© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2026/07/09

Bideen zerrendarako lotura

Aspalditik nuen Collbatón eskalatzeko gogoa, baina arrazoi batengatik edo besteagatik beti atzeratuta geratzen zen aukera suertatzen zen. Oraingoan, Gironako kostalderako bidean, bertara hurbildu eta zonaldeaz gozatzeko aukera izan dugu.

Josep Monistrol bidea egin genuen Codolosa-ko horman eta Laietana 18 d 'Octubre bidea La Salut-eko horman. Lehenbizikoaren ekipamendua nahiko zaharra da (multi montiak), ondo hornitua dago, baina aseguru batzuen artean nahiko urrutiratze luzeak daude. Bigarren bidea bide modernoa da, ondo hornitua dago eta arroka onekoa da.

Udazken amaierarako, negurako eta udaberri hasierarako leku aproposa da. Uda betean bero handia egingo duela imajinatzen dut. Gu Aste Santuko bigarren asteko lanegun batean egon ginen eta bakarrik ibili ginen. Toki egokia izan daiteke, baita ere, Montserrateko goiko aldean eguraldi txarra egiten badu.

Josep Monistrol Sabadell-go eskalatzaile nekaezinari eskainitako bidea da.

 

Iristeko: Collbató herrira hurbildu eta Coves de Collbató seinaleztapenak jarraitu. La Salut ermitatik gertu dagoen aparkalekuan kotxea utzi. Parkean dagoen iturrian urez hornitzeko aukera dago.

Hurbiltzeko: Aparkalekutik ateratzen den bidezidorra hartu. Uhar lehorra zeharkatzeko balio duen zementuzko zubia igaro aurretik, eskuinera hartu. Bideak behera egiten du eta uharrean sartzen da. Uhar lehorretik gora egin behar da. Mugarri txiki batera iristean (ikusteko zaila dena), ezkerretara hartu eta uharretik irten. Pintura horiko puntuei jarraitu hormaren oinarrira iritsi arte.

La Salut-eko hormara igotzeko, mugarria baino metro batzuk lehenago, bidezidor nabarmen bat ikusten da eskuinean. Bost minutuko igoera baten ondoren bidezidor horrek bidearen oinarrian uzten gaitu.

 

Josep Monistrol (60 m, 5b, derrigorrez 5b)

L1 (30 m, 6 aseg., 5b). Sabeltxo bat sarreran (luzeraren pasagune gogorrena hor dago). Pasagunea derrigorrezkoa da eta oinetan fidatu beharrekoa. Plaka batetik jarraitzen du. Hemen hurrengoa segurua (arroka-zubi bat) urruti dago eta, gainera, ez da ikusten, baina posible da ondoko bideko parabolta txapatzea. Plaka batek diedro batera garamatza. Tarte horretan, luzera zatikatzeko aukera dago lurretik 15 bat metrora R bat dago (bi multi montiz osatua). Diedroa gaindituta, plaka batek bilgunean utziko gaitu. Gure bilgunea ezkerrekoa da (3 multi monti), baina eskuinekoan ere egin daiteke (2 parabolt katearekin lotuta).

L2 (30 m, 6 aseg., 5a). Pitzadura zeihar bat duen plaka hasieran. Zuzen igo beste plaka batetik (aseguruak urrun), gainean ditugun 2 zuhaixken eskuinean jarri arte. Hortik, bideak plaka erraz bat zeharkatzen du gorantz eta ezkerrera doan diagonal bat eginez. Aseguruak oso urrun eta zerbait jartzeko aukerarik ez. Sabel txiki bat duen plaka batek bilgunean utziko gaitu.




Jaitsiera: 60 metroko bi sokekin rapel batean lurreraino iritsiko gara arazorik gabe.

Materiala: 6-8 zinta + bilgunerako materiala. Ongi etor daiteke friends joko bat eramatea. Guk totem berde bat jarri genuen L1ean (aukerako R-aren ondoren eta diedroaren aurretik) eta totem hori bat L2an (zuhaixken azpian dagoen plakan).

Arroka: Montserrateko konglomeratua.

Orientazioa: Hegoa – Hego-ekialdea.

Iraupena: 1 h.

Nork irekia: Oscar eta Albert Masó, 2001 (behetik irekia).

 

Laietana 18 d´Octubre (65 m, 5a, derrigorrez 4c)

L1 (25 m, 4 aseg., 4b). Ondo babestutako (bakoitza parabolt batekin) 3 sabeltxo dituen ezproitxoa. Bilgunea 5 m inguru eskuinetara dago, plataforma zabal batean.

L2 (15 m, 4 aseg., 4a). Ezproitxo txiki batetik igarotzen den plaka etzana.

L2 (25 m, 7 aseg., 5a). Ezproitxo bat hasieran. Gero, ezkerrerantz egiten den zeharkaldi labur batek kanal baten eskuinean dagoen plaka etzan eta polit batean uzten gaitu. Amaitzeko, diedro labur eta polit bat.

 



Jaitsiera: 60 metroko bi sokarekin 55 m inguruko rapel batean bidearen oinarriraino iritsiko gara arazorik gabe. 

Materiala: 7 zinta + bilgunerako materiala. Friendak eta fisureroak ez dira beharrezkoak.

Orientazioa: Hegoa – Hego-mendebaldea.

Iraupena: 1 h.

Nork irekia: A.A., 2019ko urria

 

Cambiar idioma (Castellano)

Categories: , , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario