© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2021/07/26

Goi-mendiko jarduera. Hurbilketak, eskaladak eta itzuliak 9-10 orduko jarduera suposa dezakete. Egoera fisiko onean eta goiz esnatzea eskatzen du. Beste aukera bat aurreko egunean aintzira dagoen soroetara igotzea eta bertan lo egitea da. Aukera lasaiagoa da, baina pisu gehiago eramatea suposatzen du. Bakoitzak erabaki dezala.

Anayet mendiko arroka andesita da (arroka igneoa). Bloke handiz osatuta dago eta, orokorrean, ertz zorrotzak erakusten ditu. Euste leku onak eta itsasgarritasun ona (L4 izan ezik; oso higatua) dituen arroka da. Zati erraz eta erlaitzetan oraindik harri solte ugari dago. Behe parteko hirugarren mailako luzeak lurkarak eta belarkarak dira. Niretzat luze delikatuena L5 da, ez bere zailtasunagatik, sokarekin harriak askatzeko aukera handia dagoelako baizik. Horrek arreta handiarekin igotzea suposatzen du.

Lehen bi luzeak bertikalak dira eta L6tik L10er, nahiz eta tarte labur bertikal batzuk agertu, plaka etzanetan eskalatzen da. Plaka erraldoiak zimurdura ugari dituen arroka aurkezten ditu eta, bilatuz, beti dago non eutsi.

Bidea ongi ekipatua dago. Paraboltak 8 mm-koak dira. Bidearen zailtasun bat hurrengo parabolta non dagoen aurkitzea da. Harkaitzarekin oso ongi mimetizatzen dira eta ez bagaude adi baten bat saltatzeko aukera dago. Erreferentzia bezala, gehien bat lehen luzeetan, kontuan izan 3-5 metrotik behin parabolt bat aurkitu behar dugula. Zailtasuna igotzen den zati (edo pasagunetan) aseguruak gertuago daude.

Bilgune gehienak toki erosoetan egiten dira eta 2 paraboltez osatuta daude (horietako bat eraztunarekin). Salbuespenak R3, R10 eta R11 dira non 3 parabolt aurkituko ditugun. Azken bilgunetik oinez igotzen da gailurrera.

Udaran jende ugari biltzen da. Guk egin genuenean (eta asteartea zen) lehenak sartu ginen, baina gure atzetik beste lau sokada ibili ziren. Aurretik edo atzetik jendea eramateak eskalada asko baldintza dezake.

 

Iristeko: Portalet mendatera hurbildu eta bertan dagoen aparkaleku erraldoian kotxea utzi.

 

Hurbiltzeko: Batellero telesillaren amaieraraino igo behar da. Telesilla-zutoinen alboan bidezidorra dago. Igoera gogorra da eta gora igotzeko 45 min inguru beharko ditugu. Goian, kartel handi baten alboan, bidezidor nabari bat jaiotzen da. Horri jarraituz aintzira txiki batera igoko gara. Aintzira inguratu eta bera amaieran bidea bitan zatitzen da. Eskuineko besoa hartu. Bidea etxola txiki baten gainetik pasatzen da eta, gora-behera txiki batzuekin, emeki gora eginez Anayeteko aintzira nagusia dagoen tokiraino eramango gaitu (1h40min inguru kotxetik). Horma aldera igo eta bidearen hasierara hurbildu hartxingaditik igoz. Guk, guztira, 2h10min behar izan genituen.

Erreferentzia bezala bidearen hasieran, lehen paraboltean, kolore urdineko plastikozko zirkulu handi bat dago jarrita. Bertatik zintzilikatuta, zinta batean, bidearen izena idatzita dago.

 


 



L1 (35m, 9 aseguru, 5a).  Bloke ugariz osatutako luze bertikala. Bloke bereizgarri handia igaro ondoren (3. asegurutik aurrera) emeki eskuinera eginez igo behar da.

