© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2011/02/13

Otsailean egiten ari den eguraldi ona aprobetxatuz Aiztondora hurbildu gara Irrintzi bidea egitera. Bidearen ezaugarri nagusia eskalada plaka trinkoetatik zehar egiten dela da. Lehenengo bi luzeak nahiko etzanak dira, lehenengoa bigarrena baino gehiago, baina azken bi luzeak plaka nahiko bertikalez osatuta daude. Arroka trinkoa eta kalitate onekoa da eta ez du begetaziorik.
Bidea oso ongi ekipatua dago. Urte osoan eskala daiteke. Jaitsiera bidetik egiten da. Bilgune guztiak bi eraztunekin rapelatzeko prestatuta daude.

Iristeko: Irurtzun edo Altsasutik Uharte Arakil herrira hurbildu A-15 autobidea erabiliz. Herria zeharkatu eta Irañetako norabidea hartu (NA-2410). Errekaren ondoan dagoen aisia-leku bat igaro ondoren ezkerrera doan pista bat hartu. Pista honek Uharte Arakil udalak eskalatzaileentzat eginiko parkingera eramango gaitu berehala (poste batekin adierazita dago).
Hurbiltzeko: Pareta dagoen aldera abiatu. Berehala bidezidor bat aurkituko dugu. Jarraitu eta 10 minututan bidearen oinean gara.

L1 (30 m, 8 aseguru, 4a): Plaka oso etzana eta erraza, bilgunera iritsi baino lehenagoko azken metroak izan ezik.
L2 (30 m, 8 aseguru, 5c): Ezkerrera  irten euste-leku ugari dituen zati erraz batetik. Hirugarren aseguruan zuzen, gure goian ikusten den zuhaitz aldera, jo. Plakara igotzeko apur bat estutu behar den pasagunetxo bat dago (A0an egin daiteke). Bilguneraino luzeak itsasgarritasunezko pasaguneak dituen plaka trinko batetik jarraitzen du. Plakan badira pitzadura eta helduleku batzuk pasagune horiek gainditzen laguntzen dutenak. Bilgune erosoa bi paraboltez osatua. Gure eskuinetara, bi metrotara, rapelatzeko prestatuta dagoen beste bilgunea dago.
L3 (25 m, 6 aseguru, 5c): Bere erdialdean ur-tantaz osatutako zatitxo bat duen plaka bertikala. Luze nahiko mantendua pasagune teknikoekin. Bilgunetik irteterakoan, lehenengo aseguruan, ezkerreko parabolt lerro jarraitu. Eskuineko lerroa Fliparax bidekoa da eta 6a zailtasuna du. Kontuz! Ez nahastu. Bi bideak oso gertu daude eta Fliparax bidearen hasiera errazagoa ikusten denez bertara sartzeko tentazioa izaten da. Bilgune deserosoa.
L4 (25 m, 7 aseguru, 5b): Bilgunetik irten eta eskuinetik ezkerrera jotzen duen pitzadura jarraitu metro batzuetan. Luzeak pasagunetxo teknikoren bat duen plaka batetik jarraitzen du eta helduleku onak dituen hormatxo bertikal batean amaitzen da



Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. 70 metroko soka bakarrarekin eskalatzen badugu, lau rapel beharko ditugu. 60 metroko bi sokekin bi saioetan jaisten da. Lehenengo R4tik R2ra eta bigarrena R2tik lurrera.

Materiala: 8 zinta + bilgunetarako materiala. Friend eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa
Garaia: Urte osoa.
Iraupena: 2h.
Berrekipamendua: FNDME-ko Ekipamenduen Batzordeak berrekipatua. 

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario