© X. Larretxea. Con la tecnología de Blogger.

2011/08/06

Bide motza baina intentsua. La Matureko arroka eta graduazioa ezagutzeko modu on bat. Lehenengo luzea ongi ekipatua, baina hortik aurrera aseguruak urrun daude. Plakak teknikoak dira eta aseguruak urrun egoteak zailtasun apur bat gehiago ipintzen die. Laugarren luzea ia garbia dago (parabolt bakarra luze osoan) eta bosgarrenean, nahiz eta 4 parabolt egon, friendekin autobabestea derrigorrezkoa da zati batzuetan aseguruak asko urrunduta baitute.

Iristeko: Candanchutik muga pasa eta Urdoseko herriraino jarraitu. Herria gurutzatu eta errepidetik jarraitu. Berehala arroila batean sartuko gara. Gure eskuinean horma ikus daiteke. Gutxi gorabehera errepidetik kilometro bat gehiago jarraitu eta Etsaut adierazten duen bidegurutze batetara iritsiko gara. Eskuinera hartu eta zubitik ibaiaren  beste aldera pasa. Zubia gurutzatu eta berehala, eskuinean asfaltatuta dagoen auzo-bide bat hartu. Bideari jarraitu eta 800 metro aurrerago hainbat kotxentzat lekua duen kurba itxi bat aurkituko dugu. Kotxea  hemen utzi.
 Hurbiltzeko: Kotxea uzten den lekutik, GRa jarraitu eta 15 minututan horman eginiko bidearen hasieran aurkituko gara. Bira handi baten ondoren, bilgunetxo batean, Asterix bidea aurkituko dugu (bidearen oinarrian izena margotuta).  Bidea aurkitzeko GRa jarraitu behar da beste 10 minutu luzetan. Gure bidea  “Passagers du vent” bidea baino 30 metro gorago dago.

L1 (20 m, 6 aseguru, 5c+): Sarrera “J´aurais pas dulfer” bidetik. Bide originaletik eginez 6c mailakoa da. Bere izenak dion bezala, eskuinetik ezkerrera igotzen den 20 metroko babaresa atletiko bat da. Euste-leku onak ditu eskuentzat (hori bai, nahiko deserosoa pitzadura nahiko behean geratzen baita), baina oinentzat gutxi. Bilgunea lizarrean egin. Eskuineko ezpelaren batekin sendotu daiteke.
L2 (25 m, 4 aseguru, 5c+): Ur-tanta oso txikiz osatutako plaka leuna. Pasagune fin bat du hasieran, baina larritasun apur batekin A0n egin daiteke. Gero, ezkerrera eta eskuinera mugituz, pasaguneak hobeto gaindi daitezke. Azken 10 metroak asegururik gabe, lurrez jantzitako eta harri txintxarrak dituen zati batetik zehar (ezpelaren bat erabil daiteke aseguru gehigarriren bat ipintzeko). Lehenengo eta bigarren luzeak elkartzeko aukera dago, baina hori egiterakoan sokak marruskadura handia du.  Erlaitz batean bilgune erosoa kate eta eraztunekin eraikia rapelatzeko prestatua.
L3 (30 m, 6 aseguru, 6a+): Ur-tanta oso txikiz osatutako plaka etzana, baina pasagune guztiak finak eta itsasgarritasunezkoak dira. Lehenengo hiru aseguruak nahiko gertu daude, baino gero nahiko urruti geratzen dira. Hori gutxi ez balitz, aseguru bati txapa falta zaio eta zati horretan aseguruen urrutiratzea bikoitza da. Azken metroetan gure ezkerrean geratzen den fisura erabil dezakegu tarteko friend bat jarriz urrutiratzea gutxitzeko, baina fisura ez dago eskura eta oso deserosoa da ipintze hori. Bilgune deserosoa kate eta eraztunekin eraikia rapelatzeko prestatua.
L4 (25 m, 1 aseguru, 4c): Erresalteak, plaka bat eta sabai bat. Luzeko aseguru bakarra sabaiaren gainean dago. Sabaiko pasagunea da luzeko gogorrena. Luzean zehar fisura eta pitzadurak aurkituko ditugu friendak ipintzeko. Luzearen erdian plaka bat dago fisura batekin ezkerrean. Hobe da plakatik igotzea diedro-babaresatik baino. Bilgune erosoa kate eta eraztunekin eraikia rapelatzeko prestatua.
L5 (25 m, 4 aseguru, 5c): Ezkerrean diedro fisuradun bat duen plaka. Fisura horretan friendaren bat ipini daiteke, baina ipintze hori ez da erraza pitzadura ez baitago eskura. Lehenengo asegurua urruti, 7 metro ingurura, eta bertara iristeko ez dago hain erraz. Beraz derrigorrezkoa da ezkerreko fisuran friend batekin autobabestea. Bilgune deserosoa kate eta eraztunekin eraikia rapelatzeko prestatua.


Jaitsiera: Bidetik rapelatzen. Soka landaretzan ez korapilatzeko, R5etik R4ra jaitsi eta hemendik R3ra. Azken honetatik R2ra jaitsi eta, 60 metroko sokekin, hortik erraz lurrera iristen da.
Materiala: 11 zinta + bilgunerako materiala. Friend joko bat, fisurero joko bat eta zinta luzeak.
Arroka: Kareharria
Orientazioa: Hegoa.
Iraupena: 2h30min.
Nork irekia: Xavier Giraudet eta Rémi Labouri, 2007.


Komentariorik egin nahi baduzu,hau da lekua.

0 comentarios:

Publicar un comentario