L2 (20 m, 6 aseguru, 4c). Zuzen igo. Luze bertikala, aurrenekoa bezala, baina zertxobait errazagoa. Arroka gorriagoa da.

L3 (25 m, 3 aseguru, 3c).  Zeharkaldi motz bat, ia horizontala, eskuinera (belarkara). Ondoren kanal etzan batetik igo behar da.

L4 (25 m, 9 aseguru, 5c).  Arroka oso higatua duen plaka handia. Plakatik bertatik igotzen da batzuetan eta beste batzuetan ezkerrean geratzen den diedroaren laguntzarekin (babaresan). Euste leku txiki ugari ditu, baina deigarria da zein higatua dagoen harria. Horrelakorik ez dugu aurkituko bide osoan. Hain higatuak egoteak zailtasun maila bat gehiago ematen dio.

L5 (25 m, 4 aseguru, 3c). Bilgunearen gainean geratzen den kanal belarkaratik zuzen igo. Zati belarkara eta harri solte askorekin. Harririk ez botatzeko arreta handia jarriz igo behar da. Bilgunea erlaitz belartsu handi batean dago. Bilgunea zertxobait izkutatuta dago. Erreferentzia modura gorriz margotutako parabolt handi baten eskuinera, 1 metrotara, dago.

L6 (35 m, 9 aseguru, 5a). Bloke handiz osatutako eta euste leku onak dituen horma hasieran. Ondoren plaka erraldoira irtengo gara eta plaka etzan batetik igotzen da.

L7 (35 m, 7 aseguru, 4b). Plaka etzan erraza. Pasagune zertxobait finagoa bigarren eta hirugarren aseguruen artean.

L8 (35 m, 11 aseguru, 4c). Plaka hasieran. Ondoren aseguruak gertu dituen horma labur bat eta azkenik plaka labur eta harmaila segida bat.

L9 (35 m, 10 aseguru, 5a). Eskuinetik ezkerrera igotzen den plaka etzan labur bat hasieran. Ondoren bere eskuinean pitzadura handi bat duen 5 metro inguruko horma bertikala (euste leku onak). Metro batzuk aurrerago beste horma bat. Hau motzagoa da, baina aurrekoa baino zertxobait gogorragoa. Azken metroak harmaila belarkak.

L10 (25 m, 7 aseguru, 4c). Eskuinetik ezkerrera igotzen den blokez osatutako horma laburra. Ondoren aurreko luzeetan aurkitu dugun antzeko plaka etzan batetik igotzen da.

R10 bilgunea aurkitzeko, gandorrera irtetean, gu gauden tokitik 5 metro behera, ezkerrera, dagoela kontuan izan behar dugu. Leku eroso batean dago, baina bigarrena aseguratzeko ez da hain erosoa sokak gandorraren ertzarekin marruskadura handia duelako. Hobe L11 luzearekin jarraitzea. Gehienez 40 m inguruko luze bat irten daiteke. Guk ez genuen horrela egin, baina gure atzetik zetorren sokada batek bai.

R10 bilgunearen atzean, 50 m ingurura, Anayet gailurrera igotzen den bide arrunta ikusten da. Ematen du bidea uzteko aukera egon daitekela bilgune honetatik.

L11 (20 m, 4 aseguru, 3b). Gandor erraza, ia horizontala, harri-bloke handiz osatua.

L12 (35 m, 4 aseguru, 4c).  Harri-bloke handiz osatutako gandorra. Zati batzuetan bertikala. Guk 4 aseguru kontatu genituen, baina agian, baten bat pasatu zitzaigun. Autobabesteko aukerak daude.

 

Jaitsiera: Oinez, Anayet gailurrera igotzen den bide arruntetik.

 

Materiala: 12 zinta + bilgunetarako materiala. Friendsak edota fisureroak aukerazkoak.

Arroka: Andesita.

Orientazioa: Ekialdea.

Iraupena: 3h45min.

Nork ekipatua eta irekia: Luis Royo eta Julio Benedé, 2010.

 

Cambiar idioma (Castellano)

  

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario