© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2021/10/21

Ustekabe atsegina. Askotariko eskaladak dituen bide polita. Denetatik aurkituko dugu (diedroak, plakak, hormak….)

Bidea oso eskuragarria da, zailtasun puntualekin. Gainera zailtasun horiek A0 modura gaindi daitezke. Luxuzko ekipamenduak (Guillem Ariasen ohiko txapa horiekin) eskalada atsegingarria bihurtzen du. Nahiz eta luzeak egin ahala altura hartzen goazela ohartu, ez dago altuera sentsaziorik.

Gris koloreko arroka duten L2 luzea eta azken luzeko tartetxo bat izan ezik, bideko arroka kolore urdinkara duen kararria da. Harri trinkoa eta kalitate onekoa. Arroka grisaren kalitatea okerragoa da, baina hala eta guztiz ere nahiko ona. L3 eta L4 luzeak trantsiziokoak dira, baina beste guztiak oso ongi daude.

Tokia lasaia da eta hormak duen orientazioagatik egun osoan eguzkia izango dugu. Guk bidea abuztu amaieran egin genuen. Oso egun beroa suertatu zitzaigun, baina goiz ibili ginenez ez genuen bero asko pasa. Hori bai, ura nahiko eraman.

Jarduerari jarri daitekeen alde ez hain ona duen itzulera luzea da. Guk antenetako pistatik jaitsi ginen eta, nahiz eta oso erosoa izan, luze egiten da. Beste erreferentzia batzuk suebakitik jaitsi daitekeela diote. Motzagoa omen da, baina azken aldera rapel labur bat (ekipatu gabekoa) edota destrepe txiki bat egin behar dira hormatxo bat jaisteko.

Bide guztiz gomendagarria.

 

Iristeko: Tremp-etik Coll de Nargo aldera (edo alderantziz) egin L-511 errepidea jarraituz. Boixols herria zeharkatu ondoren (edo, beste aldetik bagatoz, zeharkatu baino lehen), 20 eta 21. kilometroen artean, gure ezkerrean, Els Prats, Montanissell eta Sallent adierazita dituen pista bat aurkituko dugu.

Pista hori hartu eta 700 metro aurrerago bitan zatitzen dela ikusiko dugu. Ezkerreko adarra hartu. Pista hasieratik 2,1 km zehatz-zehatzak egitean bide ertzean aparkatu.

 

Hurbiltzeko: Ikusten dugun toki garbienetik, ezkerreko mendi-bizkarra erabiliz, igotzen hasi (mugarri batzuk). Goian, azken metroetatik gertu, hartxingadi batera iritsiko gara. Bere ezkerretik igo (bidezidorraren arrastoak nabari dira). Guillem Arias-ek horma honetan ireki eta ekipatu duen D´En Guillem izeneko bidearen hasieran amaitzen da igoera. Hormaren oinarria jarraitzen duen bideari, eskuin aldera, 100 m inguru jarraitu eta txapa horiak dituen ageriko plaka etzan batera iritsiko gara. Bidearen hasiera da. Kotxetik 20-25 min inguru dira.

 

L1 (30m, 10 aseguru, 4c). Plaka luze bat tarte batzuk besteak baino etzanagoak izanik. Erdiko zatian harriak zulo nahiko ditu. Azken aldera, 7 eta 8. aseguruen artean itsasgarritasunezko pasagunetxo fin bat duen plakatxo bat dago. Hala ere, aseguruak gertu daudenez, ez da estutasunik pasatzen. Azken metroak harmailetatik egiten dira. Erlaitzetan harri solte pixak bat aurkituko dugu. Laugarren asegurua zertxobait ezkutatuta dago bi ezpel txikien artean.

L1bis (15m). Hurrengo luzerarako lotura. Oinez igotzen da.

L1 eta L1bis elkartu daitezke, baina sokaren mugimenduarekin lagunari harriak botatzeko aukerak asko areagotzen dira. Uste dut seguruagoa dela banatuta egitea. Ez da denbora gehiegi galtzen.

