Azken bi luzeak oso ederrak dituen bide motza eta polita.
Azken bi luze horiek arroka trinkoz osatutako plakak dira. Azken bi luze
horiengatik soilik pena merezi du bidea egitea.
Hurbilketa eta itzulia laburrak eta gainera oso erosoak.
Kotxea uzten den tokitik bide hasierara 5 min eskas daude. Itzuliaren lehen
zatia bidezidorretik egiten da eta gero zementuzko eskailera batzuetatik. Oso
itzuli erosoa, garbia eta azkarra.
Bideak dituen aipatzeko zailtasunak bi dira. Lehena
lurretik altxatzea da. Lurretik metro erdira dagoen erlaitz txiki batera
igotzeko pasagunetxo arraroa dago bide hasieran. Behin erlaitzean oinak jarrita
gelditzen dena ongi egiten da eskuinean dagoen pitzaduran oinak jarriz. Bigarren
zailtasuna azken luzearen azken aseguruaren parean dago. Zertxobait estutu
behar den pasagune motz bat dago.
Urte osoan eskala daiteke. Hori bai, udaran goiz-goiz edo
arratsaldean, oso berandu, eguzkiak indarra galtzen duenean, ibili behar da.
Egun euritsuekin lehen luzeko lehen zatia hezea egon daiteke. Bidearen izena
bidearen hasieran jarrita dago, itsatsita dagoen uharri batean.
Iristeko: Alfarras herrira hurbildu eta Benabarre aldera
egin N-230 jarraituz. Lau kilometro inguru egin ondoren
(errepidea zeharkatzen duen hodi erraldoia baino lehen), “embalse de Santa Ana”
bezala adierazita dagoen bidegurutzea aurkituko dugu. Hori hartu eta urtegia
dagoen tokiraino hurbildu. Zubia zeharkatu ondoren aparkatu.
Hurbiltzeko: Zubia zeharkatu. Tunelerako argiak behar direla adierazten duen
seinalearen alboan zementuzko eskailera batzuk daude. Horietatik igo eta
bideari jarraitu. Bidea makurtuta dauden eskalada bide batzuen azpitik pasatzen
da eta zertxobait beranduago arroila txiki batean sartzen da. Sartu eta
berehala, gure eskuinean, ikusiko ditugu bidearen lehena aseguruak. Bidearen
izena horman itsatsita dagoen uharri batean aurkituko dugu. Kotxetik 5 min
inguru dira.
L1 (30m, 6 aseguru, 5b).
Euste leku onak dituen horma bertikala. Lurretik altxatzeko pasagune arraroa.
Behin erlaitz txikira igo ondoren, eskuinean geratzen den pitzaduran oinak
jarriz, ongi igotzen da. Hasierako zati hau gainditzean, hasiera batean ematen
duena baino euste leku onak agertzen ditu ezkerrean geratzen den pitzadurak.
Plaka etzan batekin amaitzen da luzea.
L2 (40 m, 3 aseguru, 3c). Oso etzana den, plaka estua. Tarteko bilgunea
gainditu ondoren eskuinera pasa behar da (zeharkaldi horizontala, ia oinez).
Zati delikatua da dagoen harri solte ugariarengatik. Zati hori gainditzean erdi
oinez igotzen da bilguneraino. Zati hau zuhaixkez zikina dago. Arroka nahiko
trinkoa du, baina lurkara. Dauden bi edo hiru zuhaixka sendoenetan zintaren bat
jartzeko aukera dago. Luzea zatitu eta bi luzetan egin daiteke.
L3 (30 m, 6 aseguru, 5a). Aurreko horman bi parabolt lerro ikusiko ditugu. Eskuinekoa
igo behar da. Hala ere, nahasteko aukerarik ez dago bidearen izena horman
itsatsitako uharri batean jarrita baitago.
Luzea hiru plakez osatuta dago.
Luxuzko arroka trinkoa da. Lehen plakaren goiko aldean, irteera babesteko, fisu
edo friend bat jartzeko aukera dago.
L4 (20 m, 7 aseguru, 5b). Luxuzko arroka duen plaka. Ia plaka osoan
zailtasuna 4 c ingurukoa da. Azken aseguru inguruan dago estutu beharreko
pasagunea. Bilgunea gandorrean dagoen harri-bloke handi batean egiten da.
Jaitsiera: Gandor erraza hormatik irteteko. Beste bide batzuen aseguruak aurkituko
ditugu eta horrek progresioa babesten du. Luzera 25 metro ingurukoa izango da
eta tarte horretan 3 aseguru aurkituko ditugu. Lepoan dagoen pinuan bilgunea
egin daiteke.
Lepoan bidezidor nabari bat
jaiotzen da. Bidea jarraitu eta 3 min ingurutan Santa Anako baselizara eramango
gaitu. Urtegiko etxe aldera jarraitu eta bertara iritsi baino lehen, ezker
aldera jaitsi zementuzko eskailera batzuei jarraituz. Eskailera horiek bidearen
oinera eramango gaituzte. Bertatik kotxera itzultzea soilik geratuko da.
Lepotik kotxea dagoen tokira 10-15 min behar dira.
Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala.
Bi edo hiru zinta zuhaixketarako.
Arroka: Kararria.
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 1h30min.
Nork irekia: Agustí Sanz
0 comentarios:
Publicar un comentario