© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2011/06/13

Quiquillon-eko sektoreak maila eskuragarria duten hainbat bide luze eskaintzen ditu, arroka on eta ekipamendu ezin hobeagoarekin. Bide gehienetan jende asko ibiltzen da eta, itxaroten egon nahi ez bada, goiz ibili behar da.
Brazil bidea hormako errazena da eta beraz, jendetsuena da. Oso bide polita da, maila aldetik nahiko mantendua da eta estratoz aberatsa den kareharri gris ona du. Ekipamendu trinkoa eta ugaria da. Luze gehienak nahiko motzak dira.
Lehenengo hiru eta azken hiru luzeak bertikalak dira. Erdiko bi luzeak, aldiz, nahiko etzanak.

Iristeko: Orpierrera hurbildu (ikus informazio zehatzagoa)
Hurbiltzeko: Adrech-eko aparkalekutik Adrech-eko hormara igotzen den bidea hartu. Metro batzuk aurrerago, ezkerrera jotzen duen bidezidorra hartu. Bide honek, igoera eta jaitsiera txiki batzuekin, hormara hurbilduko gaitu (20 minutu inguru).

L1 (20 m, 11 aseguru, 5a): Plaka bertikala regleta moduko euste-lekuekin.
L2 (25 m, 9 aseguru, 5b): Aurrekoaren antzekoa, baina luzearen erdi aldera pasagune fin batekin.
L3 (25 m, 12 aseguru, 5a): Euste-leku oneko plaka bertikala hasieran. Gero bidea etzan egiten da eta eskuin aldera jotzen du.
L4 (30 m, 11 aseguru, 5a): Ia horizontalean metro batzuk eskuinera igo diedro etzan baten oinarrira iritsi arte (aukeran beste bilgune bat dago hemen). Diedroa gainditu eta eskuinera jotzen duen plaka batetik jarraitu.
L5 (20 m, 11 aseguru, 5a): Eskuin aldera, diagonalean, igo beharreko plaka. Bilgunea estratoz beteriko plaka bertikal baten oinarrian.
L6 (25 m, 11 aseguru, 5a): Estratoz beteriko horma bertikala, euste-leku onekin.
L7 (30 m, 14 aseguru, 5c+): Plaka motz bat hasieran. Ondoren ezker aldera jo plaka gris lau batera iristeko. Hemen dago bideko pasagune fina.
L8 (15 m, 7 aseguru 5a edo 4 aseguru 6a/A0): Bi aukera daude. Lehena zuzen jotzea da eta kanpo aldera botatzen duen sabaitxoa gainditzea da.
Bigarrena, ezkerrera zeharkaldi horizontal motz bat egin eta ondoren, zuzen, gora bilgunera igotzea da. Bigarren aukera  hau spitekin babestua dago.

Material nahikoarekin edo aseguru batzuk saltatuz L1-L2 eta L4-L5 luzeak batera egin daitezke.



Jaitsiera: Kresta eskuin aldera (eki aldera) jarraitu. Kate batez babestutako zati horizontal bat zeharkatu. Ondoren, zati lau bat zeharkatu eta horma erraz bat igo. Kresta utzi eta bere ezkerretik jarraitu. Destrepe txiki bat egin eta bidezidorrera jaitsi. Ongi markatutako bidezidor honek lepo batera igotzen gaitu (10 min.). Beste aldera pasa eta bidezidorrari jarraituz bidea jaitsi. Ascle-eko hormaren albotik pasatuko gara. Jaisten jarraitu Adrech-eko hormara iritsi arte. Bere oinarria inguratzen duen bidezidorrari jarraitu eta berehala gara, modu eroso eta azkar batean, Adrech-eko aparkalekura jaitsiko gaituen bidean.

Materiala: 14 zinta + bilgunetarako materiala. Friend eta fisureroak soberan daude.
Arroka: Kalitate oneko kareharri grisa.
Orientazioa: Hego-eki aldea
Iraupena: 3h30min.
Nork irekia: Pierre-Yves, 2001.

Categories: , ,


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario