© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2011/06/08

Bide hau Calenqueseko klasiko handienetako bat da. Bere profil erakargarriagatik Arête de Marseille inguruko horma guztietatik bereizten da.
Lehenengo luzea oso higatua. Lehenengo bilgunetik krestara pasatzeko oso pasagune bitxia dago. Bi hormak metro bateko distantziaz banandurik daude eta airean pausu handi bat eman behar da. Bere gauza du.


Iristeko: Luminyra hurbildu (ikus informazio zehatzagoa)
Hurbiltzeko: Luminyn errepidearen amaieran hasten den bide zabala hartu eta Col de Sugitonera hurbildu. Bertan, gure ezkerretik irteten den bide zabala hartu. Bideak ia ez du altuerarik galtzen eta pintura hori, berde eta zuri-gorriez markatuta dago. Bostehun metro inguru egin eta gero, bidea utzi eta gorantz egin behar da bidezidor bati jarraituz. Hau ere pintura hori, berde eta zuri-gorriz markatuta dago.
Zati aldapatsu bat igaro ondoren, bideak norabidez aldatu eta eskuinera egiten du. Col de la Candelle lepora  iritsi baino lehen markatutako bidea utzi eta eskuinera jotzen duen bidezidor txiki baina bistakoa den bat hartu behar da. Bidezidor honek altuera galdu gabe hormaren azpian nabari den kanalera hurbilduko gaitu. Marka beltzak aurkituko ditugu. Jarraitu horiei eta destrepe txiki bat egin. Nahiko aereoa den zati horizontal bat zeharkatu ipinita dagoen kate baten laguntzaz eta kanalean sartuko gara. Kanala destrepatu eta bere oinarrian, ezkerrera, trepada txiki bat egin eta berehala gara bidearen hasieran. Guztira 1h30min.

Arête de Marseille-ko profil berezia.

 L1 (35 m, 9 aseguru, 5c): Oso higatuta dagoen diedro bat. Ondoren plaka etzan bat. Bigarren zati honetako arroka apur bat hobeagoa da.
L2 (25 m, 4 aseguru, 5a): Bilgunetik irten eta airean pausu handi bat emanez krestara pasa. Lehenengoari lagunak lagun diezaioke eta gainera bilgunean dagoen soka bat ere erabil daiteke. Hala ere, pausua emateak badu bere gauza.
Kresta jarraitu, gehienetan bere ezker aldetik, aurkituko ditugun hormatxoak gaindituz. Bigarrenean apur bat estutu behar da.
L3 (20 m, 2 aseguru, 3c): Luze motz eta erraza.
L4 (30 m, 7 aseguru, 5a): Kresta jarraitu. Plaka trinko eta bertikala osatzen du hasieran. Gero apur bat etzan egiten da.
L5 (40 m, 4 aseguru, 4c): Aristatik jarraitu. Hasieran horma bertikal txiki bat du. Ondoren etzan egiten da eta bilgunera hurbildu ahala geroz etzanagoa egiten da.




Jaitsiera: Azken bilgunetik irten eta 5 metro inguru dituen kolore laranja duen horma bertikal bat aurkitu arte oinez jarraitu. Parabolt eta spit batekin babestutako 5c-ko pasagunea da. Spita, goian, hormaren irteeran dago, apur bat  ezkutatuta. Hormaren gainean bilgunea egiteko sikatutako spit bat aurkituko dugu. Bigarrena babesteko ongi dator. Kresta zabal eta erraz batetik jarraitu (spit 1) gailurrera iritsi arte.
Gailurretik ipar aldera mugarriak ikusiko ditugu. Horiek jarraituz gure ezkerrean rapela egiteko bilgunea (kimiko 1 eta spit 1) aurkitu arte jaitsi. Jaisten jarraitzen badugu, beste 20-30 metro egin ondoren, rapela egiteko beste  bilgune modernoago eta zabalago bat aurkituko dugu (katez elkartutako 2 kimikoz osatua).
Lehenengo raperlak 25 metro inguru ditu. Bigarrena motzagoa dirudi (baieztatu gabe).

Materiala: 9 zinta + bilgunetarako materiala. Friend eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Kareharri zuria. Lehenengo luzean oso higatua dago, baina krestan kalitate oneko arroka aurkituko dugu.
Orientazioa: Mendebaldea
Iraupena: 2h
Jean Laurent, Henri eta Maurice Paillon eta Eric Wyss-ek irekitako bidea, 1927.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario