Sendero Limiteko kideek inguru honetan dituzten bideekin
alderatuta, desberdina. Panticosan Sendero Límitekoek irekitako bide askotan
eskalada-eskola batean eskalatzen ari zarela iruditzen zaizu. Honetan ez. Giro
zertxobait basatia, goi-mendikoa.
Arroka, orokorrean, ona, zati batzuetan liken eta
goroldioz jantzita, baina ez dute enbarazurik sortzen. Jendea pasa ahala
hobetzen joango da. Lehen luzeak eta azkena belartsuak dira eta zati batzuk
lurkarak dituzte. L4 eta L5 dira luze mantenduak eta politenak.
Ongi ekipatua. Bilgune guztiak toki erosoetan. Denak,
azken biak izan ezik, 2 parabolt eta 2 eraztunez eraikiak daude eta beraz,
edozein arazoren aurrean, bidea uzteko aukera egongo litzateke.
Iristeko: Panticosako
Bainuetxera hurbildu eta Casa de Piedra aterpearen inguruan dauden
aparkalekuren batean kotxea utzi.
Hurbiltzeko: Argualaseko uz-jauzira eta “De la Laguna” iturrira hurbildu. Iturria
babesten duen etxetxoaren azpitik uharrera hurbildu. Metalezko 2 oholez
osatutako zubi batetik erreka zeharkatu. Zeharkatu eta berehala, bideak 5 metro
gora egiten ditu eta gero beheraka egiten du (emeki beheko joerarekin). Ageriko
bidezidorrari jarraitu mugarri handi bat eta gezi gorri bat margotuta duen
harri handi bat aurkitu arte. Bidezidor
arrastoei jarraituz gora egin bidearen hasiera aurkitu arte. Lehen luzearen
hasieran, zinta batean, bidearen izena aurkituko dugu.
L1 (35m, 10 seg., 5b). Harmaila belarkara batetik (zertxobait
lurkara) igo bloke handiz osatutako ageriko diedroaren oinarrira iritsi arte.
Diedroa gainditu ondoren, zeharkaldi gorakor bat egin behar ezker aldera (hau
ere zertxobait lurkara). Zortzigarren aseguruak soka zati bat dauka. Horrek
diedrotik irteteko txapatzeko hainbeste ez luzatzea ahalbidetzen du. Bederatzigarren
asegurua lurretik gertu dago eta, arreta ez bada jartzen, ikusi gabe pasa
dezakegu.
L2 (30 m, 9 seg., 5b). Makurgunera iritsi arte aldapa erraz bat (zertxobait
lurkara). Zertxobait kanpora botatzen duen makurgune bertikala, baina euste
leku onak ditu eskuineko aldean. Aseguruak gertu, nahiz eta bilgunetik 5, 6 eta
7. aseguruak ezin diren ikusi. Azken zatia zeharkaldi lurkara. Azken 5 metroak
oso lurkarak. Lur bustiarekin kontuan hartzeko kontua.
L3 (35 m, 6 seg., 4b). Aldapa luze
lurkara eskuinean geratzen den ageriko ezproiaren oinarrira iritsi arte.
Ezproira igo eta arroka trinkotik bilguneraino igo. Bilgunea eraztunak dituen
bi paraboltez osatuta dago. Bietako bat 2 metrora dagoen pinu batera soka
batekin indartuta dago.
L4 (40 m, 13 seg., 5a). Kalan estu
bat zeharkatu eta horma bertikal bati ekin. Euste leku onak ditu bai esku, bai
oinentzat. Beste horma txiki batek eta plaka labur batek “Placa negra”
delakoaren oinarrian uzten gaituzte. Izenak dion bezala, liken beltzez
jantzitako plaka bat da (likenak ez du enbarazurik egiten). Pasagune finen bat badu,
baina euste lekuak daude. Azken metroak arroka trinkoz osatutako plaka etzan
batetik egiten dira. Bilgunea erlaitz zabal eta handi batean egiten da.
Bertatik Panticosako aintzira aldera dauden bistak, zoragarriak.
L5 (40 m, 14 seg., 5c). Hasieran, bilgunetik irten eta berehala, arroka
zurixka duen horma motz bat. Gainetik ikusita ematen du euste leku onak izango dituela,
baina ez da horrela. Gehienak higatuak daude eta behe aldera orientatuta daude.
Gaitz erdi aseguruak gertu daudela. Ondoren plaka etzan bat eta ondoren
tenteago dagoen beste plakatxoa. Azken honek azken plaka bertikalaren oinarrian
uzten gaitu, “Placa del pino” izenekoa. Estutu behar den (gehien bat lehen bi
aseguruen artean) plaka fina. Azken metroak zertxobait goroldioz hartuta dagoen
plaka etzan batetik egiten dira. Harri borobil handi batera iristen da (“La
Bola”). Betan eraztuna duen parabolt bat aurkituko dugu. Metro pare bat gorago
dago bilgunea.
L6 (40 m, 10 seg., 4c). Bilgunetik irteteko blokeo bat behar duen pasagunea.
Lurretik 1 metro eskasera dagoenez ez da estutasunik pasatzen. Ondoren
goroldioak hartutako plaka etzan batek kanal moduko baten oinarrian uzten
gaitu, hau ere goroldioz hartuta. Kanal moduko horrek irteera bertikala du.
Zati hori ongi igotzen da X moduan, hankak ongi irekiz eta bi aldeetan
aurkitzen diren aldeko euste lekuak hartuz. Irteerako
aseguruak zinta zati bat dauka. Horrek txapatzeko hainbeste ez luzatzea
ahalbidetzen du. Amaitzeko bertan oinak
ongi ipintzen diren eta zeharka igotzen den pitzadura luzea. Pitzaduraren
gainetik eskuentzat beti euste lekuren bat aurkituko dugu. Goroldio duen zatia,
baina ez du enbarazurik sortzen. Bilgunea 2 paraboltez osatua, baina bakarrak
du eraztuna.
L7 (40 m, 4 seg., 4a). Plakatxo
bat hasieran. Gero koska txikiren bat duen aldapa luze belarkara.
Jaitsiera: Azken bilgunearen ezker aldean dagoen aldapatik 20-25 m inguru igo eta
materiala kentzeko toki eroso batera irtengo gara.
Hormaren erpina jarraituz 50 m
inguru jaitsi (mugarriak). Ondoren bideak ezkerrera biratzen du eta, emeki gora
eginez, muino batean uzten gaitu. Zertxobait aurrerago (ibiltzen hasi eta 10
minutu igaro baino lehen), bidezidor nabari bat aurkituko dugu. Pintura zuri
eta urdinez eginiko markak dituen bidea da. Ordicuso aintzirara igotzen den
bidea da. Bideari jarraituz Majada Baja de Argualas delakora jaitsi eta
errekatxo ugari dituen eremua egokien ikusten dugun tokitik zeharkatu.
Zertxobait aurrerago Garmo Negro gailurrera igotzen den bidea aurkituko dugu.
Bide horretatik jaitsi. Aparkalekura iristeko, guztira, 50 min inguru beharko
ditugu (lasai-lasai hartuta).
Materiala: 14 zinta + bilgunerako
materiala. Friendsak eta fisureroak soberan, ez dira behar.
Arroka: Granitoa. Liken eta/edo
goroldio beltza dituzten zati ugari.
Orientazioa: Eki aldea.
Iraupena: 2h30min.
Nork irekia eta
ekipatua: Martín el Txeko, Luis Royo eta Julio Benedé, uztaila
2018.
0 comentarios:
Publicar un comentario