L2 (25 m, 7 aseguru, 4b). Arroka grisez osatutako 8 metro inguruko horma bertikala hasieran. Euste leku onak ditu. Ondoren plakatxo bat eta azkenean aseguruak gertu dituen itsasgarritasunezko plaka etzana.

L3 (20 m, 2 aseguru, 3a). Harmailak. Erdi eskalatuz, erdi oinez igotzen da. Bilgunea ageriko sabai bat duen harri bloke handi baten azpian dago.

L4 (25 m, 3 aseguru, 4a). Bilgunearen eskuinetik irten. Bilgunetik irteteko dago luzearen pasagunetxoa. Ondoren aurreko luzearen antzekoa da (harmailak). L3 eta L4 luzeak elkar daitezke inongo arazorik gabe.

L5 (25 m, 5 aseguru, 5b). Bilgune gainean dagoen eta aseguruak gertu dituen 2-3 metroko horma motz bat hasieran. Hobe egiten da eskuineko pitzaduratik ekinez. Hala ere A0 modura egiteko aukera dago. Ezker aldera eginez igotzen jarraitu pitzadura ugari agertzen dituen arrokatik. Azken metroak zimurrak agertzen dituen plaka oso etzan batetik egiten dira.

L6 (25 m, 7 aseguru, 4b). Bilgunetik ezker aldera irten eta 8 metro inguru oinez egin (horizontalean) plaka bertikal luzearen azpian jarri arte. Plaka oso polita, arroka trinkoz osatuta eta euste leku onekin.

L7 (30 m, 10 aseguru, 5b). Lehen zatia ezker aldera egiten den zeharkaldi gorakorra da. Erraza da eta plaka etzan batetik egiten da. Ondoren aseguruak gertu dituen itsasgarritasunezko plaka labur bat. Diedro labur batek jarraitzen dio. Bertan dago luzeko pasagune gogorra (A0 modura egiteko aukera dago). Azken metroak bilguneraino nahiko lurkarak dira, baina parabolt batekin ongi babestuta dago.

L8 (25 m, 6 aseguru, 4a). Bilgunetik ezker aldera irten eta arroka trinkoz osatutako plaka oso etzanari ekin. Luzeko azken metroak zertxobait bertikalagoak dira, baina itsasgarritasuna eta euste lekuak onak dira.

L9 (30 m, 9 aseguru, 4b). Hasieran plaka nahiko etzana. Laugarren asegurutik aurrera eskuin aldera egin behar da. Harmailetatik igo ageriko pitzadura bat agertzen duen kolore griseko arroka aurkitu arte. Hemen dago luzeko pasagunetako bat (aseguruak gertu). Arroka grisaren zatia gainditzean bideak ezker aldera egiten du eta azken metroetan diedro ireki bat duen 3-4 metroko horma labur bat gainditu behar da.

 




Jaitsiera: Amildegiaren ertza jarraituz antenak dauden tokiraino igo (bidezidor arrastoak; 5 min). Bertatik bi aukera daude. Lehenengoa pista jarraitzea da. Guztira 1h20min inguru beharko ditugu kotxea dagoen tokira iristeko. Luze egiten da. Bidea laburtzeko ikusten dudan aukera bat, pinudia garbitzen dela ikustean, pinuditik zuzen Barranc d¨Obaga Negra-ra jaistea izango litzateke.

Bigarren aukera suebakitik jaistea da. Amaieran rapelatu edo destrepatu behar den horma labur bat dago. Guk ez genuen horrela egin, baina beste erreferentzia batzuetan horrela agertzen da.

 

Materiala: 10-11 zinta + bilgunerako materiala. Fisureroak eta friendsak soberan daude, ez dira beharrezkoak.

Arroka: Kararria.

Orientazioa: Hegoa

Iraupena: 2h30min.

Nork irekia eta ekipatua: Guillem Arias, urria 2014.

 

Cambiar idioma (Castellano)

 

 

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario