, 15 aseguru, 5b edo A0/4b). Itsasgarritasunezko
bi plakatxo polit 1 m inguruko koska batez banandurik. Bertan dago pasagunea.
Ez da pasagune gogorra, baina bai arraroa. Eskuentzat gauza gutxi eta oinak
asko igo behar dira eta beraietaz asko fidatu. Bigarren plakako lehen aseguruak
pasagunea A0 modura ematea ahalbideratzen du. Harmaila eta blokez osatutako
zati batetik jarraitzen da eta azkenean euste leku onak dituen ezproi-plaka
batetik igo behar da. Bilgunea oso txoko polit eta bitxi batean kokatuta dago.
Plataforma handi batean dago, justu uharraren gainean, oso leku politean.
L5 (30 m, 9 aseguru, 4b). Hasieran kanal-tximinia bat. Bertan euste leku
batzuekin arreta izan behar da. Gainditu
ondoren eremu lurkara bat zeharkatu behar da eta azken plaka bertikal bati
ekin. Bilgunea harri-bloke handi baten erpinean, kanal lurkara jaitsi baino
lehenago.
L6 (25 m, 2 aseguru, II). Transiziozko luzea. Zertxobait jaitsi eta kanal
lurkara handia zeharkatu. Zintak dituzten pinu eta urki batek pasagunea
babesten dute. Ondoren aldapa lurkara batetik igo behar da (lau hanketan).
Aldaparen ezker aldean harriak daude. Azken metrotan soka finko bat aurkituko
dugu. Aldapatik igotzeko hobe harrietatik igotzea. Garbiago dago eta harriren
bat botako balitz, ez dago arriskurik, bilgunera ez baita iristen. Bilgunea 3
pinu handietako batean egiten da (hobe erdikoan egitea).
L7 (20 m, 10 aseguru, 4c). Eskuinetik
ezkerrera igotzen den itsasgarritasunezko plakatxo bat hasieran. Beste aldean
(ezkerrean) dagoen plaka handira pasa behar da. Euste leku oneko plaka
bertikala. Hori gainditzean bilgunea pinu handi batean aurkituko dugu.
Jaitsiera: Metro batzuk igo. Bi pinu elkartzen dituen soka finko batek materiala
kendu ahalko dugun eremu batean utziko gaitu.
Trokarteko ertzetik igo gutxi
zehaztutako bidezidor bati jarraituz (mugarri batzuk). Zonalde horizontal
batera iristean (10 min inguru igo ondoren) erreka 3-4 besotan bananduta
dagoela eta busti gabe zeharkatzeko aukera erraza dagoela ikusiko dugu.
Erreka zeharkatu eta bide
zehatzik jarraitu gabe, ezker aldera eginez, pinuak ez diren zuhaitz batzuetara
bideratuz igotzen jarraitu. Beste 10 min pasa ondoren Garmo Negrora igotzen den
bidea aurkituko dugu.
Bide horretatik jaitsi. Kotxera
iristeko, guztira, 50-55 min inguru beharko ditugu.
Materiala: 14-16 zinta + bilgunerako
materiala. Zinta pare bat. Fisureroak eta friendsak ez dira beharrezkoak.
Arroak: Granitoa. Lurkara zati
nahikotxo. Arroka trinkoko zatietan, kalitateko arroka.
Orientazioa: Hego-eki aldea.
Iraupena: 2h15min.
Nork irekia eta
ekipatua: Sueño vertical, abuztua 2020.
0 comentarios:
Publicar un comentario