Iristeko: Bi aukera daude.
Lehena Murillo eta Agüero herriak elkartzen dituen errepidea hartzea da. Bigarren kilometroan, eskuinera, pista bat jaiotzen da. Lurrezko pista hau turismoentzat egokia da. Pista jarraitu bidegurutze batetaraino iritsi arte (1,4 Km). Eskuineko adarra hartu eta beste 1,3 km-tan jarraitu bira batean pistak erreka lehor bat zeharkatzen duen arte. Apur bat aurrerago zabalgune bat dago eta bertan kotxea utz daiteke.
Bigarren aukera Murilloko hirigunera doan errepidea hartzea da. Apur bat aurrerago, errepideak ezkerrera bira egiten duenean, eskuineko auzo-errepidea hartu. Asfaltoa amaitzen denean, gure eskuinean, harritxintxarreko pista bat jaiotzen da. Horri jarraitu. Ur-putzu biren albotik pasatuko gara. Bigarrenean pista lurrezkoa bihurtzen da. Bertan (BERRIA! IRA 2020) baimendutako ibilgailuak soilik pasa daitezkeela adierazten duen kartela aurkituko dugu. Ezkerrera egin eta bigarren putzuaren ezkerrean dagoen aparkalekuan utzi behar da kotxea.
Bigarren aukera hau lehenengoa baino aldapatsuagoa da. Agian jaisteko igotzeko baina egokiagoa da.
Hurbiltzeko: 1) Kotxea uzten den lekuaren beste aldean jaiotzen den abandonatutako pista hartu eta apur bat igo ondoren mugarriekin adierazitako bidezidor bat aurkituko dugu. Horri jarraitu eta gutxi gorabehera 30 minututan bidearen oinean gara.
2) Oinez pistatik 400-450 m inguru igo (7-8 min inguru) gure eskuinean bidezidor nabari bat aurkitu arte. Bide hori hartu eta berehala (3 min) gara 1 aukeratik datorren bidearen bidegurutzean.
L1 (30 m, 9 aseguru, 4a): Ezker aldera igotzen den plaka etzana.
L2 (25 m, 6 aseguru, 3c): Aurrekoaren antzekoa.
L3 (30 m, 15 aseguru, 5b): Bideko luze bertikal bakarra. Zati hau oso ongi aseguratua dago parabolt eta arroka-zubiekin. Lehenengo sei aseguruak oso gertu daude. Luzea A0-n egiteko aukera egon daiteke.
L4 (25 m, 4 aseguru, II): Bilgune erosoago batetara iristeko trantsiziozko luzea.
L5 (25 m, 4 aseguru, 4a): Bilgunetik irten eta pasagunetxo bat. Gero etzan egiten da eta zailtasuna asko jaisten da.
L6 (25 m, 2 aseguru, II): Trantsiziozko luzea. Azken 15 metroak asegururik gabe.
L7 (25 m, 6 aseguru, 4a): Bilgunera iritsi baino lehen pasagunetxo bat duen plaka etzana.
L8 (30 m, 5 aseguru, 3c): Arroka trinkoz osatutako plaka etzana, baina erlaitzetan harritxintxar solte nahikorekin
L9 (25 m, 3 aseguru, II): Trantsiziozko luzea. Harritxintxar soltea.
Gailurrera igo eta, oinez, lepora jaitsi.
L10 (25 m, 4 aseguru, 3c): Arroka trinkoz osatutako plaka etzana.
Material nahikorekin eta 60 metroko sokekin L1-L2, L4-L5 eta L6-L7 luzeak elkar daitezke. L8-L9 luzeak ez elkartzea aholkatzen dugu, sokaren mugimenduarekin, behekoari harritxintxar asko botatzeko aukera handiak daudelako.
Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. Bilgune gehienak eraztun bat dute, baina R5 izan ezik beste guztietan paraboltak ez daude kate bidez elkartuta. Beraz, rapelaren bat sendotu nahi izanez gero mailoiak eraman beharko ditugu.
Lepotik jaiotzen den kanaletik oinez jaitsi R8raino (mailoi handi bat duen kable potolo batekin eraikitako arroka-zubi handi bat). Hemendik, 60 metroko bi sokekin, R6ra jaitsi (R7-ak ez du eraztunik). R6tik (soka zati batekin elkartutako bi parabolt eta eraztun bat) R5era jaitsi. Hemendik R3ra (elkartu gabeko 2 parabolt eraztun batekin). Bilgune honen alboan zinta bat eta mailoi bat duen ipurutxo bat dago. Ipuruarekin rapela sendotzen da. R3tik R2 edo R1eraino jaitsi daiteke eta, bi horietako edozeinetik, lurreraino.
Materiala: 15 zinta + bilgunerako materiala. Friendak eta fisureroak soberan daude. Arroka: Konglomeratu nahiko trinkoa, baina goiko luzeetan nahiko harritxitxar askearekin.
Orientazioa: Hegoa
Iraupena: 3h30min.
J. Benede eta L. Royo, 2005
0 comentarios:
Publicar un comentario