© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2010/09/01

Ibilbidea ez da oso jarraia, baina granito ezin hobeago batetik doa. Monicou bailara atzean dugularik paisaia zoragarria da. Luzeetan materiala sartzen joan behar da, baina bilgunea ekipaturik daude. Pasabide zailetan beti aurkituko dugu parabolten bat.

Iristeko: Tarascon herritik Vicdessosera doan errepidea hartu (D8). Auzat herriraino jarraitu eta kilometro batzuk aurrerago, errepideak bi kurba itxi jarraian egiten dituenean, kotxea aparkatu.
Hurbiltzeko: Kurban hasten den GRa hartu. Zubi bat gurutzatu eta berehala bidegurutze bat aurkituko dugu. Ezkerreko bidea hartu. Hasieran bideak nahiko ezkerraldera jotzen du eta ematen du bide onetik aldentzen ari garela, baina lasaia, bide onetik goaz. Hasieran bidea ibaiaren parean doa eta uraren zarata izango dugu lagun. Ordu laurden bat igo ondoren erreka batekin egingo dugu topo. Apur bat aurrerago errotulu bat dago. Eskuinera hartu. Bideak, zig-zag eginez, errepide asfaltatu batera eramango gaitu (30 min). Errepidea jarraitu. Ezkerraldera egiten duen kurba itxi batetara iristerakoan, bera gainean dagoen ubidea hartu eta poste elektrikoraino joan (45 min). Postearen ezkerrean, bidezidor bat hasten da. Hasieran ez da oso asko nabari baina gero garbitu egiten da eta erraza da jarraitzen. Bideak gora egiten du, baina ia horizontalki, oso emeki. Zeharkatzeko zaila dirudien erreka batekin topo egiterakoan, metro batzuk lehenago dagoen erreka lehor baten ibilgutik apur bat jaitsi behar da. Jaitsiera mugarri batekin adierazita dago. Erreka zeharkatu eta bideak gora egiten du nabarmen. Bidea harkaitzaren oinaren albotik doa. Pertsona batentzat edo birentzat balio duen bibak txiki baten albotik igaroko gara. Bigarren erreka bat aurkitu arte gorantz jarraitu (1h15min). Erreka gurutzatu. Gure aurrean pertsona askorentzat balio duen bibak handi bat ikusten da. Ez da horra igo behar. Apur bat lehenago eskuinera egin behar da. Mugarriak daude, baina bidea ez da oso argia. Bidezidorrak apur bat beherantz egiten du, baina berehala gara bidearen oinean (1h25min).
Bideko erreketan urez hornitzeko aukera dago.

L1 (45 m, 2 aseg, 5b+): Bidea erraz ezagutzen da nondik hasten den arroka beta zuri batez zeharkatuta baitago. Sabai bat 10 metrora (1 aseg.) Fisura batetik jarraitzen du: Bost bat metrotara bigarren asegurua. Ondoren babesak jartzeko aukera handia ematen duen plaka bat fisura eta “onddo” ugariekin. Bilgune erosoa bi paraboltekin.
L2 (40 m, 3 aseg, 4c): Parabolt bat eta iltze bat hasieran. Beste parabolt bat luzearen amaieran. Tartean fisurak eta onddoak. Bilgune erosoa bi paraboltekin.
L2bis: Oinez egiten den 40 metroko tartea.
L3 (30 m, 5 aseg, 5b): Plaka etzana itsaspen pasabideekin. Luzea paraboltekin babestua dago zerbait sartzea ezinezkoa da eta. Pasabide zailena luzeraren sarreran.
L3bis: Eskuinera 10 bat metro igo haritza bat aurkitu arte. Sokatik askatu eta, oinez, eskuinera egin. Hasieran apur jaitsi. Gero metro batzuk, 50 inguru, horizontalean egin eta azkenik gure ezkerraldean geratzen den malda batetik, pagoen artean, gorantz egin beste 70 m. Lepo batera iritsiko gara. Lepoa erraz ezagutuko dugu harri bloke handi bi, bata bestearen gainean txapel modura, aurkituko baititugu. Harrien eskuinean elkartuta dauden bi haritz daude. Haritzen oinetik horma arakatzen badugu, goian, hogei bat metrotara, sabai batean, parabolt pare bat ikusiko ditugu. "La directe du diedre" bidearenak dira. Gure bidea bost bat metro eskuinera jarraitzen du. Plaka etzan nabari batetik doa. Plaka amaitzen den lekuan, sabaitxo batean, dago luzeko lehenengo parabolta.
L4 (45 m, 2 aseg, 5b): Plaka etzana hasieran. Bere ezkerretik gainditzen den sabaitxo bat ondoren (1 aseg). Ipuru batera doan fisura jarraitu. Apur bat gorago, ezkerrean, plakan, luzeko bigarren eta azken parabolta. Hortik ezkerrera jo, zuhaitza dagoen lekura, bertan baitago bilgunea. Bilgune erosoa bi paraboltekin.
L5 (20 m, 0 aseg, 3a): Gure ezkerrean geratzen den sabaitxo baten azpian dagoen bilgunera iristeko luzea. Luze erraza.
L6 (45 m, 2 aseg, 5c+): Sabaia gainditzeko pasabide gogorra. Ongi babestua, baina kontuz ibili behar da erortzekotan lurra ukitzen da eta. Ondoren arroka etzan egiten eta erraza da. Bilgune erosoa, ongi sartutako fisurero batez lagundutako parabolt batean. Bilgunea gehiago babestu nahi badugu iltze zahar bat ere bada.
L7 (45 m, 2 aseg, 6a): Sabaia gainditzeko pasabide gogorra (1 aseg), aurreko luzekoa baino gogorragoa. Ondoren fisura itsu bat duen plaka bertikal bat. Tarte hori gaindituta, hormak bertikalitatea galtzen du eta zailtasuna apur bat jaisten da.



Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. 60 metroko sokekin 5. eta 6. luzerak elkar daitezke.
Materiala: 60 metroko bi soka, 8-10 zinta, fisurero eta friend joko oso bat  eta bilgunetarako materiala. 
Arroka: Granitoa
Orientazioa: Hegoa. Udaran eguzkiak goiz-goizetik jotzen du. Goiz jaiki.
Garaia: Udaberri amaiera, udara eta udazken hasiera.  
Iraupena: 3h30min. 
Ekipamendua: Philippe Rigobert eta Hervé Blazy-k ekipatua

Cambiar idioma (castellano)


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario