Granito onean burutzen den eskalada.
Giro ederra atzean Cap de Long-eko lakua, Turon eta Pic de Neouvielle ditugula,
baita Ramougn. Bidearen zailtasun maila aipamen originalean agertzen dena baina
gogorragoa iruditu zitzaigun eta horrela islatzen dugu krokisean. Gero, Garlitz
tabernan garagardo bat hartzen genuen bitartean, tabernako nagusiarekin gai
horri buruz hitz egitean, gurekin ados agertzen zen. Esan zigun bidea egiten
duten gehienak gauza bera komentatzen diotela. Eskalada mota askotarikoa da,
baina nagusitzen direnak itsasgarritasunezko plakak dira. Hainbat tokitan arrokak
mini-ontto moduko ondulazioak eta zimurdurak agertzen dituen zatiak ditu,
benetan, oso politak. L3ko plaka erraldoia, benetan ederra. Horrengatik
bakarrik pena merezi du bidea egitea.
Aipamen originalean bidea rapelatzeko ez
dagoela prestatuta dio, baina R2 eta R3 bilguneek, alboan, rapelatzeko
prestatuta dagoen beste bilgune bat dute (sokaz elkartutako 2 paraboltez +
mailon batez hornituta).
Denboraldiaren hasieran (guk ekainak
19an egin genuen) elurtegi arrastoengatik L1 luzearen amaiera eta L4 luzearen
hasiera bustiak egon daitezke. Guk bustiak aurkitu genituen, baina ez zuten
oztopo handiegirik egiten.
Hurbilketa eta itzulia ere aipamen
originalean agertzen diren 20 minutuak baino luzeagoak dira. Gainera, denboraldi hasieran, bide hasierara
iritsi baino zertxobait lehenago, bidea zailagoa eta hurbilketa luzeagoa egiten
duten elurtegiak aurki daitezke (hori gertatu zitzaigun guri). Errimaiatik edo
trepada bat eginez inguratzen ibili behar zara. Elurraren egoeraren arabera
posible izan daiteke gainetik pasatzea, baina erorketa batek lakuan amaitzea
eta bainu oso hotz bat hartzea suposatu dezake.
Ipar orientazioa du. Horregatik eta
dagoen altueragatik (2.200 m inguru) bero asko egiten duen egun horietarako
bide aproposa da.
Iristeko:
Aragnouet
herrira hurbildu eta hortik Neouvielle parke aldera igo. Cap de Long
urtegiraino igo. Kotxea aparkatzeko toki ugari daude.
Hurbilketa:
Campbieil
aldera doan bidea hartu. Harri handiak erorita dauden eremua zeharkatu eta lakua
inguratzen hasi. Bidezidorra gora egiten hasten denean (12-15 min kotxetik),
lehen bihurgunean, bidea utzi eta lakua inguratzen duen bidezidorrari jarraitu.
Toki horretatik, bidea zailtzen duten elurtegirik ez badugu aurkitzen, nik
kalkulatzen dut beste 20 min inguru behar direla bidearen oinarrira iristeko
(lasai-lasai joan da). Elurtegiak badaude hurbilketa beste 15-20 minututan luza
daiteke. Guk 2 elurtegi aurkitu genituen. Lehenengoa errimaiatik inguratu
genuen; bigarrena inguratzeko trepatzen ibili behar izan genuen. Laburbilduz,
elurtegirik gabe 35 min inguru kotxea uzten den tokitik. Elurtegiekin (bere
egoeraren arabera) 50 eta 60 min inguru
beharko ditugu.
L1
(35 m, 7 aseguru, 5a). Zimurdurak eta mini-ontto moduko ondulazioak
agertzen dituen plaka hasieran. Gero, 4. eta 5. aseguruen artean estutu behar
den pasagunetxo arraro bat dago. Eskuentzat euste leku txiki bat dago eta
oinetan fidatu behar zara. Zailtasun hori gainditu ondoren gandortxoaren
plaketatik igotzea soilik geratuko zaigu. Pinua pasa ondoren, azken metroak, ia
oinez igotzen den plaka oso etzan batetik doaz. Guk bustia aurkitu genuen,
baina ez zuen oztoporik suposatu. Bilgunea erlaitz handi eta eroso batean. Bilgunea
baino zertxobait lehenago oraindik elur pilaketak zeuden (ekainak 19).
L2
(30 m, 7 aseguru, 4c). Luzea pitzadura bati jarraituz ezkerrera egiten
den zeharkaldi gorakorra bat da. Bilgunea dagoen erlaitz belarkarara igotzeko
pasagunetxo arraroa. Eskuentzat gauza gutxi dago eta belarrera edota itxura
txarra duen mini-ipuru batera eutsi behar zara. Belauna ipiniz gero errazago
irteten da (badakit ez dela oso elegantea).
L3
(40 m, 11 aseguru, 5c). Granito trinkoz osatutako plaka erraldoia.
Plakak gustatzen zaizkionari hemen disfrutatu egingo du. Hasieran (hirugarren
asegururaino) arrokak zimurdurak eta mini-ontto motatako ondulazioak erakusten
ditu eta ongi igotzen da. Hortik aurrera oinetan fidatu behar den
itsasgarritasunezko pasagune finak agertzen ditu plakak. Azken zatia, zortzigarren
asegurutik aurrera, berriro ere eramangarriagoa da.
L4
(45 m, 11 aseguru, 6a). Errazena aurkitzeko ezkerrera eta eskuinera
mugitu behar den horma bertikala hasieran. Euste lekuak ditu. Guk bustia
aurkitu genuen (ez zigun oztopo handirik sortu, baina bere gauza gehitzen dio).
Ondoren eskuinera egiten duen diedro-kanal etzan batek pasagune finak dituen
zeharkaldi horizontalaren hasieran uzten gaitu. Hasieran oinentzat mini erlaitz
bat dago, baina ez dago ezer eskuentzat (oinekin eskalatu behar da). Plakara
irteteko eta zati honetako hirugarren asegurura iristeko pasagune oso fin bat
dago (oinetan fidatu behar dago derrigorrez). Plaka bertikal batetik jarraitzen du luzeak eta azken metroetan toki
pare batean estutzera behartzen zaituen pitzadura-plaka bat dago. Bilgunea
dagoen erlaitzera igotzeko ere R2ra igotzeko ibili garen moduan ibiltzea suposatzen
du. Eskerrak hemen pinuak duen sustrai on baten laguntza dugula.
Jaitsiera: Eskuin aldera
eginez oinez igo eta handik 3 min
eskasera Campbieilera daraman bidera iritsiko gara. Hortik kotxera itzultzeko
40 min inguru beharko ditugu.
Materiala: 11 zinta +
bilgunerako materiala. Fisureroak eta friendsak alferrikakoak dira.
Arroak: Granitoa.
Orientazioa:
Iparra.
Iraupena: 2h
Nork irekia eta ekipatua: Jeff Loaec,
Romain Loaec eta Paul Matharan, abuztua 2019.
0 comentarios:
Publicar un comentario