Bide bitxia. Lehen luzea izan ezik, eskuentzat gauza
gutxi duten plaka etzanetatik doa. Koska txiki batzuk han-hemenka, baina ezer
gutxi gehiago. Hala ere arrokak ondulazio txiki batzuk erakusten ditu eta
bertan oinak oso ongi eusten dute. Arroka itsasgarritasun handiko da eta ez du
ezer labaintzen. Hasieran, arrokari konfiantza hartu arte, estualdi txikiren
bat pasa daiteke, baina gero, trukua hartzen zaionean, asko gozatzen da. Luze
politenak L3 eta L5.
Metrika 8 mm-ko paraboltekin ekipatuta dago. Bilgune
guztiak (R1, R2, R3, R4 eta R5) bi parabolt eta 2 eraztunez osatuta daude.
Azken bilgunea (R6) antzekoa da, baina paraboltak elkartzen dituen katea eta
jaisteko bi mosketoi ditu. Bidea 70 metroko soka bakarrarekin jaisten bada sei rapel
beharko dira, baina 60 metroko bi sokekin 3 rapeletan jaisteko aukera egon
daitekeela uste dugu. R6bis bilgunea oinez jaitsi nahi dutenentzat (edo azken
luzea egin nahi dutenentzat) antolatuta dago. Ez dago rapelatzeko prestatuta.
Eraztunik gabeko bi parabolt dira.
Giro alpinoa. Lasaitasuna ziurtatuta. Lekuak eta bideak
merezi dute bisitatxo bat. Bide guztiz gomendagarria.
R6bis bilgunetik zuzen, gora, irteteko aukera dago.
Artifizialean egiteko ekipatuta dagoen zatia da. Modu askean 6a+ edo agian gogorragoa
(??) irten daiteke. Sarrera gogorra da. Guk artifizialean egin genuen eta
arnasbehartuta ibili ginen. Azken luze hau ez dago beste luze guztiek erakusten
duten zailtasun eta estiloarekin bat. Katxarreatzen ibili nahi baldin bada,
ongi, baina bestela aurreko plakako bost luzeek uzten duten sentsazio onarekin
geratzea hobe dela uste dut. Baina tira, bakoitza librea da nahi duena egiteko.
OHARRAK: Nahiz eta aurten argitaratu, bidea lehengo urtean egina dago. Beraz, agian,
aldaketaren bat egon daiteke.
Sendero Limiteko kideen argitaratzera aurreratu naiz,
baina jakitun dira.
Iristeko: Lizara
aterpera hurbildu eta kotxea aparkalekuan utzi.
Hurbiltzeko: Llano de Lizara delakoa gurutzatu (15 min) eta GR marka zuri-gorriak
jarraituz Collado del Bozo aldera igo. Lepora iritsi baino 100 metro desnibelean
lehenago gure ezkerrean geruza geologiko handia ikusiko dugu. Bidezidorra utzi
eta agerikoa eta erosoena ikusten dugun tokitik bidearen oinarrira hurbildu.
Kotxea uzten den tokitik 1h 20min inguru beharko dugu (lasai igoz).
L1 (35m, 4 aseguru, 3c). Kanal moduko batek diedro motz baten azpian
uzten gaitu. Hori gainditu ondoren harmaila batzuk bilgunera eramaten gaituzte.
Luze hau “Chimenea del Strato” bidearekin komuna da. Lehen asegurua zertxobait
urrun, baina zatia erraza da eta estualdirik gabe iristen da bertara.
L2 (30 m, 9 aseguru, 4c). Zuzen gorantz
irten, geziak adierazten duen noranzkoan (eskuin aldera eginez "Chiminea
del Strato” bidea egingo genuen; gezia eta izena horman margotuta). Plakatxo
segida batek arazorik gabe gainditzen den erresaltetxo batean uzten gaituzte.
Erresaltea gainditu ondoren ezkerretik eskuinera igotzen den plaka leuna batek
(pasagune fina) bilgunean uzten gaitu.
L3 (30 m, 6 aseguru, 4b). Erlaitz
belartsu batek banandutako bi plaka handi. Bi plakek eskuentzat nahiko koska
dituzte. Horrez gain arrokak ere ondulazio ugari erakusten ditu. Ongi igotzen
da.
L4 (30 m, 6 aseguru, 4b). Hasieran
plaka labur bat. Ondoren plaka gehiago etzaten da eta nahiz eta eskuentzat
gauza gutxi egon ongi igotzen da.
L5 (35 m, 8 aseguru, 4c). Plaka luzea.
Lehen metrotan oinak ongi orekatzeko eta igotzeko oso ongi datozen zulo bitxi
batzuk aurkituko ditugu eskuentzat. Luzearen erdi aldera hanketako muskulu
bikiak deskantsua hartzeko oso egokiak diren bi zulo handi aurkituko ditugu.
Bilgunea iritsi baino lehen, azken metrotan daude luzearen zati finenak.
L6 (25 m, 3 aseguru, 4a). Plaka etzana eta aurrekoak baino euste leku eta erlaitz
gehiago dituena. Arazorik igotzen da eta berehala gara azken bilgunean.
L7 aukerakoa (15 m, 5 aseguru, A1/5c edo 6a+? askean). Luze motza, baina begi bistaz irudi
duen baino gogorragoa. Sabaia eta ondoren plaka labur bat, euste lekuekin,
baina kanpora asko botatzen duena. R7 eraztunik gabeko bi parabolt.
Jaitsiera: R6bis bilgunetik mugarriak eta
gezi gorriak jarraitu. Hasiera batean ezker aldera, ondoren biratu eta eskuin
aldera egiten du. Collado del Bozo lepora iristeko 20-20 min beharko ditugu.
GRtik jaistea soilik geratuko zaigu (ordu inguru beharko dugu aparkalekura
iristeko).
Materiala: 9 zinta + bilgunerako
materiala. Fisuak eta friendsak ez dira behar.
Arroka: Kareharria. Oso
itsasgarria, ez du labaintzen ezer.
Orientazioa: Hegoa. Hala ere
geruza handiak itzalen mantentzen du
bidea lehen 2-3 luzetan.
Iraupena: 1h30min.
Nork irekia eta
ekipatua: Julio Benedé eta Luis Royo, ekaina 2010.
0 comentarios:
Publicar un comentario