© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2011/04/10

Eginoko bide berrietatik klasikoena dugu hau. Oso ongi ekipatuta dago eta pasagune kritikoak, apur bat estututa, A0-an gaindi daitezke. Laugarren luzeko diedroa izan ezik bidea, gehien bat, kalitate onezko arrokez osatutako plaketatik zehar doa.
Pena bat da hirugarren luzetik jarraitasuna galtzea. Hala ere, horrek ez dio xarma kentzen, aldiz, giro alpino apurtxo bat ematen dio.

Iristeko: N-1 errepidez Egino herrira hurbildu eta eliza inguruan aparkatu.
Hurbiltzeko: Elizatik hormen aldera doan kalea jarraitu. Lehenengo bidegurutzean eskuinera hartu. Ondorengoan ezkerrera. Berehala ataka metaliko batekin aurkituko gara (ikus argazkia). Zeharkatu eta pistatik igo. Ur-biltegiaren ondotik pasa eta apur bat aurrerago pista bitan banatzen da. Eskuineko bidea hartu. Basoan sartzerakoan bidearen hasierara iristeko ezker aldera jo. Bidea zati handi bat galdu duen haritz baten alboan hasten da. Hasiera puntu gorri batez markatuta zegoen lehen, baina orain ia ez da nabari. Guztira kotxetik 15 min inguru.

L1 (40m, 14 aseguru, 5a). Belarrak hartutako plaka batetik zehar hasten da bidea. Apur bat gorago, eskuin aldera egiten denean, belarra gutxitzen doa eta apurka-apurka bidea garbitzen doa. Luze osoa euste-leku onak dituen plaka batetik zehar do. Kanal moduko zati batetik bilgunea dagoen toki zabal batera irtengo gara. Bilgunea parabolt batez osatuta dago, baina metro pare batera dagoen beste batekin osatu daiteke. Beraz zinta luze pare bat eraman.
L2 (30m, 12 aseguru, 5c+). Hasierako metroak errazak, grada moduko zati batetik. Gero horma bertikal batekin egingo dugu topo. Apur bat estutu beharko da hemen, baina oso ongi ekipatuta dago eta, bilatuta, pasagunea gainditzen lagunduko diguten euste-gune on batzuk aurki daitezke. Bilgunera iritsi baino lehenago horma apur bat etzan egiten da.
L2bis (15m, 1 aseguru, 3c). Kresta aereo txiki bat parabolt batez babestua.
L3 (45m, 17 aseguru, 5c). Niretzat bideko luzerik politena. Luzea eta polita. Pena ematen du bukatzea.
Bidea plaka handi batetik zehar doa. Lehenengo metroak itsasgarritasunezkoak dira (bertan dago luzeko pasagune zailena). Gero horma apur bat  tentetu egiten da, baina euste-leku onak dituenez nahiko erraz egiten da. Bilgunera hurbildu ahala zailtasuna gutxitzen doa. Kontuz! Bilgunea gure ezkerrean geratzen da. Azkeneko aseguruetan ezker aldera egin behar da, ez jarraitu goian, zuzen, ikusten den asegurua.
L4ra hurbiltzeko bilgunetik ezkerrera jo eta oinez 100 metro inguru egin. Bideak ez du galerarik, nabaria delako eta, gainera, gorriz margotutako puntuz adierazia dagoelako. Diedroaren oinarriaren ezker aldean parabolt bat dago bilgunea nahi badugu osatu (ez da beharrezkoa eremu zabal eta arriskurik gabekoa delako).
L4 (30m, 8 aseguru, 6a). Erdian pitzadura bat duen hamabost metro inguruko diedroa.  Oso ongi ekipatuta A0 moduan egin daiteke apur bat estututa. Luzea gainditzeko “trukua” diedroan gehiegi ez sartzea eta ezkerreko horman dauden euste-lekuak aprobetxatzea da. Diedro gainditu eta gero, horma etzan egiten da eta zailtasuna asko jaisten da bilgunera iritsi arte.
L5ra hurbiltzeko plaka erraz eta etzan batetik hamar bat metro igo (asegururik ez) eta gero oinez 100 metro inguru egin. Aurreko zatian bezala hemen ere bidea adieraziz puntu gorriak aurkituko ditugu. Zati honetan 3c maila duten pasagune batzuk aurkituko ditugu.
L5 (40m, 11 aseguru, 5b). Krestatxo bat gainditu plakara iristeko. Lehenengo metroak bertikalak dira baina euste-leku onak daude. Gero horma etzan egiten da. Une batean konturatuko gara eskuinera pasa behar garela. Plakatik jotzen bada itsasgarritasunezko pasagune bat gainditu beharko dugu. Errazagoa da ezkerrean dagoen pitzadura baten laguntzaz metro batzuk gora egin pitzadura horizontal baten laguntzaz eskuinera pasa. Azken metroak laja batzuen laguntzaz, babaresa modura igotzen dira.




Jaitsiera: Azken bilgunetik, eskuinetik, metro batzuk gorago ikusten den lepotxora igo. Bertatik ezkerrera egin nabaria den lepotxo aldera. Azken metrotan trepadatxo bat egin behar da. Nahi izanez gero pasagunea babesteko parabolt bat dago.
Goian ezkerraldera jo eta Azor-eko bide arruntetik oinez jaitsi. Lurra bustiarekin kontuz ibiltzeko jaitsiera da. Kotxeraino guztira 35-50 min inguru.
Jaitsieraren krokis on bat hemen aurki dezakezue: http://gorobeletikmundura.blogspot.com/2011/08/bajada-egino-jaitsiera.html  
Bilgune guztiak eraztunekin osatuak daude. Beraz, edozein arazo izanez, posible izango litzateke bidea rapelatzen jaistea. Hala ere, R4tik aurrera egokiago ikusten goitik ateratzea.

Materiala: 17 zinta + bilgunetarako materiala. Friend eta fisureroak soberan daude. Agian zinta luze pare bat lehenengo bilgunerako.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa
Garaia: Urte osoa (arrokari lehortzeko denbora ematen baldin badiogu).
Iraupena: 3h15min
Ekipatzailea: Iñaki Lerma eta Txema Fdez de Landa.
Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario