Bere gertutasunagatik jende ugari ibiltzen denez arroka nahiko higatuta dago, bide errazetako hasierako luzeetan gehien bat. Hego-mendebaldera orientatuta dago eta beraz, ia egun guztian eguzkiak ematen dio.
Iristeko: Morgioura edo Luminyra hurbildu (informazio zehatzagoa ikusi).
Hurbiltzeko 1: Morgioutik itsas ertza jarraitu eta arrokan eginiko eskailera batean hasten den bidezidorra hartu (Escaliers Louis XIII). Marka gorriak jarraituz itsas ertza inguratu eta hondartza txiki baten parean gorantz egin. Berehala hiru puntu horiz markatutako bidezidorra aurkituko dugu. 6a zenbakia duen bidezidorra da. Norabidez aldatu eta ezkerrera egin behar da. Apur bat aurrerago, lepotxo bat gainditzeko, trepada txiki bat egin behar da. Arroka nahiko irristakorra dago, baina erraz pasatzen da jarrita dagoen katearen laguntzarekin. Bidea jarraitu eta horma aurrean dugunean, bidea utzi eta zuzen gorantz egin bidezidor baten arrastoak jarraituz. Bidearen oinera iristeko guztira 30 min. inguru.
Hurbiltzeko 2: Luminyn errepidea amaitzen den lekuan hasten den bide zabala hartu. Ordu laurdenera, gure eskuinean, lepo zabal bat nabarituko dugu. Col de Escampons lepoa da. Bertara joateko gure eskuinera doan GR bidezidorra hartu (marka zuri-gorriak). Lepoan gaudela marka horiak jarraitu behar dira (6a eta 7 bidezidorrak batera doazen zatia). Apur bat aurrerago bideak banandu egiten dira. Ezkerreko bidea hartu (6a zenbakia) eta horma ikusterakoan, altuera galdu gabe jarraitu. Bidearen oinera iristeko, guztira 30 min. inguru.
Bi aukera horietatik, dudarik gabe, erosoena Luminykoa da. Kotxearekin ez da zertan Marseillan sartu behar eta gainera aparkatzea errazagoa da unibertsitatean.
Paroi noire (5a, 130 m, derrigorrez 4c)
L1 (35 m, 4 aseguru, 3c): Begetazioak apur bat hartutako kanal etzan batetik hasten da bidea. Bilgunera iristen garen heinean apur bat bertikalagoa jartzen da. Aseguruak nahiko urruti. Euste-leku onak, baina nahiko higatuak.
L2 (25 m, 4 aseguru, 4c): Eskuinetik irten eta hormatxo bertikala bat igo. Berehala ezkerrera pasa eta espoloitxo batetik igo. Euste-gune onak, baina nahiko higatuak.
Aseguruak nahiko aldenduta daudenez, ekipamendua osatzeko ongi datoz fisurero edo friends batzuk.
L3 (35 m, 9 aseguru, 5a): Hasieran plaka bat eta ondoren diedro bat. Diedroa amaitu baino lehenago eskuineko plakara irten behar da.
L4 (20 m, 4 aseguru, 4b): Euste-leku oneko plaka. Arroka asko hobetzen da azken zati honetan (ez dago hain higatua eta itsasgarriagoa da) eta eskaladaz gozatzen da.
Materiala: 9 zinta + bilgunetarako materiala. Ekipamendua osatzeko eta lasaiago eskalatzeko (arroka oso higatua dagoelako gehien bat) friends eta fisurero batzuk
Arroka: Kareharri zuria, zati batzuetan oso higatua.
Orientazioa: Hego-mendebaldea
Iraupena: 1h45min.
Nortzuk irekia: Marcel Forestier eta Henri Joubard-ek, 1941.
Nortzuk berrekipatua: Philippe Chaberty eta Pierre Clarac-ek, 2000.
La Chaloupée (5c+, 120 m, derrigorrez 5c)
L1 (30 m, 7 aseguru, 5a): Plaka etzana hasieran, baina bilgunera hurbiltzen garen heinean bertikalagoa jartzen da. Nahiz eta euste-lekuren bat higatuta egon, orokorrean arroka trinkoa eta itsasgarritasun onekoa.
L2 (35 m, 8 aseguru, 5c+): Plaka bat hasieran eta beste bat ondoren. Bigarren hau bertikalagoa eta gogorragoa. Hemen dago bideko pasagune gogorra. Zati hau gainditzerakoan zailtasuna gutxitu egiten da.
L3 (25 m, 6 aseguru, 5c): Plaka bertikala pasagune bitxi batekin kanaltxo baten irteeran.
L4 (30 m, 4 aseguru, 5b): Pitzatutako plaka bat. Azken 10-15 metroak errazak dira, baina asegururik gabe. Ongi etor daiteke zintaren bat arroka-zubiren bat ipintzeko. Luze honetan arroka asko hobetzen da, itsasgarriagoa da eta gutxiago irristatzen du.
Orokorrean hitz eginez, bi bideek euste-leku onak dituzte, baina nahiko higatuta daudenez (beheko partean gehien bat) oinetan baino, eskuetan fidatuz eskalatzeko joera izaten da. Bi edo hiru luze behar dira arrokari trukua hartzeko.
Jaitsiera: Eskuinera jo eta oinez miradorea eramaten duen bidera hurbildu. Behin bidean, Col de Sugitonera joan eta bertatik Col de Escamponsera. Hemendik, beharren arabera, hiru aukera daude: Luminyra jaitsi bideari jarraituz, Morgioura zuzenean jaitsi (7 zenbakia duen bidezidorra jarraituz) edo hormaren oinera bueltatu (6a zenbakia duen bidezidorra jarraituz).
Materiala: 9 zinta + bilgunetarako materiala. Azken luzeko azken zatirako zinta luze pare bat. Friends edo fisureron bat ongi etor daiteke, baina ez dira derrigorrezkoak.
Arroka: Kareharri zuria, zati batzuetan oso higatua.
Orientazioa: Hego-mendebaldea
Iraupena: 1h45min.
Nortzuk irekia: G.Livanos, Léonce Jean eta M. Vaucher-ek, 1962.
Nork berrekipatua: B.Privat, 1987.
0 comentarios:
Publicar un comentario